... Baina erregeak beste abere batzuk dira hemen; ardiak, jakina. Arratsaldea beroa da eta itzalpean daude babestuta.
Euskal Herriko gaztazaleen artean marka ezaguna da Mausitxa. Ordiziako Txapelketa hiru aldiz irabazitakoa da, eta beste dozenaka sariketa ere bai, bai hemen eta bai kanpoan. Etxeko paretak txapelez eta mota guztietako garaikurrez beteta daude eta gehiago zintzilikatzeko tokirik ez dago dagoeneko: «Txapel mordo bat kajoian sartuta daukagu», esan digu Oinatz semeak. Iñaki Mausitxako zortzigarren gaztagile belaunaldikoa da, eta aitak esandakoari egiten dion kasuagatik, oso litekeena da Oinatz bederatzigarrenekoa izatea.
Idiazabal izendapenekoen artean, ekoizpen handienetakoa daukana izango da Iñaki. Gaztandegira sartzean inpresioa egiten du hainbeste gazta batera ikusteak. Hiru mila inguru omen daude biltegi honetan. Fase honetan, denek dute oraindik lizuna, eta halaxe behar du, gazta naturala ondo heltzen ari den seinale baita. Merkaturatzeko orduan, banan bana garbituko dituzte. Gaur egun, gazta egin egin, Rosa amak eta Itsaso emazteak egiten dutela garbi utzi nahi du Iñakik.
Lan egiteko modua aldatu da artzaintzan, baina zikloak ez. Mausitxan azaro erdialdera hasten dira arkumeak jaiotzen, Gabonetarako kentzen dituzte eta esnea jaizten hasten dira, eta uztaila hasieran edo antzuten dituzte ardiak. Etxe inguruko zelaietan larretzen dira urteko zortzi hilabetetan, baina udan inguruko mendi batera eramaten dituzte, Izarraitzen magaletara, 740 metro inguru altuerara. Iñakik dio altueran egoteak onuragarria zaiela osasunaren aldetik, hainbat bakteriak eta hongok eraso egiten baitiete ardiei arnas aparatuan, baina ez altueran daudenei.
Idiazabal gazta tradizionala egiten du Iñakiren familiak, bai ketua eta bai zuria. Eskualde honetan ez omen da ketua kontsumitzeko ohiturarik, baina merkatuak eskatu egiten zuela konturatu eta duela hamabost urte inguru egiten hasi ziren. «Gazta ketua ez zen apropos egiten. Txaboletan egiten zenean, artzainak konturatu ziren euliek -eta ondorioz, harrek- ez zietela eraso egiten keak ilundutako gazta horiei. Eta gainera, jende bati ketuaren zaporea gehiago gustatzen zaio. Are gehiago, Estatu espainiarrean Idiazabal gazta kontsideratzen dena gazta ketua da, horrek desberdintzen du eta Manchako gaztatik, adibidez. Alegia, arrazoi komertzialak ere badaudela ketua egiteko» diosku Iñakik. Madrilera eta bidaltzen dituzten gazta guztiak –Paseo de Salamancako dendetan ere erosi daiteke– ketuak dira.
Euskal Herrian berriz, kontsumitzaileak nahiago du gazta zuria. Mausitxak saltzen dituen hamarretik zortzi dira zuriak. Ekoizpenaren %95a Gipuzkoan eta Bizkaian saltzen du Iñakik, eta horren zati handi bat Deba bailaran. Baserrira bertara ere, nahiz eta urruti egon, erosle ugari gerturatzen da.
Diren eta ez diren txapelketa guztiak irabazita daude Iñakiren aita Jesus eta ama Rosa, baita semea bera ere. Horien arten garrantzitsuena zein den garbi dauka Iñakik, eta arraunarekin egiten du alderaketa: arraunean ere Gipuzkoako Txapelketa eta Euskal Herrikoa badira, baina arraunlari guztiek Kontxako Bandera irabazi nahi dute, eta gaztagileen artean ere gauza bera gertatzen da, Ordiziako txapela denek amets. Ondo betetako irrika du hori Mausitxak: txapeldunen artean jokatzen den txapelketa ere irabazita dago…
Kalitateko gazta zaindu ere ondo egin behar da, mahaira ateratzerakoan zapore bete betean egon dadin. Iñakiren aholkua da hozkailuan edukitzea eta jan baino hiruzpalu ordu lehenago ateratzea. Edaria aukeratzekoan, berriz, ardo beltza ez du gomendatzen, elkarrekin talka egiten duten zaporeak dira eta. Dastaketak etxean egiten dituztenean, Mutrikuko Sagarmiña txakolinarekin edo Mendaroko sagardoa zuriarekin laguntzen dute gazta Mausitxan.
Bezero famatu batzuk
Jakina, etxean etxeko gazta kontsumitzen dute, baina gazta urdina ere gustukoa du Iñakik: «Hala esan nuen duela gutxi elkarrizketa batean eta egurra jaso nuen horregatik, baina egia da, gustukoa dut urdina, pixkat jateko bada. Oso matiz bereziak dauzka».
Eta bezero famaturik ba al dute Mausitxan? Bada bai. Kazetari batek Jose Luis Rodriguez Zapaterori Espainiako presidente ohiari oparitzeko erosi zion gazta. Eta Arnaldo Otegi -elgoibartarra hau ere- kartzelan egon zen urteetan, bisitan joaten zitzaizkion lagunek hutsik egin gabe eramaten zioten Mausitxa bat, bazekitelako gazta honen oso zalea dela.

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Agradecimiento desde el hospital de Gaza a una Iruñea volcada contra el genocidio

«Aquí me voy a tatuar unos huevos con txistorra»

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa
