NAIZ

Algekin egindako ontziak, plastikoaren alternatiba ekologikoa

Notpla enpresak ahoan sartu eta zuzenean ura edateko aukera ematen dute bola biodegradagarri eta jangarriak asmatu zituen. Orain, plastikoak ordezkatzeko bestelako ikerketa lerroak ditu martxan, hala nola algez egindako poltsak eta «papera».

Ooho, Notplaren algaz egindako ontzia.
Ooho, Notplaren algaz egindako ontzia. (NOTPLA)

Oso kutsakorrak eta birziklatzen zailak diren plastikozko ontziak ordezkatu nahian, Londresen sortutako Notpla enpresak enbalaje biodegradagarriak fabrikatzeko irtenbide bat asmatu zuen.

Bere produktuei esker, start up-ak Earthshot sariketako 15 finalisten artean aukeratu dute aurten, klima-aldaketaren aurkako borrokan ekarpen berritzailei eskainitakoa.

Ideia duela hamar bat urte sortu zen Londresko sukalde txiki batean, Rodrigo Garcia Gonzalezen eta Pierre Paslierren eskutik. Diseinuaren berrikuntza lantzen ari ziren Londreseko Imperial Collegen eta Royal College of Art-en.

«Beste proiektu batekin ari nintzen lanean, hodei artifizial bat egitean, hainbat erkidegotan ura emateko; globo handi moduko bat zen, itsasoko ura lurrundu eta barruan airean hegan eraman zitekeen», azaldu du Garciak. Arkitekto gisa hasi zuen bere ibilbidea, plastikozko botilak bezalako hondakinei bigarren bizitza bat eman nahian.

Horretarako, «hainbat materialetan ikerketa bat hasi genuen, eta konturatu ginen algak likidoa edukitzeko gai diren mintzak egiteko balio dezaketela», gogoratu du.

Hortik eratorri zen 2014an bere lehen ontzia, Notplaren produktu izarra, ura edo beste edozein edari gordetzeko balio duen golfeko pilota baten tamaina duen burbuila bat, musika-jaialdietan eta kirol-ekitaldietan aspaldidanik erabiltzen dutena.

Ooho izena duen bola ahoan sartzen da zuzenean, eta hozka egiterakoan likidoa ateratzen da edan ahal izateko. Kanpoko materiala gelatina modukoa da eta jangarria da.



Estaldurak, poltsak eta papera

Ooho aurkezteko bideoa birala izan zen eta berehala agertu ziren priektua diruarekin babesteko prest zeudenak. Horri esker, zortzi urtean etengabe hazi da enpresa eta egun 75 langile ditu.

Orain, lantaldeak alga bidezko beste irtenbide batzuk garatzen ari dira, hala nola estaldura biodegradagarria, janaria eramateko kartoizko kutxen barruan doan plastikoa ordezkatuko duena. Adibidez, Nutpla Just Eat taldea hornitzen du Europako sei herrialdetan.

Beste berrikuntzetako batzuk dira pasta biltzeko poltsa gardenak, olioa gordetzeko ontziak eta alga-papera.

«Dohain sinestezinak»

«Algek dohain sinestezinak dituzte», dio Paslierrek. L'Orealen enbalaje-ingeniari hasi zen lanean, ingurumenean amaitzen duten material plastikoei buruz ikertzen.

Lurrik behar ez dutenez, algak ez dira beste nekazaritza mota batekin lehiatzen, «oso azkar hazten dira, gure laborategietan erabiltzen ditugun alga batzuk egunean metro bat inguru hazten dira. (...) Hazteko ere ez dute giza jarduerarik behar, ez ditugu ureztatu edo ongarritu beha», azpimarratu du.

Gainera, «ozeanoak desazidotzen dute, karbonoa irenstearekin batera», gaineratu du Garciak. «Algak duela milaka milioi urtetik existitzen direnez, badakigu gure ontziak amaitzen diren lekua edozein dela ere ez direla kutsagarriak izango eta naturak jakingo du nola deskonposatu», esan du Paslierrek.

Momentuz, Notplaren produktuak plastikozko ontziak baino garestiagoak dira. Hala ere, industria-eskalan fabrikatzen hasten direnean, gainkostua %5 eta %10 artean jaistea espero dute.

Gero eta gobernu gehiago ari direnez euren araudia gogortzen plastikoen hondakinak murrizte aldera, espero dute horri esker enpresak etekinak ateratzea.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak berriki egindako txosten baten arabera, plastikozko hondakinen kopurua hirukoiztu egingo da hemendik 2060ra, urtean mila milioi tonatik gora izatera iritsiz.