Nafarroako Iturgoien herrian dago etxaldea eta bertan egiten du lan Xabier Senosianek ahuntzain eta gaztagile gazteak. Bigarren abizena Otxotorena du, eta bien konbinaziotik dator Senorena marka.
Xabierrek nahiago du animaliekin lanean segi eta bere bikotekideak, Maite Diez de Arizaletak, erantzun diezaiola kazetariari. Sare sozialetako hedapenaz ere Maite arduratzen da.
Betidanik izan da ahuntzak hazteko joera Xabierren familian. Bere ama gazta asko egindakoa da eta semeari erakutsi zion teknika, oinarrizkoa. Ondoren, han eta hemen ikastaroak eginda osatu du formazioa semeak. Lantegi batean ari zen, baina une jakin batean zirt edo zart egin beharrean ikusi zuen bere burua eta ahuntzetara dedikatzea erabaki zuen. Gehienak esnetarakoak dauzka, Alpeetako ahuntz mota batekoak, esnea erruz ematen dutenak, baina haragitarako ere baditu.
Goizeko lehenengo lanak ahuntzak jaiztea izaten dute, eta ondoren etxe ondo sorora ateratzen dituzte animaliak, egun osorako. Antxumeak ere hor dabiltza, batzuk jaioberriak, jauzi eta jolas. Era ekologikoan lan egitea erabaki zuten Senorenan, eta horregatik da hain garrantzitsua ahuntzak larrean aritzea.
«Duela gutxi hasi ginenez, urtean mila kilo gazte edo egiten dugu. Gehiena Nafarroan bertan saltzen dugu, baina kanpoko jendea hona etortzen zaigu erostera, herrian daukagun gaztandegira» diosku Maitek. Bi urte besterik ez daramatzate lanbide honetan, eta hori dela eta oraindik ez du jartzen “gazta ekologikoa” etiketan, baina 2026an jarriko duela espero dute.
Ahuntzarena, suabeagoa
Ardi gazta eta ahuntz gazta ezberdinak dira zaporez. Kontrakoa uste genuen arren, ahuntzarena suabeagoa omen da. Bi hilabetez uzten dute ontzen Senorenan. Gaztanbera ere egiten dute. Esne gordinaren serumarekin egiten da gaztanbera eta proteina eta kaltzio ugariko elikagaia da, koipe gutxikoa. Bakarrik jan ohi da, baina eztiarekin eta intxaurrekin edo tartak egiteko ere erabiltzen da.
Gustura ari dira lanean Xabier eta Maite, nahiz eta urteko sasoi batzuetan ordu asko sartzen dituzten, baina kexu dira Administrazioak burokrazia lan dezente eskatzen diela eta. Bitartean, ahuntz taldeak hazten segitzen du Iturgoienen. Antxume emeak etxerako uzten dituzte, eta arrak haragitara bideratzen dituzte. Sariak ere hasi dira iristen. Esate baterako, Jaitzeko Gatza Eguneko lehiaketa irabazi berria da Senorena.

Un libro recoge en más de 1.400 páginas cerca de 3.000 especies de plantas de Nafarroa

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Glutenik gabeko garagardoak digestio mailako ondoeza eragin dezaketen konposatuak izan ditzake

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha
