NAIZ

NASAk Artemis I jaurtitzeko beste saiakera bat baimendu du, Ilargira itzultzeko helburuarekin

NASAren Artemis I misioa gidatzen duen taldeak asteazken honetan egitekoa den jaurtiketa baimendu du, datu batzuk birpasatu ondoren. Helburua ilargira heltzeko prestatzea da eta jaurtiketa Floridako Kennedy Zentro Espazialetik egingo dute.

Artemis I misioa.
Artemis I misioa. (Red HUBER | AFP GETTY IMAGES NORTH AMERICA)

Hilaren 16an, asteazken honetan, egingo dute azkenean ilargira berriz joateko prestatzea xede duen jaurtiketa, azken orduko aldaketarik ez bada. Artemis I du izena NASAren misioak eta Cabo Cañaveralen, Floridan, dagoen Kennedy Zentro Espazialean jarriko dute abian. Bostgarren saiakera da, baina badirudi oraingoan ez dutela arazorik izango.

Jim Free administratzaile elkartuak adierazi duenez, «ibilgailuaren konfigurazioa berrikusi dugu, Orion espazio-ontziaren goiko aldetik SLS suziriaren beheko aldera, hegaldi bukaera sistema eta dagoeneko berrabiarazita geneuzkan bateriak barne».

Izan ere, arazo teknikoen eta meteorologikoen ondorioz aldatu behar izan dute jaurtiketa eguna. Besteak beste, joan den asteko Nicole urakanak astelehenean egitekoak ziren jaurtiketa atzeratu zuen. Haize bortitzen ondorioz jaurtiketa bertan behera uzteko sistemaren zigilatzea solte geratu zen. Behin ontzia berrikusita, ondorioztatu dute hegaldiari ez diola zertan eragin bidaian zehar materiala galtzeak. Hori dela eta, aurrera egitea erabaki dute.

SLS zuziriak 98 metroko altuera dauka, eta 30 solairuko eraikinak baino altuagoa da, beraz. Misioak ez du gidaririk eramango eta haren xedea da aipatutako zuziriak eta Orion espazio-ontziak dituzten gaitasunak probatzea. Ondo irteten bada, aurreikusita daukate 2024rako gidaridun misio bat egitea. Izan ere, Artemis programaren helburua gizakiak ilargira itzultzea da, baita lehen emakumea eramatea ere.