BABESLEDUN EDUKIA

Bergara eta Lezoko jaien txanda Gipuzkoan, eta Igorrekoena Bizkaian

Bergaran, Erraldoi Taldea izango da aurtengo protagonista, 25 urte betetzen dituelako. Lezon, piratek emango diete hasiera jaiei, eta Igorren bederatzi egunetako egitaraua prestatu dute, denek gozatzeko.

Bergarako Erraldoi Taldeak botako du Pentekoste jaietako txupinazoa.
Bergarako Erraldoi Taldeak botako du Pentekoste jaietako txupinazoa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Uda iristear da eta Euskal Herriko agenda jaiez betetzen hasi da. Oraingoan, Bergara, Lezo eta Igorreren txanda iritsi da eta, ostiral honetatik aurrera, euren Pentekoste, Mendekoste eta San Antonioak ospatuko dituzte, hurrenez hurren.

Bergara

Bergarako Pentekosteak ekainaren 6, 7, 8, 9 eta 10ean zehar luzatuko dira. Aurten, Bergarako Erraldoi Taldeak 25 urte betetzen ditu, eta ospatzeko, txupinazoa botatzeko ohorea berea izango da. Ibilbidea hasi zutenetik hona, euren taldea handitzea lortu dute eta egun 100 kide inguru dira, haur eta helduak, eta 20 erraldoi dituzte.

Ostiral arratsaldeko 20.00etan hasiko dira jaiak, Bitorianatxoren jeitsierarekin. Jarraian, Musika Bandak kalejira egiten duen bitartean, auzolanean antolatutako paellada eskainiko da Seminarioko karpan.

Jaietan antolatu ohi dituzten ekintzarik arrakastatsuenak mantendu dituzte, larunbatean ospatzen den XXXI. Bakailao Lehiaketaren kasu, baina aurtengoan badago aldaketa bat. Izan ere, orain arte lehiaketan elkarte gastronomikoek soilik hartu zezaketen parte, eta orain herri guztiarentzat irekia izango da, plazak onartzen duen 12 bikoteen gehiengo aforoa mantenduz, beti ere. Haur eta Gazteen "Simon arrieta plastika sariketa" (ekainak 8) eta errekortarien saioak (ekainak 7 eta 8) mantenduko dituzte ere bai.

Larunbatean bertan, erraldoiek protagonismo handia izango dute. Izan ere, 11.30ean Erraldoien Gunea zabalduko dute plazan, non erraldoien erakusketa, gomazko erraldoiak, palomita-makina, puzgarriak eta umeentzako beste jolasak egongo diren. Erraldoien kalejira ere egingo dute, Espoloitik eta Matxiategitik hasita. Urteurren berezi honetan, Navarcles eta Solsonatik (Katalunia), Txantreatik eta Deustutik bertaratuko dira erraldoiak.

Gaztetxoei zuzendutako ekimenak osatu nahian, proposamen berri eta dibertigarria prestatu dute larunbat eta igande arratsaldeetarako, Oxirondo ludotekan. 8 eta 12 urteko haurrek mitologian oinarritutako scape room-ean jokatu ahalko dute. Horretarako, izena eman behar da Udaleko webgunean.

Igandean, aipagarria da laugarren urtez Mokoloblok eskalatzaileen topaketa egingo dutela, arratsaldean. Plazan hasita, herriko paretak eskalatzen joango dira. Astelehenean, ekainaren 9an, Kuadrilen Eguna ospatuko dute, eta lagun artean hasiko dute eguna, Baltsa Jaitsiera eta Kuadrilen arteko olinpiadekin.

Ekainak 10, asteartean, haur zein helduei zuzendutako ekintzak egongo dira batez ere, tartean bigantxak, pilota partidak, herri kirolak –Ernesto Ezpeleta ‘Bihurri’ aizkolariak auto bat moztuko du– edo jolas parkea, goiz eta arratsaldez.

Kontzertuei dagokionez, ostiralean Kokein talde eibartarra eta larunbatean Tremenda Jauria madrildarrak izango dira San Martin plazan. Igandean, Bentazarreko Mutiko Alaiak taldea kalez kale ibiliko da, Simon Arrieta plazan hasita, eta astelehenean, Espoloian, Joselu Anaiak taldeak dantzaldia eskainiko du. Asteartean, berriz, eguerdian Elustondo anai-arrebak izango dira D.Irala Kalean, eta iluntzean, Bitorianatxoren igoeraren aurretik, Puro Relajo taldea arituko da San Martin plazan.

Bestalde, Txosnek euren ekarpena egingo dute Udalak proposatutako egitaraua goizeko ordu txikiak arte osatzeko. Egunerko egongo da musika iluntzean zein gauean –tartean, Xaukena elektrotxaranga, Bengo, Izaki Gardenak, Trikidantz edo Merina Gris–, eta kirol lehiaketa zein tailerrak antolatu dituzte.

Bergarako jaietako albiste honen babesleak:

Bergara Pneumatikoak, Garaje Murillo, Ogizun, Pol Pol Taberna, Txipi ventanas, UNED Bergara eta Zumelaga jatetxea.

Lezo

Lezoko Mendekosteak ekainaren 6, 7 eta 8an ospatuko dira. Urtero bezala, Portutik iritsiko dira Zabarre eta Maria Labaien piratak, eta pirata txikien pregoiarekin hasiko dira jaiak. Pertsonai hauek ongi etorria emateko eta festak koloretsuagoak izan daitezen, herritarrei pirataz janzteko deia luzatu die Udalak. «Ez soilik gazteenak, helduak ere pirataz janztera gonbidatzen ditugu», azpimarratu zuten egitarauaren aurkezpenean.

30 ekitaldi inguru antolatu dituzte egitarau «herrikoi» batean, baina batzuk aipatzearren, Jai Batzordeak honakoak azpimarratu zituen: afari autogestionatua ostiralean, Arkirun Klubeko finalak, dantzak, buruhandi eta erraldoiak, kontzertuak eta kalejirak, baina ezin da ahaztu aniztasunak aberasten dituela jaiak, eta horregatik gustu guztietarako hitzorduak prestatu dituzte.

Jaietan zehar denek ondo pasatu dezakete, Udalak, Jai Batzordeak eta Lezoko Mugimendu feministak «lan handia egin dute indarkeria matxistarik gabeko eta beste inolako erasorik gabeko jaien alde», eta errespeturako deia egin dute. Indarkeria matxista salatzeko telefono bat eta Puntu Morea jarriko dituzte.

Mendekosteak pasata, asteburu batekin nahikoa izan ez dutenentzat, ekainaren 14an Euskal Jaiak iritsiko dira. Egun guztian zehar ekitaldiak antolatu dituzte, Dianarekin abiatuta musikaz eta dantzaz betetako goiza izango da, 12:00etan Iparraldeko Herri Kirolak izango dira eta ondoren, herri bazkaria Lezo Herri Eskolako Patioan. Arratsaldea giza-probarekin hasi eta Sagardo Festarekin amaituko da.

Lezoko jaietako albiste honen babesleak: Lezoko Udala.

Lezoko plazako giroa, jaietan. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Lezoko plazako giroa, jaietan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Igorre

Igorreko San Antonioak dira gaurkoan aipatuko ditugun festetatik luzeenak, ekainarek 6an hasi eta ekainarek 15era arte luzatuko baitira. Hala ere, ekimen gehienak asteburuetan pilatuko dira. Hala, ostiral honetan, 19.00etan txupinazoa botako dute udaletxeko balkoitik Maraturen eskutik. Justu aurretik, plazan dauden guztien argazki herrikoia aterako dute. Ekitaldiak 17.00etan hasiko dira, Saharako jakien dastaketarekin eta haurrentzako jolasekin. Txupinazioaren ostean, kuadrilen arteko olinpiadak hasiko dira.

Ekainaren 7an, larunbata, familia artean gozatzeko egun aproposa izango da, goizean 5 urtera arteko txikiei zuzendutako tailerrak egingo dituzte, eta gero paella eta 6-12 urte bitartekoen Gaztetxef txapelketak ospatuko dira. Ekainaren 8an, igandea, kirolari eskainitako eguna dute, goizean txikien multikirol txapelketa ospatuko baitute, eta arratsaldean gazteen eskupilota partidak.

Astean zehar, egitaraua apalduko da, baina egunero egongo da zerbait, eta jaiak berriro berpiztuko dira ekainaren 12an, ostegunean, karropoteo eta mozorroz beteriko herri afariarekin. Datorren ostiralean, ekainak 13, 10.00etan hasiko dira umeentzako puzgarri eta jolasekin, baina egunaren erdigunean arratsaldeko patata tortilla leihaketa egongo da.

Ekainaren 14an, larunbata, rally umoristikoa ospatuko dute, eta hurrengo egunean, berriz, parkour tailerra haurrentzat, beste ekimen askoren artean.

Aipatutako gauzez gain, musikak ere pixu handia izango du jaietan, eta 9 egunetan zehar banatuko dira, besteak beste, La Tuna Bando, Sustrai Berriak, Kaos Etiliko, DJ Gose ta sue, Safara Percussion, DJ Matxinada, Merina Gris, Altxa Porrue, MJ Izarren Ahuntza, DJ Party&Tizagaz, Sukena, Süne, Zirkinik Bez, En Esenzia Orkesta, Nonhai erromeria, Zilibito Records eta DJ Puntz.

Igorreko jaietako albiste honen babesleak: Arratia Inmobiliaria.

Kontzertu emanaldi bat Igorreko jaietan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Kontzertu emanaldi bat Igorreko jaietan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)