Duela urte batzuk etorri zen familia Goierrira bizitzea, eta behiak jartzeko asmotan zen Ander amasarra, baina aurrekontua handiegia zela jabetu zen. Planak aldatu eta hamabost ardi ekarri zituen, etxe inguruan ibili zitezen.
Probatu zuen probatu bazuen: hiru urteren buruan 170 buruko artaldea osatua zuen. Eta ondoren, gehiago. Baina fabrikan lan egiten segitzen zuen, Zizurkilen. Bere burua gehiegi estutu -goizeko 6etan lanera sartzeko goizaldeko 2,30tan jaikitzen zen, ardiak jeiztera, eta lanetik itzulitakoan berriro ere arditara- eta gorputzak abisua eman zion. Kardiologoak garbi esan zion horrela ezin zuela segi.
«Amak egiten zituen gaztak, izugarri lagundu dit, baina une jakin batean zirt edo zart egin beharrean tokatu nintzen, eta erabat ardietara jartzea erabaki nuen. Lehenago hasi ez izana, pena hori daukat, baina onartu beharra daukat txakur txikirik ere ez neukala patrikan eta fabrikako soldata ederki etorri zitzaidala gaztagintzan aurreneko pausoak emateko» dio kuban esnea lantzen ari den bitartean.
«Amak egiten zituen gaztak, izugarri lagundu dit, baina une jakin batean zirt edo zart egin beharrean tokatu nintzen, eta erabat ardietara jartzea erabaki nuen»
Gazta egiten aurrena ikasi zuena ama izan zen, Edurne Mujika. Auzoko artzain batek erakutsi zizkion bere sekretuak, eta ondoren Arantzazuko Artzain Eskolan ikastaroa egin zuen Edurnek. Eta amak semeari irakatsi zion. Orain jubilatuta dago ama eta Pakistango mutil bat dauka laguntzaile Anderrek. «Nolabait moldatu beharra dago. Andrea ere -Oihana Iguaran- batetik bestera dabil, bertsoak direla edo Jakin dela, bi ume ere badauzkagu… esku bete lan» diosku Anderrek.
Gazta ona egiteko esne ona behar dela garbi dauka Anderrek, eta horretarako ardiak gozatu egin behar direla, eta gozatzeko larre ona eta eguraldi egokia dela ezinbestekoa, bero zakarrarekin asko penatzen baitira. Goizeko lehen ordua eta iluntzea dituzte gustukoak ardiek. «Bestelakoan, egun guztian abaro egoten dira, eta albatan gainera. Horrela ez dira gozatzen. Freskura bilatzen dute» dio Anderrek. Tarteka, bezeroren batek gaztandegiko atea jotzen du, baina Anderrek itxoiteko esaten dio, orain ezin duela atenditu, esneari gatzagia botatzen ari zaio eta.
Urte garai honetan ardiak etxean baina askoz hobeto egoten dira mendian. Ataun eta Idiazabal arteko mugan dagoen Atxurbi herri-mendira igotzen du Anderrek artaldea, antzutu eta gero, han goian txabolarik eta ez baitaukate. Urbiara eramateko ere eskubidea badauka berez, baina hara joateak «familia sakabanatzea ekarriko luke, eta familia ez da bakoitzak bere bizimodua egiteko».
Espainiarrak eta estatubatuarrak
Gazta zuria ketua baino gehiago egiten du Anderrek, saldu ere hala egiten da eta, Euskal Herrian. Kanpoan berriz, ketuak askoz estimazio gehiago daukala ikusi du. Are gehiago, Espainiako bisitariak etortzen zaizkionean etxera «benetako» Idiazabal ketua dela esaten omen diote.
Bisitariak aipatuta, estatubatuarrak azpimarratu ditu Barandiaranek, gazta erosteko joera handirik ez duten arren oso propina onak ematen dituzte eta. Grazia handiarekin kontatu digu edozein gauzarekin harritzen direla, baita baserrian normal normalak diren gauzekin, katuak eta zakurrak esaterako, baina arazotxo bat izaten dela oinetako takoidunekin edo sandaliekin etortzen direla turistak eta ardiek egindako kaka nola eskibatu jakin ezinda ibiltzen direla.

Un libro recoge en más de 1.400 páginas cerca de 3.000 especies de plantas de Nafarroa

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Glutenik gabeko garagardoak digestio mailako ondoeza eragin dezaketen konposatuak izan ditzake

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha
