NAIZ

Olatz Arbelaitz da Puntueus Fundazioko lehendakari berria

Puntueus Fundazioko patronatuak Olatz Arbelaitz informatikaria izendatu du erakundearen lehendakari berria izateko, Iñaki Goirizelaiak kargua utzi ostean.

Olatz Arbelaitz, Puntueus Fundazioko lehendakari berria.
Olatz Arbelaitz, Puntueus Fundazioko lehendakari berria. (PUNTUEUS FUNDAZIOA)

Olatz Arbelaitz EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea izango da Puntueus Fundazioaren lehendakari berria, erakunde honek asteazkenean jakinarazi duenez. Zortzi urtez karguan izan den Iñaki Goirizelaiari hartuko dio erreleboa.

Euskal Herriko Unibertsitateak du Puntueus Fundazioko patronatuaren lehendakaritza eta Iñaki Goirizelaia errektore ohiak kargua utziko zuela jakinarazi zuen pasa den abenduan. Horrela, Olatz Arbelaitz izendatu du patronatuak Fundazioaren lehendakari.

«Beti jarraitu izan dut Puntueus proiektuaren ibilbidea. Amets izan zenetik gaur egun den proiektu sendo eta finkaturaino, uste izan dut herri bezala esparru digitalean presentzia izateko ezinbesteko proiektua zela», agertu du Arbelaitzek kargua hartu berritan.

Nabarmendu du .EUS domeinuaren ardura duen Fundazioaren lantaldearekin lankidetzan aritzeko aukera izan duela aurretik, eta «konfiantza osoa» duela haiengan. Ardura berria hartuta, «proiektuak duen osasun ona mantendu» eta «euskal gizarte digital hobea» garatzen laguntzea da bere helburua, baieztatu duenez.

Informatikan doktorea

Informatikan lizentziaduna eta doktorea da Olatz Arbelaitz Galleko (Errenteria, 1970). 1995etik EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da, gaur egun Irakasle Osoa da. Aldapa ikerketa taldeko zuzendarikidea ere bada.

Hainbat urtez fakultateko zuzendaritza-taldeko kide izan da, eta une honetan, Berdintasun Batzordeko eta EHUko Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko kidea da.

Teknologia arloan emakumeen presentzia areagotzeko ekintzak bultzatzen ditu; hala, "Emakumeak Zientzian" ekimenaren koordinatzailea da.

Halaber, UEUko Informatika saileko sailburua izan da urtetan, eta azkenaldian Ikergazte kongresuko koordinatzailea da.