NAIZ

Gazteen osasun mentalaren inguruko Elhuyarren ‘Zurrunbiloa’ proiektuak kirola aztertu du

Gazteen osasun mentala aztertzen duen ‘Zurrunbiloa’ proiektuak kirolaren esparruan jarri du arreta oraingoan, adituekin eta gazteekin hartu emanean. Azterketak kirolaren onurak erakutsi ditu, baina baita dinamika kezkagarriak ere, nerabeen aurkako biolentziaren sintomak direnak.

Elhuyarrek jarri du martxan ‘Zurrunbiloa’ ekimena.
Elhuyarrek jarri du martxan ‘Zurrunbiloa’ ekimena. (ELHUYAR)

Gazteen osasun mentala erdigunean jartzea helburu duen Elhuyarren ‘Zurrunbiloa’ proiektuak kirolaren esparruan egin du hausnarketa oraingoan. 500 nerabe baino gehiagorekin egin du azterketa eta zenbait psikologo, kirol entrenatzaile, kirol ikertzaile eta antropologoren laguntza ere izan du. Nerabeen aurkako biolentzia ikusezinarekin amaitu nahi dute egitasmoarekin, «funtsezkoa baita gazteen osasun mentalaren arazoari aurre egiteko behar den eraldaketa soziala gauzatzeko». Kirol esparruko hausnarketa hau egiteko proiektuak Kutxa Fundazioaren eta Elgoibarko udalaren laguntza jaso du.

Nerabeekin egindako azterketatik ondorioztatu dute kirola egiten duten nerabeek osasunaren markatzaile hobeak dituztela. Ez hori bakarrik, osasun fisikoa sustatzeaz gain, nerabeen talde pertenentziaren sentipena indartzeko gaitasuna du kirolak, eta bi horiek funtsezko aldagaiak dira osasun mentalerako. Nerabeen %85entzat, kirol taldekideak dira sare sozial sendoena.

Kirolak prestigio handia du gizartean, eta azterketak erakutsi du kiroletik kanpo geratzen diren nerabeek zaurgarritasun zantzuak azaltzen dituztela. Besteak beste, laguntza eskatzeko gaitasuna murrizten die kirolaren inguruan sortzen den lagun saretik kanpo geratzeak: %61ek ez du eskatzen laguntzarik behar duenean, nerabeen %37k duen joera orokorraren aldean.

Sei presio dinamika

Kirola ikuspegi inklusibo batetik eta ongizatean zentratuta egiten denean, espazio pribilegiatua da gazteen osasun mentala hobetzeko. Hala ere, Elhuyarrek zehaztu duenez, nerabeen osasun emozionala ez da beti bermatzen kirolean, nerabeen osasun emozionalari kalte egin diezaioketen presio dinamikak ere gertatzen baitira. Azterketa honetan, 6 dinamika identifikatu dira, nerabeen aurkako biolentziazko jokaerak direnak: minaren erromantizazioa, jarrera autoritarioak, zaurgarritasuna barregarri uztea, helduen gehiegizko espektatibak, kirolaren hizkera bortitza eta konplize isil moduan jokatzea.

Ekimenaren beste helburuetako bat da nerabeen aurkako biolentziaren ikusezintasunarekin amaitzea, «funtsezkoa baita gazteen osasun mentalaren arazoari aurre egiteko behar den eraldaketa soziala gauzatzeko». Horretarako presio dinamikak identifikatu, genero eta inklusibitate aldetik dauden gabeziak jaso, eta kirolean parte hartzen duten eragileentzako proposamenak jaso ditu ‘Zurrunbiloa’-k. Besteak beste, Iñaki Alonso, futbol entrenatzailea, Kunina Sport and Education aholkularitzako zuzendaria eta Athleticeko haurrak babesteko lehen protokoloaren sortzailea; eta Ainhoa Azurmendi, kirol psikologiako EHUko ikertzailea, Aventoko kirol aholkularia eta Realarentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta kirol federazioentzat aholkulari lanak egiten aritutakoa.

Zurrunbiloa proiektua

Ekimenak ikuspegi berritzaile batetik heldu dio gazteen osasun mentalaren arazoari. Proiektuak hiru fase ditu. Lehenengo fasean, adituekin eta testigantzak eman dituzten lau gazterekin, bost ikus-entzunezkoen serie bat osatu da, besteak beste. Bigarren fasean, Elgoibarren, herri mailako diagnosi bat egin da eta, horri erreparatuta, arazo nagusiak eta haien eragileak identifikatu dira. Eta, hirugarren fasean, gizarteari emango zaio protagonismoa. Bi urteko ondorioak oinarri hartuta, hausnarketa prozesu bat irekiko da herrian nerabeen inguruan lan egiten duten eragileekin, herrian egingo den bide-orria adosteko.