
Urtero bezala ateak irekitzerako jende andana zegoen itxaroten Mendizabalako aparkalekuaren sarreran. Lehen unean denboraz lehen zabaldu badituzte ere, 18:00ak jotzearekin batera zabaldu dituzte ateak, 18:15etarako dena prest egoteko.
Liberen atmosfera iluna
Kontzertua baino bost minutu lehenago gurutzatu ditugu oholtzarako bidean. ‘Esnatzean’ kantuarekin ekin diote emanaldiari Libe eta lagunek. Diskoan justu aurretik datorren ‘Zorabio’ abestiak eman dio segida. Bi kantuak ere ‘Azal ezten’ azken diskokoak izan dira, beraz, hasieran. Duela pare bat urte Pasadenaren musika aurkezten ari ziren Azkenan eta kuriosoa da nola musikari asko berdinak izanik gauza guztiz desberdina lortu daitekeen.
«Elai, deslai…» barruraino sartzen diren bi hitzak entzun ditugu kantu sentikor bezain hauskorrarren sarreran, ’Elai’ abestiak badu halako magia post-rockero bat, atmosfera eder bat garatzen duena. Bi teklatuetara jotako kantua da eta hor konturatu gara haietako batean, berak jo duenean, palestinar kufija bat zeukala zabalduta Libek. Lehen ordutik genozidioaren aurkako keinu bat jaialdian, Cherie Currie sionistaren larunbateko presentziak hautsak harrotu eta gero. Egiari zor, oholtzan eta jendartean ez da bestelako keinurik egon. Epel publikoa alde horretatik.
‘Gau eta egunaren guda’ abesti indartsuak eman dio segida emanaldiari eta arnas txiki baten atzetik etorri da diskoren izenburua aipatzen duen ‘Kemen haitz’ abestia. Beste behin Liberen gaitasun bokalak harrapatu gaitu abesti honetan. Ikusleen artean zegoen Miren Narbaiza MICE bera ere uneaz disfrutatzen ari zela nabaria zen. ‘Denbora’ etorri da atzetik, diskoa ixten duen abestia, sekulako ekaitza duena bere bukaeran, beltzetara doazen bonbo eta baxu leherkorrekin. Eztandaren osteko barealdi moduan etorri da disko zabaltzen duen eta single moduan aurkeztu zuen ‘Zalantza’, beste kantu atmosferiko bat, eztanda ugari dituena bere baitan, hurakanaren begitik ateratzen denean gertatzen den moduan lehertu da abestia berriz ere, argi estroboskopikoen dirdirarekin berriz ere ekaitzaldira joanaz denok. Ahotsean erabilitako efektuak ere azpimarratzeko modukoak izan dira lehen zati honetan, Ander Sevilla arduratu dela hortaz gogorarazi du Libe Kortazarrek.
‘Otzan’ dantzagarriago batekin egin du aurrera Libek, diskoari goitik beherako errepasoa emanaz puntu honetan. A zer oihu festa eta ahotsaren kontrola. Aipatu, diskoko azaleko soinekoarekin agertu dela oholtzara. ‘Ihesaldi handia’ diskoko ‘Mamuak’ kantuarekin eta atzetik etorri den instrumental luze batekin bukatu dute emanaldia, taldekideek oholtza utzi eta azken segundoak Libe pianoan utzita. Laburra bezain ederra izan da euriak nola hala errespetatu duen kontzertua.
Buzzcocks nekaezinak
«Oeoeoe»-ka sartu da oholtzara Steve Diggle abeslaria pandero bat eskutan zuela eta publikoa lehen unetik poltsikoratu du. ‘What Do I Get?’ joaz ekin dute, intro luze baten ostean. ‘Senses Out of Control’ jo dute, 2022ko ‘Sonics in the soul’ diskokoa, riff indartsu baten garrantzia azpimarratuz. ‘Sick city sometimes’ melodikoago batekin eman diete jarraipena, adinean aurrera egin arren, forman daudela erakutsiz.
Hasi eta bukatu geratu erę egin gabeko kontzertu horietakoa eskaini dute Manchester Handitik, Bolton hiritik etorri den taldeak. Steve Diggle da hasiera-hasieratik dagoen taldekide bakarra, 1976an hasi eta, geldialdi baten ostean, 89tik etenik gabe dabilen taldea, bidean 11 disko kaleratuz.
Espainiako rockaren presentzia
Pixka bat berandu baina iritsi gara Quique Gonzalezen emanaldira, sorpresa hartuz gainera, Karlos Arancegui tolosarra izan baitu ondoan madrildarrak. ‘Kamikazes enamorados’ edota ‘Miss camiseta mojada’ izan dira lehen kantuen artean. Espainiako pop-rockaren erreferentzia garbia da Gonzalez eta hori argi geratu da publikoaren aurpegietan. Urrian aterako duen disko berriko ‘Terciopelo azul’ kantuak eman dio segida, tempo erdiko abestia, Gonzalezen akustikoa garbi entzuteko aukera ematen duen horietakoa.
Bob Dylanen ‘Is your love in vain’ gaztelerara moldatuta aurkeztu du atzetik, musikalki ere bere terrenora eramanaz. ‘Averia y redencion’ 2009ko abestiarekin eman dio jarraipena, ez da harritzekoa Leivarekin ere 2015ean bertsio bat egin izana, pare-parean egokitzen baitzaio abestia Leivari. Aurrekoan BECen izan zen Leiva eta Mariana Mott, Gorka Urbizurekin bandan izan dena eduki zuen ondoan, gaur Arancegui Gonzalezekin, eta Urbizu ikusleen artean, tarteka begiak itxi eta beste norabait bidaiatzen.
Ekaitzaren zera hori aipatu dugu gaurko egunean, bada, ‘Relampago’ abestia eskaini dute hurrena, taldekoekin polifonia dotorean abestutako kantua. ‘Salitre’ abesti erromantikoaren unean publikoak gogotik abestu du, sentikorra da eta modu pausatu goxoan abesten du madrildarrak.
Toni Brunet, Javi Pedreira, Raul Bernat, Jacob Jackson eta Karlos Arancegui taldekideak aurkeztu ditu ‘Charo’ kantatzerakoan eta Bruneten ahotsa Nino Bravorenaren pare jartzeko baliatu du unea. Kantua izatez Los Detectives taldearekin egin zuen Gonzalezek. Azken kanturako, ‘Vidas cruzadas’ (honek ere badu kolaborazio bertsioa, Ivan Ferreirokein) 12 sokako elektrikoa atera du, gainera, Brunetek. Hiru egun eder pasatzeko opatuz agurtu da Gonzalez.
Gaueko erregina eta sorpresa
40 urte oholtzan daramatza Leanworthen, Kansasen, sortutako Melissa Etheridge musikariak eta aurten 64 beteko ditu, eta a zer nolako dohaiak erakutsi dituen oholtza gianean. Gitarra nagusiaren rola hartuta sekulako gustoa du Etheridgek rock amerikar klasikoa egiterako garaian. Publikoaren konplizitate bila izan da lehen unetik, berak gitarra jotzen adina disfruta zezaten bertaratuek. Jam estiloko pasarte luzeak kantuetan, jaialdiaren izenari zentzua ematen dieten horietakoak eta rockaren maitaleen benetako gozagarri direnak. Banda gazte bat izan du inguruan Etheridgek, instrumentu bat baino gehiago jotzen duenik ere bai tartean, hala piano-jotzaileak gitarra hartu du ‘I want to come over’ 1996ko abestia jotzeko.
Etheridge lesbiana gisa atera zen publikoki 1993ko urtarrilean Triangle Ballen homosexualen gaiarekin lotutako Bill Clinton presidentearen lehen inbestiduraren ospakizunean. Etheridgek Clintonen 1992ko presidentetzarako kanpaina babestu zuen, eta, irten zenetik, homosexualen eskubideen aldeko ekintzailea da. Horrek ziurrenik izan du zeresanik bere ibilbidean.
Ahoko soinua ere jotzen du, rock izar puru bat dela esan daiteke. Gutxienez bots gitarra atera ditu eta horietako batean alderantziz jarritako gurutzea zeraman ‘Come to my window’ jo duenean. Bruce Springsteen aipatzen gabiltzan garaiotan, musikan emakumeek zenbat demostratu behar duten argi uzten du Etheridgen adibideak. Inbidiarik ez ‘The Boss’-i eta haren kantaera eta gitarra jotzeko moduari. Baina badakigu industriak zenbat azpiratu dituen beti emakumeak, eta zer esanik ez rockean.
Ordu eta laurdeneko erakustaldia estatubatuarrarena. Eta bateria ere jo du uneren batean! Crack bat.
Inglaterrako esentzia oholtzara
Ia 50 urte oholtzan daraman The Damned talde ingelesa izan da eguneko kartelburu nagusietako bat. ‘Love song’ kantu azkarrarekin hasi dira, punk ingelesaren esentzia guztia taularatu dute hor.
Rock & rolleroagoa den ‘Wait for the Blackout’ etorri da segidan eta sinte doinuak entzun dira ‘Lively arts’ hasi denean eta hor jabetu gara oholtzako txoko batean zegoela teklatu-jotzailea. ‘The History of the World (Part 1)’ etorri da atzetik. Urtero moduan Azkena Rocken forokoak adi egon dira kantu zerrenda osatzen laguntzeko, gozagarria da haien laguntza horrelako egunetan.
Baxu kolpe indartsuz eta bateria solo baten ostean hasi dira ‘Stranger on the Town’ joz, 60etako rock britaniarrari gorazarre egiten dion abesti horietakoa, nahiz eta beranduagoko eraginak agerikoak izan. Eskuekin hizketan hasi da, eskularru beltzak soinean, David Vanian abeslaria ‘Dr. Jekyll and Mr. Hyde’ kantuaren sarreran. Dinamika dezente duen kantua, abiadura jaisteko baliatu dutena. «I hate politicians, they made circus» esan du Rat Scabies gitarra jotzaileak eta ‘Beware of the Clown’ eskaini dute.
Garaian Tino Casalek gaztelerara ekarri zuen baina izatez Barry Ryanen abestia den ‘Eloise’ klasikoa eskaini zuten segidan. Eta, gero, ‘The Invisible Man’, ‘Neat Neat Neat’, ’New rose’ eta kontzertu bukaerako ‘Smash it up’ kantuaren bi zatiak etorri dira. Blokean eta indartsu aritu dira The Damned taldekoak.
Bai, baina ez
Backline potentea oholtzan, soinu gordina, artifizio gabeko soinua izan da Dinosaur JR. talde amerikarrarena. 1984an Amherst herrian, Masachussettsen, sortu zen taldea eta egun hasierako formazioari eusten diote. Hiruko formatuan, J Mascis, Murph eta Low Barlow gitarran, baterian eta baxuan. Gordinegia eta karrankariegia izan da tarteka gitarraren soinua.
1994ko ‘Without a sound’ diskoa hasi eta buka jo dute, 90etako rock alternatiboaren esentzia duena, garaiko MTV janzten zuena. Gurera berandu iritsitako talde horietakoa da, bigunegiak zirelako. Baina gauza bera gertatu zen Estatu Batuetan, mendebaldeko kostako Grungea eta Hard Rocka ekialdeko kostako alternatibari gailendu zitzaiolako, Pixies edota hauek adibide. Mundu mailan Nirvana, Soundgarden, Guns'N'Roses edota Pearl Jam ziren nagusi.
Kontzertu lasaiegia izan da akaso gaueko ordu txikietarako. Hala, jendea gutxika-gutxika etxeratuz joan da lehen jardunaldi honetan. Bai, talde bikaina delako, baina akaso ez delako horrenbeste gustatu. Hala ere, Trashvillen Wau y los arrrghs!!! taldea ari zen kontzertua ematen bitarte horretan eta sekulako ilara zegoen bertara sartzeko, pena bi taldeen ordutegiek bat egitea.
Guk mokadutxoa egin eta erretiroa hartu dugu, Lee Rockerren rockabillya entzuten ari ginen bitartean. Bihar gehiago.

Iruñea Antitaurina: «Si la clave es merendar, que quiten los toros y pongan otra cosa»

«Decidieron matar a Germán con un objetivo político y otro social»

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Investigan insultos y un presunto intento de agresión al alcalde durante la procesión del 7
