Sergio Iglesias
Elkarrizketa
Jon Agirrebeitia eta Ekhi Arrieta
Nevadah musika taldeko kideak

«Argi geneukan arriskatzeko momentua zela»

Nevadah bueltan da. Durangarrek abeslari berri batekin aurkeztu dute ‘Still goes on’ disko berria. Soinu ilunagoekin, baina betiere esentzia rockeroa mantenduz, taldeak beste pauso bat eman du oso bizirik daudela erakusteko. Larunbat honetan, Durangoko Plateruenan eskainiko dute diskoa zuzenean.

Nevadah musika taldea.
Nevadah musika taldea. (Ibon Urizar)

Zer gertatu da Nevadah taldearekin hiru urte hauetan?

Jon Agirrebeitia: Dakizuen bezala, Agirrek, gure abeslariak, taldea utzi zuen, baina besteok hiru urte hauetan jarraitu egin dugu entseguetan, beharbada aurretik baino jarraipen gehiagoz, astean behin eta batzuetan birritan; gero, pandemia garaian, ahal izan genuena egin genuen. Stand by egoeran egon gara, abeslaririk gabe ezin genuelako kontzerturik eman. Ondo pasatzen dugu musika egiten, eta horregatik mantendu dugu taldea.

Eta nola eta noiz sartu zen Ekhi Arrieta taldean?

J.A.: Jo gabe egon ginen sasoi horretan etorri ziren lagun batzuk froga egitera, baina Ekhi etorri arte ez nuen pertsona aproposa topatu.

Ekhi Arrieta: Abestiak egiten eta kantariekin frogak egiten zebiltzan, eta nik Pello ezagutzen nuen aurretik,  taldea jarraitzen nuen eta zuzenean ere ikusi nituen. Ni ibilia nintzen musikaren munduan, saxoa jotzen, soul musika egiten, abesbatzetan… baina inoiz ez nintzen aritu abeslari gisa. Denbora pasa zen eta ea abeslaririk aurkitu zuten galdetu nienean, ezetz erantzun eta ea animatzen nintzen galdetu zidaten. Azkenean, gogotsu nengoen eta, gainera, pandemia garaia zen, giltzapetuta geunden, eta rock garrasi hori ateratzeko beharra sentitu nuen. Hori dela eta, pare bat kanta prestatu nituen, bidali nizkien eta, antza, gustatu zitzaizkien [barrez].

J.A.: Nik hasieratik ikusi nuen zer edo zer. Azkenean, gu lau lagun gara, eta lehen egunetik nabaritu zen bera aurretik ere ezagutzen genuela. Bila genbiltzalean, gure antzeko pertsona bat nahi genuen...

E.A.: … eta dituzten eraginak eta euren rolloa ere ezagutzen nituen; egia esan, oso ondo moldatu gara, eta erraza izan da elkarrekin lan egitea.

Ze eragin izan du, konposaketa berrietan, ahots aldaketa honek?

J.A.: Nabaritzen da, besteok musikariak gara, instrumentuak jotzen ditugu eta kantak sortzean ez dugu ahotsa horren kontuan hartzen; abesti batzuk bagenituen eginda eta, Ekhi agertu zenenean, kanta horiek bere ahotsera moldatu genituen.

E.A.: Melodiak bilatu behar genituen, non sartu letrak… prozesu polita izan zen.

J.A.: Taldean zorte ona izan dugu, oso ondo idazten baitu, eta horrela gu musikan zentratu gaitezke.

«Musikalki aurrerapauso handia egin dugu. Sendoagoa dirudi bandak, pandemia garaian kaña asko emateko aprobetxatu baikenuen»

Estiloz pixka bat ‘metaleroagoa’ da disko hau, ezta?

J.A.: Argi dago soinu ilunagoak daudela… baina metaleroagoa? Ez dut uste. Esentzia mantendu dugu baina, logikoki, aldaketa asko daude. Gitarraren soinua aldatu dugu, aurreko diskoan ez ginelako konforme geratu, indar apur bat falta zuela sentitzen genuen, eta hori dela eta, orain beste modu batean egin nahi genuen.

Oso deigarria da hiru diskoak nahiko desberdinak dira. Soinuekin esperimentatzea gustatzen al zaizue?

E.A.: Ez dakigu ona ala txarra den, baina hori da eboluzionatzea, eta disko bakoitzean, banda bere indarra eta izaera hartzen joan da. 

J.A.: Jendeak esango du eboluzioa ona ala txarra izan den, baina musikalki, aurrerapauso handi bat egin dugu. Sendoagoa dirudi bandak, pandemia garaian kaña asko emateko aprobetxatu baikenuen; aurreko diskoetan baino xehetasun gehiago daude disko honetan, baina beno… niri asko gustatzen zait lehengoa ere, bere xarma eta txispa hori daukalako. Gero, bakoitzak bere faboritoa izango du.

Dena den, ‘Still goes on’ diskoan taldearen esentzia eta Nevadah-ren kutsua mantentzen dira. Hori zen helburu nagusia?

E.A.: Beste etapa bat da, esentzia mantentzen da. Ez gara joan beste soinu bat bilatzera, kantak sortzerakoan gauzak era naturalean gertatu dira. Era berean, arriskatzeko momentua zela argi geneukan, baina disko osoan zehar koherentzia puntu bat mantenduz.

Abestietako letretan amorru asko dago. Pandemiaren eragina nabaritu da?

E.A.: Bai, eta gorrotoa, kontrola, menpekotasuna, kapitalismoa, giltzapetuta egotea… zenbaki hutsak garela konturatu gara. Kantu batzuetan hori gordinik agertzen da eta, beste batzuetan, hortik atera nahia.

J.A.: Pandemiak letra asko egiteko eman digu, denok bizi izan baitugu. Zorionez, nahiko azkar eman diogu buelta egoerari, eta berriro ere tabernak ireki eta kontzertuak ematen hasi ginen…  

(Ibon URIZAR)

Kantak egitean, mezu bat bidaltzea beti beharrezkoa dela uste duzue?

E.A.: Ez dakit musikak zer duen baina, batzuetan, aldaketa politiko-sozialak edo barne aldaketak sortzeko gai da… Gure kasuan, ideia orokor batetik abiatzen gara eta, gero, nik hori plazaratu eta helarazteko modua bilatzen du. Eta entzuleei mezutxo bat utzi ahal badiegu, askoz hobeto.

Diskoan euskarazko bi abesti sartu dituzue. Zuen hizkuntzan abestiak sortzeko beharra zenuten?

E.A.: Aurretik ere egin dugu zer edo zer euskaraz, bandcampen entzun daiteke. Azkenean, gure nortasuna eta gure hizkuntza euskara da, eta horregatik bertan bildu nahi izan dugu.

Zergatik aukeratu zenuen Aitor Ariñoren Lorentzo Records estudioa diskoa grabatzeko?

J.A.: Lehenik eta behin, gertutasuna guretzat garrantzitsua zelako eta Lorentzo, hemen, Berrizen bertan dago. Bestetik, Aitor makina bat da, tipo honek estatu mailako talde onenekin egin du lan. Taldearen esentzia oso ondo ulertu du eta lanean oso inplikatuta egon da. Bere lana asko nabaritu da azken emanaldian. Guk maketak eraman genituen eta dena nahiko prestatuta zegoen, denok batera grabatu dugu zuzenean, ahotsak, punteoak eta konponketak aparte. Esperientzia brutala izan da, naturaltasuna eta esentzia mantendu ditugu.      

«Diskoa denok batera grabatu dugu zuzenean, ahotsak, punteoak eta konponketak aparte. Esperientzia brutala izan da, naturaltasuna eta esentzia mantendu ditugu»

E.A.: Oso erraza izan da berarekin lan egitea eta kantak hobetzeko ideia asko eman dizkigu.

Eta orain kontzertuak egiten hasiko zarete. Urduri zaudete itzulerarengatik?

E.A.: Estreinaldia da eta, nire kasuan, abeslari berri bezala jendaurrean agertuko naizen lehenengo aldia, orduan… nola ez egon urduri? Baina gogotsu gaude eta, gainera, lagun arteko kontzertu bat izango da; egongo direnak jarraitzaileak izango dira. Itzulera bat izango da, baina oso mimatua, lagun arteko topaketa bat bezalakoa.

J.A.: Bi edo hiru kontzertu egin ditugu lagunartean, ia klandestinoak [barrez]. Hala ere, hau desberdina izango da eta urduritasuna entseguetan kentzen, kudeatzen, murrizten ari gara, baina badakigu eszenatokira igo aurretik, oso urduri egongo garela, eta horrela izan behar du, hori ezin da galdu.

Gainera, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango da etapa berri honen lehen kontzertua. Leku berezia da zuentzat?

J.A.: Bai, noski! Plateruenan eman genuen azken kontzertua Puro Chile eta Parabellumnekin batera izan zen, eta orain bueltan gara Plateruenan, berriro.