NAIZ

Exoplaneta bati Su eta izar bati Gar izenak jartzeko proposamena nazioarteko fasera pasatu da

Nazioarteko Astronomia Elkarteak izar-planetak izendatzeko ireki zuen deialdian hizkuntza gutxituek dute lehentasuna eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak Gliese 486 izarrari Gar eta Gliese 486 b exoplanetari Su izenak jartzea proposatuko zuen. Proposamena nazioarteko fasera igaro da orain.

Gliese 486 b exoplanetaren atmosferaren eta barne-egituraren erreprodukzioa.
Gliese 486 b exoplanetaren atmosferaren eta barne-egituraren erreprodukzioa. (Render Area)

EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak Gliese 486 izarrari Gar eta bere inguruko Gliese 486 b exoplanetari Su izenak jartzea proposatuko zuen Nazioarteko Astronomia Elkarteak izar-planetak izendatzeko ireki zuen deialdian, hizkuntza gutxituek lehentasuna baitute. Orain, proposamena nazioarteko fasera igaro da. Nazioarteko Astronomia Elkarteak ebazpena apirilaren 27an jakinaraziko du.

2022aren bukaeran, Nazioarteko Astronomia Elkarteak (International Astronomical Union, IAU) hogei izar-planeta sistemari izenak jartzeko deialdia ireki zuen, eta hizkuntza gutxituei lehentasuna emanez. Hori dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeak, komunitate astronomikoko hainbat kiderekin batera, Gliese 486 izarrari Gar eta bere inguruko Gliese 486 b exoplanetari Su izenak emateko proposamena egin zuen.

Su eta Garrek lehen fasea gainditu dute dagoeneko, Estatu mailakoa, aurkeztutako 25 proposamenen artean hautatuak izan baitira. IAUren mendeko Dibulgazioko Koordinazio Nazionaleko taldea arduratu da horiek baloratzeaz, kontuan hartuta proposamenen kalitatea, deialdiaren ezaugarrietara egokitzea, giza taldeen osaera eta egindako dibulgazio-jarduerak. Horrela, EHUk aurkeztutako izenak nazioarteko fasera eramatea erabaki dute, proposamen nagusi gisa.

Gliese 486 b planeta 2021. urtean aurkitu zuten, NASAren TESS misioaren baitan, Almeriako Calar Altoko Behatokiko Carmenes tresna erabiliz. Exoplaneta aurkitu zuen nazioarteko taldean zegoen José Antonio Caballero, Madrilgo Astrobiologia Zentroko ikertzailea. Caballeroren hitzetan, «Gliese 486 b exoplanetologiako Rosetta Harri bihurtu da: Eguzki Sisteman Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte planeta telurikoak ditugu. Unibertsoan ondoen aztertutako bosgarren planeta lurtarra da, beraz, Gliese 486 b».

Caballerok eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak aukeratutako izenak suarekin erlazionatuta daude, izarraren eta exoplanetaren tenperatura altuak direla eta. Izarra Lurretik 26 argi-urtetara dagoen nano gorri bat da, eta bere gainazal-tenperatura 3.000°C ingurukoa da. Exoplaneta superlur bero bat da, eta izarraren inguruan duen biraketa oso hurbila eta azkarra da: orbitak 2,5 milioi kilometro inguruko (0,017 unitate astronomikoko) erradioa du eta planetak egun eta erdian soilik osatzen du bira. Orbita txiki horrek 430°C inguruko oreka-tenperaturara darama, Artizarraren azaleko tenperaturara, gutxi gorabehera.

Tenperatura horrek Gliese 486b bizigarri izatea ekiditen du, baina Lurraren antzeko tamaina duten exoplaneten artean egokienetako bat da atmosferaren karakterizaziorako eta barne-modelizaziorako. Horregatik proposatu dute Su izena harentzako, suak, babesteaz gain, erre ere egin dezakeelako. Euskal mitologian duen pisua ere izan dute kontuan, gainera. Izan ere, etxeko sua etxeko «jenioa» da, eta mesedeak eskatzen omen zaizkio, azaldu dutenez.