Lander Unzueta

Mario Kart 8 Deluxe euskaratu du Game Erauntsiak

Euskarazko jokorik onenaren ETIV-UVIGO Saria lortu du Space Revenge abenturak. Keplerians eta Moonatic Studios euskal garatzaileen hurrengo lanei buruz ere aritu gara.

Audio_placeholder

Mario Kart 8 Deluxe euskaratu du Game Erauntsiak

Loading player...

Aurreko irratsaioan gurekin izan genuen Moonatic Studios talde nafarreko Eneko Zubiaurre garatzailea. One Last Breath obra berezian lan egiten dabiltza, baina aldaketa esanguratsuak bizi izan dituzte egunotan. PlayStation Talents egitasmotik bereizi egin dira hartutako obligazioen betetzean desadostasunak sortu direla aldarrikatuta; hala ere, dagoeneko bidelagun berriak dituzte. Nexxyo Labs iruindarrarekin eta Catness Games espainiarrarekin bat egin dute. Ez hori bakarrik, trailer berria argitaratu dute, euskaraz kaleratuko den bideojokoak sekulako itxura daukala erakutsita.

Albisteekin jarraituz, era guztietako berri garrantzitsuak jaso ditugu azken asteotan. Bethesda estudioaren —eta hortaz, Xbox-en— hurrengo bi joko garrantzitsuenak berandutu egin dira: Starfield zein Redfall 2023ra atzeratu dituzte. Datorren urtea izango da, gainera, Electronic Arts-en FIFA bat ikusiko dugun azkena; egia esan, futbol erakundearen eta bideojokoen garatzailearen 30 urteko ibilbidea bukatu egingo da. EAkoek ez dute denborarik galdu, eta dagoeneko aurkeztu dute futbol jokoen frankizia berria: EA Sports FC.

Irungo Keplerians estudioak gailu mugikorretako Evil Nun beldurrezko frankizia benetan ezaguna ordenagailuetara eramango duela jakitera eman du. Game Erauntsiak ondo ezagutzen duen Carlos Coronado garatzaile katalanarekin elkarlanean dabiltza The Broken Mask remakea sortzeko.
Embracer Group taldearen eta Square Enix garatzaile japoniarraren arteko erosketak, Nintendo eta PlayStation enpresen azken urte fiskaleko salmenta datuak eta Steam Deck eskuko PC-aren eguneraketek gaineratutako ezaugarriak eta berritasunak ere izan ditugu hizpide.

Bukatzeko, ohi bezala analisientzako tartea ere izan dugu. Oraingo honetan denbora luzez zain ibili garen bideojoko benetan berezi bati buruz hitz egin dugu: Nintendo Switchean kaleratu berri den 13 Sentinels: Aegis Rim japoniarrak maiteminduta utzi gaitu, eta bere proposamen bitxiaren inguruan aritu gara.

 

Hemen ikusi dezakezue Game Erauntsiaren saio osoa.