DONOSTIA
Elkarrizketa
Izaro Andres
Musikaria

«Nola erabili pribilegioak? Nire ahotsak balioko badu esan ezin duenari laguntzeko, egingo dut»

‘Limones en invierno’ (2020) aurreko lanari pandemiak hegalak moztuta, indarberrituta ‘Limones de oro’ diskoarekin itzuliko da Izaro. Kontzertu biran ate handitik sartuta hasiko da, maiatzaren 7an Donostiako Belodromoa betez. Sarrerak ia agortuta daude.

Izarok maiatzaren 7an irekiko du, Donostiako Belodromoan, disko berriari lotutako bira.
Izarok maiatzaren 7an irekiko du, Donostiako Belodromoan, disko berriari lotutako bira. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Asteazken arrunt bat da eta Donostiako Belodromoa egunerokotasunean murgilduta dago. Entrenamenduak eta txirrindak bueltaka. Kontzertu jendetsuetan eskaintzen duen itxurarengadik oso urrun dago. Egunaren argiak espazioaren handitasuna biluzik uzten du, eta zinez handia dela konturatzen zara orduan, asteazken arrunt honetan. Datorren maiatzaren 7an Izarok bete egingo du, ‘Limones de oro’ lan berriaren bira hortxe abiatuko baitu. «Kontzertu berezia» izango dela iragarri du. Arrazoi askorengatik. Belodromoa betetzen duen lehenengo emakume bakarlaria izango da.

Izaroren eskutik horrek uzten dituen hausnarketen haritik tira egingo dugu, apirilaren 29an kaleratuko duen diskora heldu arte. Kristalezko teilatuak, feminismoa, eta inspiragarriak zaizkion emakume musikariak.

Emakume bakarlari euskaldunik lehenago ez da egon espazio hau betetzen. Nola sentitzen zara datu horren aurrean?

Arraroa da. Bada datu bat gazi gozoa dena, ez dakizu albiste ona edo txarra den. Eta arraroa da baita ere zu izatea pertsona hori gertakizuna hezurmamituko duena. Bazen ordua, lehen lehenik, 2022. urtean gaude! Gustora beteko dugu paper hori, baina beteta balego ere, ona litzateke. Egia da gauza pila batek eragiten duela hori ez gertatu izana, baina behintzat ni geldituko naiz tapa hori zabalduta gelditu denaren ideiarekin, eta behin zabalduta, errepikatuko delakoan behin eta berriro.

Uste duzu ‘lehen aldi’ asko dagoela oraindik egiteko?

Bai, pila bat. Eta nik uste dut batzuetan konturatzen ez zarenak. Zehozer egiten duzula modu natural batean norbaitek esaten dizun arte lehenengoa zarela. Eta diozu: «eh, zelan?». Eta horrek harrituko gaitu oraindik luzaroan, zenbat “lehen aldi” dauden, oraindik ikusezinak direnak.

Kursaala ere bete duzu sei aldiz… jarraian. Kristalezko teilatuak apurtzera etorri zara, mugarri bat jartzera?

Ez dut inoiz horrela bisualizatu, baina orain ikusten dut kristalezko teilatu bat apurtzeko, egon behar zarela teilatuaren altueran. Hala ere, teilatuaren altuerara heltzeko nik beti bisualizatzen dut triangelu hori: azpian zenbat pertsona dauden, beti anonimoak izango direnak eta derrepentean ni nago hor, kristalezko teilatua ikutzen. Agian nik apurtuko dut, baina apurtuko dugu piramide guztiak, publiko guztiak baita ere. Hau badelako auzi komunitario bat. Kristalezko teilatuak baino ikusten ditut kutxak, lau horma.

Musikaren industria gizonek zuzendua izan da. Zer gertatzen da lidergotza emakume batek duenean?

Gauzak pila bat aldatzen ari dira, arlo askotan. Asko nabari da baita ere gaur egun beste  maskulinitate batzuk daudela gauzak antolatzen, eta horrelako maskulinitateekin topatzen zarenean, asko nabari da aldaketa. Gertatu zitzaigun udaran giran Mallorkara joan ginela, eta emakumeez antolatuta zegoela kontzertua. Alde handia egon zen antolakuntzan, giroan. Afalostean, etxerako bidean, lankide mutil batek esan zidan “Ze gustora egon garen gaur, ezta?" "Ez da kasulitatea, ez da”, esan nion. Da giro bat non denok sentitu ginen oso eroso. Eta Izarotik ere egiten dugu lan horretan, gu zaintzaren iraultza egiten saiatzen gara, xamurtasunaren iraultza. Hortik dator aldaketa. Lidergoa hartu behar da, baina gainera beste leku batetik lideratu behar da.

Paternalismorik jasan behar izan duzu?

Bai. Ez beti eta ez leku guztietan, eta ez da kriston paternalismoa, baina zenbaitetan jendeari beste zeozer pizten zaio zu tratatzeko unean, moduan.

Neska bat sartzen bada gizonezko talde batean, ez edozein lekutan, konbertsazioa moztu egiten da. Eta horrek esan nahi du ohituta daudela egotera bakarrik eurak denbora guztian. Egia da behintzat presentzia horrek, presente egote hutsak, baduela eragin bat kanporaka. Egin behar dena da presentzia hori indartu eta babestu. Nire ustez ohitura ere hor dago. Normalean mutil bati arraroa egiten zaio nesken artean bera izatea mutil bakarra, baina ez alderantziz. Jendea ohituta dago neska gutxi ikustera inguruetan, ogibidaren arabera ere.  Adibidez, musikan teknikoen aldetik. Baina hor gabiltza. Jendea badabil lan bat egiten, eta nik uste joera matxistak eta bizi estilo matxistak azaleratzen dabiltzala, haiek bakarrik gelditzen dira ebidentzian, eta hori bada lan bat beste aldeari, gureari, kentzen zaiguna. Ebidentzian haiek bakarrik gelditzen dira ahoa zabaltzen duten momentuan.

Maradonaren heriotzaren biharamunean Gaztea Sarietan irmo agertu zinen. Izaro pertsonak dituen iritziak ez dituzu Izaro musikariarengandik banandu.

Ez, eta gainera ez dut zertan. Egia da nire proiektuko lidergoa izanda nire hitzak pribilejio batetik doazela, eta orduan niretzat errazagoa dela horrelako jarrera bat eteta. Zailagoa da beste neska batek eten ahal izatea hori, horregatik sortu behar ditugu sareak. Nola erabili pribilegioak alde onera joateko? Izan ahal badut bolumen bat, eta nire hitzak balioko badu esan ezin duen horri fabore bat egiteko, esango dut. Eta nik esan ezin dudan momentu batean beste batek esango du nire partez.

Egun hartan esan zenuen Twitterren dezepzio asko jaso zenituela. Gertukoengandik?

Ez nire hurbileko jendearengandik gehiegi, baina egia da danok garela super ausartak eta ez toleranteak matxismoa edo arrazakeriarekiko, gure laguna den arte. Baina norbait hori gure laguna, bikotea, anaia, aita bada… hor seinalatzea zailagoa da. Niretzat hor dago benetako lana. Maite duzuna seinalatzean, zeren ez doaz banatuta, eta hori da guretzat handicap handiena.

Musika izan daiteke tresna? Aktibista, politikoa?

Bai, bai, guztiz. Niretzako emozioetara zuzentzen delako eta pizten dituelako emozio asko, eta garunean pizten dituelako espazio asko agian itzalita daudenak, eta horiek irekita aukera gehiago daudelako bertako aldaketak sortzeko.

Martxoaren 8a dator. Nola bizi duzu egun hau?

Gazigozoa da. Gozoa badagoelako komunitate bat eta indarra hartzen doalako, eta sentitzen duzulako komunitate hori baduzula, baina gero ospakizun egun bezala hartzen denean… ez dakit hainbesteko ospakizuna den. Samin pila bat dago horren azpian, sufrimendua, egunerokoa oso fuertea da, beste gaitz bat balitz egongo litzateke erradikatua, baina emakumeen kontrako biolentzian onartzen ditugu gauzak beste arlo batzuetan inondik inora ez genituzkeenak onartuko.

Ezagutzera emateko zure burua maskulinizatu zenuela zure ingurua feminizatu beharrean, irakurri dizut.

Egia da nik ikasi nuela lidergoan egoteko maskulinoagoa izaten ni nintzena baino, lidergoa horrelakoa zen. Nik lider bat izan nahi banu, hartu beharko nituzteela ezaugarri horiek. Gerora, nire lana izan da: "ez, hartu lidergoa, baina eraiki beste leku batetik, eta ingurua feminizatu, eta ingurua ere eraldatu". Hori da orain egiten ari garen lanketa bat eta batzuetan kosta egiten zaidana, zeren inertziaz gauza batzuk oraindik egiten dira, esaten dira. Lanketa konstante bat da, nola nahi dudan eraiki, nola nahi dudan jendearekin harremandu, bai Izaro barruan zein kanpoan. Eta uste du ari garela lortzen zerbait oso ederra, oso aberatsa barrutik.

Betaurrekoak aldatu behar ditugu?

‘Betaurreko moreak’ jantzi esaten denean… pentsatu ohi dut betaurrekoak direla matxistak. Berez kenduko bagenitu begiak moreak direla, benetan pentsatu nahi dut gure begiak moreak direla, gure begiak direla feministak. Niretzat hori da duintasuna, ez gara jaiotzen horrelakoak. Hain dugu barneratua matxismoa, pentsatzen dugula hori dela mundua begiratzeko gure modu orijinala. Eta ez da egia.

Lan berrian kolaborazio asko dituzu, oso emakume indarstuak eta karismatikoak. Cris Lizarraga (Belako), Zahara, Amaral, Rozalen…

Diskorako banituen mikroklima txikiak pentsatuta. ‘Libre’ atera genuenean lehenengo aldiz Crisekin ateratzea zen nire asmoa, baina une haietan Belako nazioarteko giran zegoen eta ez zen posible izan. Ezagutu ginenetik erreferentzia polit bat izan da niretzat bai musikan, bai feminismoan. Bere aktibismoa oso indartsua da, eta bada interesgarria, gauza asko ikusten ditut berari esker.

Zahara ere oso garrantzitsua da niretzat [berekin abestuko du ‘Delirios’], eta inoiz ez nuen uste ezagutuko nuenik. Niretzat da neska bat ausarta, baina gehien baloratzen dudana da, eta hori ikasi dut beregandik, begiratzen duen lekuan ikusten duela, jende askok begiratu bakarrik egiten duenean. Musika hortik eraikitzen dut, jendea eta gauzak ikustetik. Zahara lanketa profesional zein pertsonal handi batetik dator, eta benetan egon da musika industria askoz txarrago batean nirea baino. Eta  bai Rozalen, Amaral… halakoei esker nik askoz errezago daukat orain.

Askotan aipatu dugu biluztasunaren adibidea, oholtza gainean gerritik gora biluzik jarri ahal izatearena. Mutilak ahal dira biluztu, eta neska bat biluzten bada gerritik gora, kontzertua kasik bertan behera geldituko da. Eta sarean egiten bada, ilegala da. Ilegala! Gauza horiek ere  ikustarazi egiten ditugu lankideen artean. Kamiseta kentzearena, pribilejio bat dela, eta pribilejioak identifikatu, eta erabaki: denak kendu ahal arte ez dugu inork kenduko.

‘Limones de oro’ diskoari esker Daymé Arocena kubatarra deskubrituko dute askok.

‘La rumba me llamo yo’ kantuarekin ezagutu nuen Daymé, aspaldi. Eta idatzi nion, pentsatuz ez zidala erantzungo. ‘La felicidad’ kantuari buelta bat eman nahi nion, zeren batzuetan aprezio handia diot, eta beste batzuetan ez. Ez nago erabat eroso, badu zehozer. Eta Izaroren abestirik entzunena da (barreak). Runba kubatarra batekin konponketa egin eta orain beste abesti bat dirudi, izugarria da. Adiskidetu naiz kantuarekin, banekien zeintzuk ziren bere aukerak, zer izan zitekeen, eta ez nintzen guztiz gai izan iristeko. Orain bai sentitzen dut gertuago dagoela nik barruen nuen hortatik.

‘Limones de oro’ lanak 16 abesti ditu. Bertsioak, bi kantu berri (‘Ventanas cerradas’ eta ‘Un poquito más’) eta egokitzapen bat. Zergatik existitzen ziren abestiak berriro plazaratu?

Ibilbidea beti da nahiko gatazkatsua. Adibidez denboraldi baten ‘Om’ (2016) diskoa ezin nuenentzun ere ahotsa hain diferente igertzen nuelako! Gerora bai sentitu naiz eskertua hori egitera ausartu zen Izarori, zeren gaur egun ez nintzateke ausartuko. Egin dudan guztia ez nuke egingo. Izan da niretzat esker on bat nire Izaro guztiei, zeren horiei denei esker gaur Belodromoan gaude. Nahi nituen kantu horiek hartu, grabatu miresten dudan jendearekin, eta egin limoiondo bat urrezko limoiekin.

Pandemian gira osoa galdu genuen, eta beste gauza asko. Eta une batean pentsatu nuen, ilunenean, errealista izanda: «hemen eta orain bukatu bada nire ibilbidea? Posible da». Une hartan posible zen. Eta hemen bukatu bada eta egin nahi nuen dana gerorako lagatzen badot? Kolaborazio diskoa niretzat zen norbaitek 30 urtera egiten duena. Baina ez baditut beste 30 urte dana dalakoagatik? «Zer daukazu?», galdegin nuen. Publiko bat emana. «Ba goazen egitera opari bat». Daukazu lan talde bat ere emana, berdin dula zer gertatzen den. Lan taldea izan da gure iparrorratza. Goazen egitera opari bilduma bat. Eta goazen ospatzera baduguna. Eta hori izan da lan berriaren kontzeptua, eta Belodromoan egitea.

Zergatik iragarri duzue Belodromokoa ‘kontzertu berezia’ bezela?

Arrazoi askorengatik, espazioa beragatik lehenik eta behin. Baliabideak izango ditugu beste inon ez ditugunak, eta egingo ditugu gauza batzuk beste emanaldietan ezin direnak egin baliabide horiengatik. Eta izango da berezia niretzat nire buruari oparia egingo diodalako pop izar bat izatearena eta hortaz gozatzearena. Gonbidatu pila bat egongo dira diskoan parte hartu dutenak, giran zehar ez baita posible izango agendak ezkontzea, eta maiatzean ahal duten guztiak etorriko dira. Birak jarraituko du eta oso ondo egongo da, baina gauza batzuk Belodromoan soilik gertatuko dira…

Publikoa zain duzu. Izango da berraste moduko bat? Pandemia aurreko diskoa atera berritan iritsi zen…

Lehen askoz gehiago kezkatzen ninduen kontzertua nola joango zen, ahotsa ondo izatea… Baina ezin zenean jo, bapatean aldatu ziren lehentasunak, eta nahiago nuen jo ahotsa gaizki izanda ere. Zentzu horretan lasaitu naiz, eta bereziki emakumeei dagokigunarekiko, dela perfekto izatea, are gehiago publikoa badago aurrean. Lasaitu naiz, eta nire kontzeptua gehiago da joan eta partekatu. Jendeak hori nahi du jaso, eta hori nahi duzu eman.