
Elkartasuna eta auzolana eredu dituzten bi jaialdik bat egin dute lehen aldiz bonu bateratua aurkeztuz: EHZ eta Hatortxu Rock. Bi jaialdiok «auzolanak zein presoen etxeratzearen aldeko aldarriak» batzen dituela ekarri dute gogora eta, hala, prezio berezian bi jaialdietarako baliagarria izango den bonua aurkeztu dute, 150 euroko salneurrian.
Txartel bikoitzak EHZ festibaleko 3 egunetarako eta Hatortxu Rocken 4 egunetarako balioko du eta astearte honetatik maiatzaren 19ra bitartera egongo da eskuragarri Hatortxu Rocken zein EHZren webguneetan.
Bonua aurkezteaz batera EHZk talde berriak ere iragarri ditu. Acidulant, Kaskezur, Xsakara, Voltaire, Errobi, Pangea pop eta Gros Coeur taldeak gehitu dira Euskal Herria Zuzenean jaialdiko kartelera. Festibaleko pentzean joko dute.
‘Lurraren erritmoa’ lemapean eta Arberatze Zilhekoan iraganen da aurten EHZ festibala ekainaren 27, 28 eta 29an. Xiberoots, Olaia Inzierte, Hop Hop Hop Crew, Henge, Galder, Bengo, Inertzia, Marta, Naxker Polylogue From Sila, Tapia ta Leturia, Txaptrax, Auhen, Marte Lasarte, W!zard, Radio byzance eta Maskak... partehartzaileen zerrenda luzea eta anitza da.
Egunean zehar, Arberatzeko plazan, orain arte iragarritako artistez gain, Papa cumbia, Izan, Ibawa, Dizkobolo txaranga, Altxalili, Ithaka, Buuzbu, Zigante & Gaiteroak, TnT & Tor & Txoborro magoen magiapoteoa, Gaitistaneko Orkestra, Duguna dantza taldea, Kalume txaranga eta DJ Reimy izanen dira.
Hatortxuren azken edizioa
Hatortxuk Lakuntzan esango dio agur hiru hamarkadako ibilbideari, uztailaren 24tik 27ra bitartean, eta orotara ehun talde inguruk parte hartu dutela aurreikusten da.
Izan ere, azken edizioa berezia izan dadin musika eskaintza zabala batu nahi izan dute kartelera, eta izaera oso ezberdinetako kontzertuak eskainiko dira Lakuntzan jarriko diren bost eszenatokietan. Besteren artean, Anestesia, Zetak, Delirium Tremens, Bizardunak, Mirua, KOP, Potato, ødei, Xiberoots edota Juantxo Skalari & La Rude Band igoko dira oholtzetara. Aurrez iragarritakoen artean itzulerak ere badaude: Latzen, Afu, Alaitz eta Maiderrek Burutekin batera eskainiko dituzten kantuak eta Skatu.
«26 urtez, auzolanean, errepresaliatu politikoen eta haien senide eta ingurukoei elkartasuna adieraztea izan da gure helburua. Auziari erabateko konponbiderako urratsak ematea falta den arren, egindako lorpenak balioan jarri eta merezitako agurra antolatu nahi dugu», adierazi zuten antolakuntzatik iragarpenean.
Hori guztia posible egin dadin bolondres koadrila zabala ere behar du Hatortxuk, eta elkartasuna txandak betez erakutsi nahi dutenentzat bidea ere ireki zuten. «Auzolana izan da 26 urtez gure oinarria eta oraingoan ere auzolan ariketa erraldoia egin beharko dugu uztaileko jaialdia aurrera eramateko. 7.049 txanda behar ditugu eta Euskal Herriko txoko guztietara egin nahi dugu petoa jantzi eta txanda bat egiteko gonbita», ekarri zuten gogora. www.hatortxurock.eus/txandak atarian eman daiteke horretarako izena.

Los bots de IA ahogan el acceso humano al conocimiento libre

El progreso en el desarrollo humano se ralentiza hasta el nivel más bajo en 35 años

EHZ eta Hatortxu Rock jaialdiek bonu bateratua aurkeztu dute

Txosnen eredua arriskuan dagoela ohartarazi dute: «Ez gara enpresa bat»
