Angel Lasa

Mirian Otxotorena: «Ekologikoan egiten dugunez lan, esne gutxiago ematen digute ardiek»

Metro mordo bateko eta gradu mordo bateko tartea dago Iturgoieneko plazatik Andia mendizerrako Trinitate baselizaraino. Artzaina, Mirian Otxotorena, herrian topatu dugu eguzkipean, eta bere artaldea Andia mendian, freskura ederrean.

Hasiera batean, behorrak jartzeko asmoa zeukan Mirian Otxotorenak, baina kontuak egiten hasi eta bizimodua ateratzea zaila izango zitzaiola jabetu zen. Beraz, senarrak eta biek ardi latxekin hastea erabaki zuten, era ekologikoan lan egitea, eta gaztagintzari ekitea, Axuribeltz markapean. Etxea bazuten Iturgoienen, familiaren sail batzuk ere bai, eta batez ere Urbasa-Andiako komunala erabiltzeko eskubidea, baita herriko bertako komunala ere. Ardiak falta, ordea.

Ez da erraza zerotik hasita artaldea osatzea, ezohikoa baita norbaitek bere ardiak saltzea. Pixkanaka pixkanaka hasi beharra dago abereak biltzen. ASLANArekin (Nafarroako ardi latxadun artzainak biltzen dituen elkartea da) jarri zen harremanetan Otxotorena, ea bazkideren batek bazeukan bildotsak gordetzerik berari saltzeko. Orbaitzetako Patxi Zabaltza izan zen artzain hori: urtero, bere artalderako geratzen ez ziren bildotsak Iturgoienera etortzen ziren. 2011 aldera izan zen hori. Ondoren, Jose Angel Azpirozek ere saldu izan dizkie ardi gazteak, eta hala osatu da Axuribeltzeko artalde propioa. Gazta ekoizten 2015ean hasi ziren.

Egun, hiru bat mila kilo gazta ondu ekoizten ditu Axuribeltzak. «Ardi dezente daukagu dagoeneko, baina ekologikoan lan egiten dugunez besteek biltzen dituzten baino litro gutxiago biltzen ditugu guk. Beste gazta mota bat ere egiten dugu, erdi ondua, elur maluta deitzen dioguna, eta gaztanbera ere bai» diosku Otxotorenak.

Saldu, etxean bertan saltzen dute gehien, eta Iruñeko, Gareseko, Erriberrko… hainbat dendatan ere bai, baita merkatu eta azoketan ere, esate baterako hilean behin Iruñean egiten den eko-merkatuan. Noizbehinka Donostiako Egia auzoan pandemia garaian egiten hasi zen merkatu txikira ere joaten dira.

«Hemengo belarrak ez dauka zerikusirik Baztango edo Leitzako belarrarekin. Eta beste kontu bat: geure gazta ere ez da berdina hemen beheko soroetan larretu badira ardiak eta mendiko zelaietan egin badute larrean»

Mirian bera, senarra eta semea ari dira lanean gaur egun Axuribeltzan. Denek denetarik egiten dute. Normalean, elurra hasi arte mendian edukitzen dituzte haziendak, umatzen noiz hasten diren ere kontuan hartuta. Martxoan etxe inguruko larreetara ateratzen dituzte ardiak, baina jaizten ez dituztenak berriro gora bidaltzen dituzte. Jaizten dituztenak, berriz, maiatza bukaera arte edukitzen dituzte herrian, eta ekainan eta uztaileko puska batean mendian jaizten dituzte.

Ekologikoak eta ‘klasikoak’ ba al dute ezberdintasunik zaporeari dagokionez? «Ez nuke esango ekologikoan lan egiteagatik bakarrik denik, baina horri gehitzen badiogu tokian tokiko belarraren ezaugarria, badago desberdintasunik. Hemengo belarrak ez dauka zerikusirik Baztango edo Leitzako belarrarekin. Eta beste kontu bat: geure gazta ere ez da berdina hemen beheko soroetan larretu badira ardiak eta mendiko zelaietan egin badute larrean» dio Otxotorenak. Gazta naturala bakarrik ekoizten dute, ekologikoan ez baitago onartuta gazta ketua.

Etxerako ale batzuk ere gorde beharko...

Antz emanda dago Mirian bezero guztiek ez dituztela gustu berdinak. Badira denboraldi haserako gazta bakarrik nahi dutenak, krematsuagoa eta zapore xuabeagokoa delako, eta badira bukaeran soilik erosten diotenak, baita urtean zehar jaten dutenak ere. «Umeei ez zaiela gustatzen gazta fuertea? Baita zera ere, primeran jaten dute» diosku.

Legeak agindutako epe motzenean hasten da merkaturatzen Axuribeltza gazta, bi hilabetez onduta alegia. Eta azkeneko piezak azarorako salduta izaten ditu, beraz bospasei hilabetez ondutakoak izaten dira zaharrenak… baina etxerako ale batzuk gehiago ontzen uzten dituela aitortu digu, «niri mota eta heldutasun guztietako gaztak gustatzen zaizkit eta!».

Bezeroak iritsi dira -familia gipuzkoar bat- eta haien eskaria, bi gazta erdi, prestatu beharra dauka Otxotorenak. Hutsean ontziratzeko tresnan haizea atera eta hor joan dira plastikoan babestuta bi pieza poltsara. Eta Axuribeltzara bisita bukatzeko, basoan barrena doan pistan gora, Trinitateko baselizaraino eraman gaitu, benetako protagonistak, ardiak, bertatik bertara ikusi ditzagun.