NAIZ

Euskadiko Orkestrak «arrakastaz» eta «emozio handiarekin» abiatu du Poloniako bira

Euskadiko Orkestra Polonian da egunotan. Beethoven jaialdiko programazio buru izatera gonbidatu dutenez lau kontzertuko bira antolatu du herrialdean. Horietatik lehena, Varsovian eskaini dutena, «arrakastatsua» eta «emozio handikoa» izan dela ziurtatu dute.

Varsovian eskaini du Orkestrak Poloniako birako lehen kontzertua.
Varsovian eskaini du Orkestrak Poloniako birako lehen kontzertua. (EUSKADIKO ORKESTRA)

Musika klasikoaren esparruan garrantzitsua da Beethoven jaialdia eta, bertako programazio buru izatera gonbidatu dutela eta, lau kontzertuko biran murgilduta dabiltza egunotan Euskadiko Orkestrako kideak.

Beethoven Jaialdia 1997an sortu zuten Krzysztof Penderecki konpositoreak, duela hiru urte zendu zenak, eta haren emazte Elzbieta Pendereckak, egun instituzioaren presidente denak. Beethovenen Aste Santuko Jaialdiak Robert Treviño zuzendariarekin duen harremana funtsezkoa izan da Euskadiko Orkestra gonbidatzeko. Hala, Poloniako lau hiri musikal nabarmenenetan ibiliko da: Varsovia, Wroclaw, Krakovia eta Katowice bisitatuko dituzte.

Lehen kontzertua astearte honetan eskaini dute, Varsoviako Filharmonia Narodowa areto sonatuan, mila pertsonaren aurrean eta, Orkestrako ordezkariek azaldu dutenez, «arrakastatsua» eta «emozio handikoa» izan da kontzertua.

Asteazkenarekin Wroclawera iritsiko da Orkestra. Narodowe Forum Muzykin, herrialdeko areto handienetakoan joko dute, 1.800 pertsonaren aurrean. Ostegunean Krakoviako Philharmonic Concert Hall-en ariko da, 720 pertsonaren aurrean. Tradizio luzeko auditorium hori ehunka urte dituen Krakoviako Orkestra Filarmonikoaren egoitza da. Ostiralean azken kontzertua izango du, Katowiceko NOSPR areto modernoan, 1.800 pertsonaren aurrean.

Orkestratik nabarmendu dutenez, kontzertu guztietarako sarrerak salduta daude. «Horrenbestez, agerikoa da Euskadiko Orkestraren bisitaldiak piztu duen interes handia», ziurtatu dute.

Treviñoren zuzendaritzapean

Robert Treviñoren zuzendaritzapean, Ravel eta Mahler-en piezez osatutako kontzertua atondu dute Poloniarako. «Gure euskal konpositore gogokoenetakoa da Ravel. ‘Bolero’ eta ‘Pavane’ aurkeztuko ditugu. Hau gure nazioarteko zabalkundearen ondorioa ere bada, Ondinekin egindako grabaketek eman digute zabalkundea, harrera bikaina izan baitute eta arreta handia jaso du orkestrak», azaldu zuen kontzertuen aurkezpenean Treviñok.

Programaren bigarren zatian Mahlerren Bosgarren Sinfonia aurkeztuko dute. Treviñoren hitzetan, «Orkestrarekin hemen egon naizen garaian Mahler asko interpretatu dugu eta nahiko ezagun egin da konpositore handi honen musikaren gure interpretazioa. Gainera, oso musika energikoa da, Euskadiko Orkestraren indar osoa erakusteko paregabea».

Prestatu duen programa «anbiziotsuaren eta konplexuaren» bitartez, Orkestrak, alde batetik, Euskal Herriaren kultura-enbaxadore izan nahi du atzerrian, eta, bestetik, erakutsi nahi du potentziala eta indarra duela Europako zirkuituaren orkestra handiekin neurtzeko.