NAIZ
Dublin

1.200 milioi euroko isuna Metari, datuen erabilerari buruzko EBko arauak urratzeagatik

Aurrekaririk gabeko isuna jarri diote Meta korporazioari, datuen tratamenduari buruzko Europar Batasuneko arauak urratzeagatik. 1.200 milioi euro ordaindu beharko ditu talde estatubatuarrak.

Metari aurrekaririk gabeko isuna jarri diote.
Metari aurrekaririk gabeko isuna jarri diote. (Lionel BONAVENTURE | AFP)

Metari 1.200 milioi euroko (ia 1.300 milioi dolar) isuna jarri diote, datuen babeserako Europako arauak ez betetzeagatik. Mota honetako arau-hauste batengatik Europan inoiz ezarritako zigorrik handiena da.

Meta Europako Esparru Ekonomikotik Estatu Batuetara Facebookeko erabiltzaileen «datu pertsonalak transferitzen jarraitzeagatik» zigortu dute, Datuak Babesteko Irlandako Batzordeak (DPC) azaldu zuenez. Korporazioak erabakia apelatzeko asmoa dauka.

DPCk Europar Batasunaren izenean jarduten du eta EBko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) aplikazioa Irlandan zaintzeaz arduratzen da. Hain zuzen ere, Irlandan dauka egoitza talde estatubatuarrak.

Halaber, DPCren erabakiak Meta behartzen du «Estatu Batuetara datu pertsonalen transferentzia guztiak bertan behera» uztera bost hilabetez, baita sei hilabeteko epean DBEO betetzera ere.

Isuna 2020an hasitako ikerketa baten ondorioa da. Metak «justifikaziorik gabea eta alferrikakoa» dela esan du, eta justiziak bertan behera utzi dezan eskatuko du. «Milaka enpresa eta erakunde daude EBren eta Estatu Batuen artean datuak transferitzeko gaitasunaren menpe» eta «funtsezko gatazka juridikoa dago AEBko gobernuaren datuak eskuratzeari buruzko arauen eta Europako pribatutasun-eskubideen artean», azaldu du Metak.

Korporazioak espero du Estatu Batuek eta Europar Batasunak esparru juridiko berri bat hartzea datozen hilabeteetan datu pertsonalak transferitzeko, iaz lortutako akordioaren ondoren.

«Zaintza estatubatuarra»

«Kolpe latza da Metarentzat», erantzun du ohar batean Noyb pribatutasunaren defentsarako Europako elkarteak, Europan AEBetako erraldoi teknologikoen aurkako salaketa ugari aurkeztu baititu.

«Edward Snowdenek AEBetako enpresa teknologiko handiek Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionaleko Agentziaren zaintza masiborako aparatuari emandako laguntzari buruzko informazioa eman zuenetik, Facebook – orain Meta- auzitan jarri dute Irlandan», azpimarratu du elkarteak.

Max Schrems Noyb elkartearen sortzailea iritziz, Metari jarritako zigorra «askoz handiagoa izan zitekeen, gehienezko isuna 4.000 milioi baino gehiagokoa delako eta Metak hamar urtez irabaziak sortzeko legea urratu duelako». «Estatu Batuetako zaintza legeak zuzentzen ez badira, Metak bere sistemak berregituratu beharko ditu», ohartarazi zuen.

2023aren hasieratik EBn Metari jarritako hirugarren zehapena da eta laugarrena sei hilabeteren buruan. Urtarrilean, DPCk ia 400 milioi euroko isuna jarri zion Facebook, Instagram eta WhatsApp aplikazioetan datu pertsonalak publizitate-helburuekin erabiltzeagatik. Martxoan 5,5 milioi euroko isuna jarri zioten WhatsApp bidez DBEO urratzeagatik.

Harrezkero, Metak Europan dituen erabilera-baldintzak aldatzeko konpromisoa hartu du, Europako erabiltzaileen datu pertsonalak biltzen eta prozesatzen jarraitu ahal izateko.

Zigor horiek Europar Batasunean, baina baita Estatu Batuetan ere, GAFA (Google, Amazon, Facebook eta Apple) izenez ezagutzen diren erraldoi teknologikoen eta TikTok txinatar erraldoiaren aurka berriki hartutako neurrien aurkako kontrol eta prozesu judizialen gorakadaren testuinguruan jazo dira. 2021ean, Amazoni 746 milioi euroko isuna jarri zioten Luxenburgon, DBEO ez betetzeagatik.