NAIZ

Maia Garcia-Vergniory ikerlaria APS Fellow izendatu du Amerikako Fisika Elkarteak

Maia Garcia-Vergniory Donostia International Physics Centerreko ikertzailea da, eta material topologiko berriak identifikatzeko ekarpenak egin ostean jaso du elkarte prestigiotsuaren izendapena.

Maia Garcia-Vergniory ikertzailea.
Maia Garcia-Vergniory ikertzailea. (Ana RUZI)

Amerikako Fisika Elkarteak (American Physical Society, APS) Maia Garcia-Vergniory, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) ikertzailea APS Fellow izendatu berri du, material topologiko berriak identifikatzeko ekarpen aitzindariak egin dituelako, Kimika Kuantiko Topologikoa (Topological Quantum Chemistry) izeneko teoria berriaren bidez.

Material topologikoek fisika kuantikoaren bigarren iraultza suposatzen dute, orain arteko materiaren sailkapena hausten baitute, eta propietate antagonikoak erakusten baitituzte haren barrualdean eta azalean. Hala, material horiek isolatzaileak dira barruan, baina korronte elektrikoa eroaten dute ertzetan, ia disipaziorik gabe eta eroankortasun konstantearekin. Portaera liluragarri horiei esker, haien ahalmen teknologikoa izugarria da; besteak beste, konputagailu kuantiko unibertsalak eraikitzeko plataforma idealak dira.

«American Physical Society Fellow gisa hautatua izatea eta Donostian lan egin duten Pedro Miguel Etxenike, Emilio Artacho, Daniel Sánchez-Portal edota Ángel Rubio bezalako ikertzaileen aukerako zerrenda horren parte izatea ohore handia da niretzat», azaldu du Maia Garcia-Vergnioryk. «Pribilegioa da APS Fellow osatzen duten zientzialari handien artean egotea», erantsi du.

APS Fellowship programa ikerketaren eta argitalpenen bidez fisikan aurrerapenak egin dituzten edo fisika zientzian eta teknologian aplikatzeko ekarpen berritzaile garrantzitsuak egin dituzten kideak aitortzeko sortu zen. Halaber, fisikaren irakaskuntzan edo gizartean ere ekarpen garrantzitsuak egiten dituztenak saritzen dituzte. Saria lankideen onarpena bermatzen duen aipamen bereizgarria da (APS elkarteko kideen %0,5ek bakarrik lortzen dute).