NAIZ

Muskek Twitterreko 3.700 langileri kaleratuak izango direla jakinaraziko die ostiral honetan

Twitterren jabe berriak 3.700 langile kaleratuko ditu: ostiral honetan jasoko dute jakinarazpena eta bulegoak «aldi baterako itxita» egongo dira segurtasun neurriak direla-eta. Sare sozialean publizitatea jartzen zuten zenbait markek publizitate-gastuak eten dituzte.

Elon Musk Twittereko jabeak, langileak kaleratuko ditu
Elon Musk Twittereko jabeak, langileak kaleratuko ditu (Karl-Josef Hildenbrand | Europapress)

Elon Musk Twitterren jabe berriak kaleratuko dituen 3.700 langilek ostiral honetan jasoko dute jakinarazpena. Urriaren 22an eskuratu zuen Twitter enpresa 44.000 milioi dolarren truke Muskek, eta enpresaren «errebisioa» dela eta izango direla kaleratzeak adierazi du. Egun 7.500 langilek osatzen dute enpresa.

San Frantziskoko egoitzako langileek pasa den ostegunean posta elektroniko bat jaso zuten, bertan azaltzen zen Musken asmoa: ostiral honetan jakinarazpen bat jasoko dute langileek, eta lanean jarraitzen duten edo ez adieraziko zaie. «Konpainia bide oparoan mantentzeko ahaleginean, gure lan-indarra murrizteko prozesu zailetik igaroko gara», azaltzen zuen jasotako mezuak.

Komunikatuak langileei jakinarazi zien Twitterreko bulegoak «aldi baterako itxita» egongo direla segurtasun arrazoiengatik, eta langileek ezingo dutela instalazioetara sartu.

‘Financial Times’ egunkariaren arabera, Musken asmoetan astelehenetik aurrera lan presentziala derrigorrezkoa bihurtzea sartzen da. Hau da, lan egiteko bulegora derrigorrez joan beharra, orain arte ez zegoen horrelako araurik eta langile bakoitzak nahi zuen lekutik egiten zuen lan.

Joan den astearen amaieran, Muskek Interneteko enpresa erraldoiaren administrazio taldea aztertu zuen eta exekutiboak kaleratu zituen, besteak beste, Parag Agrawal Twitterreko burua, eta konfiantzazko aholkulari talde txiki bat sartu zuen, Alex Spiro bere abokatu pertsonala barne.

Publizitatea eten dute enpresa handiek

General Mills enpresa erraldoiak, Cheerios eta Häagen-Dazs marken sortzaileak, bere publizitate-gastuak eten zituen ostegunean Twitterren, iragarleak kezkatuta baitaude Elon Muskek edukien moderazioari buruz duen ikuspegi anbiguoarekin.

General Motorseko fabrikatzaileak ere publizitatera bideratzen zuten gastua eteteko erabakia hartu zuen. Biata Mondelez Intenatiolek ere, Oreo galleten, Pfizer eta Audiren (Volkswagen) enpresariak ere.