NAIZ irratia

2022an ere gozatuko dugu 'Beste Bat' saioekin

2022 honetan ere, NAIZ Irratian aukera izango dugu euskal musikarien kantu kuttunak zeintzuk diren jakiteko. Urtarrileko saioetan parte hartuko dute John Dealer & the Coconuts eta Sueder taldeek, Eñaut Zubizarretak eta Ihana Iriondok.

Ihana Iriondo, Sueder, Eñaut Zubizarreta eta ohn Dealer & the Coconuts.
Ihana Iriondo, Sueder, Eñaut Zubizarreta eta ohn Dealer & the Coconuts. (NAIZ Irratia)

Urte berriarekin badatoz 'Beste Bat' saioen labekada berria. Urtarrilan, John Dealer & the Coconuts, Sueder, Eñaut Zubizarreta eta Ihana Iriondo arituko dira saioak egiten, astelehenetik ostegunera, ohiko ordutegian. Arratsaldeko hiruretatik aurrera.

Legazpin osatutako laukotea da John Dealer & The Coconuts taldea, eta beraiek egingo dute astelehenetako 'Beste Bat'. 'Red light stories' da beraien azken diskoa eta bertan rockaren esentzia guztia biltzen dute.  Haien estetikarekin bat egiten duen soinua da hammondarena, izan ere 60-70 hamarkadako instrumentua da eta beren jantziteriak ere halakoak dira. Dena dela, NAIZ irratiko ’Musikharia’ saioan esan digutenez, «elegante» janzten badira ere «basatiak» direla erakusten dute zuzenekoetan.

Sueder talde gernikarrarenak izango dira astearteak. ’Drama Barik’ (autoekoizpena) da beraien azken lana, zortzi urteko ibilbidean ateratzen duen bigarren lana du hau.  2015ean atera zuten 'Bazan ordue' gernikarrek, hainbat kolaborazio esanguratsurekin: besteak beste, Doctor Deseoko Francis Diez edo Gatibuko Haimar Arejita gitarjolea. Pare bat urteko oparoaldiari hiru urteko geldialdiak jarraitu zion, harik eta 2019an bigarren disko bat egiteko batu ziren arte. Laukotea hirukote bihurtu zen, eta beraz, Xabi Larrainzar, Unai Aldekozea eta Ander Uribarriren artean ondu dute lan hau.

Eñaut Zubizarreta AKA Trigger-ek gidatuko ditu asteazkenetako 'Beste Bat' saioak. ’Poliedro Vol.1’ proiektua da bere azken lana. Biolontxeloarekin musika klasikoaz gainera egungo estiloak ere interpretatu daitezkeela erakusten du bertan. Musikarientzako eta publiko orokorrarentzako disko batek eta liburu batek osatzen dute lana. NAIZ irratian horrela azaldu zuen bere azken lana eta lan egiteko filosofia. Lehendabiziko saioan ’Poliedro Vol 1’ egiteko inspiragarri izan zituen kantu eta sortzaileei egingo die lekua. Bigarrenean, munduko biolontxelista berriak izango ditu hizpide, hirugarrenean XX. mendeko musika klasikoari buruzkoa izango da eta laugarrena eta azkena, gaur egungo munduko musika ezberdinei egingo die lekua.

Ihana Iriondo musikariak egingo ditu ostegunetako 'Beste Bat' saioak. Musika bere bizitzaren ardatza izan da txikitatik, baina berriki hasi da kontzertuak ematen. Pianoa eta gitarra ditu egun bidelagun eta baita koadernoa ere. Txikitatik idatzi izan du asko, eta idatzitakoak abesti bihurtzeko trebezia txikitatik datorkiola esan dio Iriondok Naiz Irratiari. Egun, musika ekoizpena ikasten ari da eta kontzertuak ematen hasi zen 2021ean. Lehendabiziko saioan bizitzan zehar inspiragarri izan zaizkion emakumeei egingo die tokia.