NAIZ

Ikerbasquek 47 milioi euro baino gehiago eta 45 ikertzaile erakarri zituen 2024an

Ikerbasquek 47 milioi euro baino gehiago erakarri zituen EAEra 2024an bere ikertzaile taldeari esker. Gainera, taldea handitu egin zen, 45 ikertzaile berrirekin. Guztira, erakundeak 402 profesional ditu, 35 herrialdetakoak.

Asteazken honetan aurkeztu dituzte Bilbon Ikerbasqueren emaitzak.
Asteazken honetan aurkeztu dituzte Bilbon Ikerbasqueren emaitzak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ikerbasqueko ikertzaileek 2024an lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 47 milioi eurokoa izan zen, 2023an baino 2 miloi euro gehiago; eta kanpoko finantzaketaz landutako 1.321 proiektuetatik 30ek ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa izan zuten.

«Hauxe da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa proiektuen sustapenari dagokionez, eta iazko urtearen amaieran, 1.643 pertsonak lan egiten zuten Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan», nabarmendu du Ikerbasquek.

2024an, Ikerbasquek 45 ikertzaile erakarri zituen 9 herrialde desberdinetatik. Urtearen amaieran 402 ikertzaile zituen guztira, ibilbide zientifikoa garatzeko hiru kategoriatan banatuta: 201 ikertzaile kontsolidatu, esperientzia handikoak eta «lidergo gaitasuna dutenak»; 112 gazte ikertzaile, goi-mailako zientzialari taldea osatzea helburu dutenak; eta 89 Research Associate, ikertzailearen ibilbidearen etapa desberdinak osatzen laguntzen duen figura ertaina.

Erakundearen esanetan, «egituraketa honek bikaintasun zientifikoa sendotzeaz gain, ekoizpen zientifikoa ere bultzatu zuen: 1.553 artikulu argitaratu ziren nazioarteko eragin handiko indexatutako aldizkarietan». Era berean, ikertzaileek 41 spin-off sortzen lagundu dute, «izan ere, enpresa ekimen hauen jarduerak prozesu, produktu edo zerbitzu berrien ustiapena du oinarri, ikerketetan lortutako ezagutzatik eta emaitzetatik abiatuta».

EAEko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen ikerzaileak 35 herrialdetakoak dira. Horien artean, gizonak dira nagusi, %68, emakumezkoen %32aren aldean. Ikertzaileen jakintza arloei erreparatuta, %44 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira, %26 medikuntza zientzietakoak, %16 ingeniaritza arlokoak eta %14 giza eta gizarte zientzietako adituak. Ikerbasquek nabarmendu duenez, ikertzaile hauek «munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea tarteko direla.

«2024an lortutako emaitzen harira esan daiteke Euskadi zientziaren arloko Europako erreferentetzat posizionatu dela. Nazioartean, Euskadi ikerketa aurreratuko eskualdea dela aitortzen dute dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuta. Aurreko honen adibidea dugu Europako Batzordeak, Ikerbasqueren ikertzaileak erakartzeko programa sei aldiz hautatu duela garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakotzat», azpimarratu du, eta ohartarazi du, orain arte, Ikerbasqueko programek 28 milioi euro lortu dituztela Europako Batasunetik.

Helburuko zentroak

Helburuko zentroei dagokienez, Ikerbasqueko 130 ikertzaile EHUn lan egiten ari dira. Gainerako 272ek Deustuko eta Mondragon unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan lanean dihardute. Lakuako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren menpeko BERC (Basque Excellence Research Centre) izeneko bikaintasunezko bederatzi ikerketa zentroak eta IKZ Ikerketa Korporatiboko Zentroak (IKZ) tarteko dira.

Ikerbaskek kontratatutako ikertzaileei harrera egiten dieten hamahiru bikaintasunezko zentro eta hiru unibertsitate (EHU, Deustu eta Mondragon) horiei osasungintza alorreko Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoa ikerketa zentroak gaineratu behar zaizkie baita Azti, Neiker, Tecnalia, Tecnum (Nafarroako Unibertsitatea), Globernance pentsamendu politikoaren ikerketa eta hedapen zentroa, eta IISL/IISJ. Guztira, 25 unibertsitate eta ikerketa zentro profitatzen dira nazioarteko ikertzaileen erakarpenaz.