
Imanol Pradales lehendakariak CIC Nanoguneren Dorre Kuantikoa inauguratu du asteazken arratsalde honetan. Euskal Herriak teknologia kuantikoen Europako erreferentzia-polo gisa duen posizioa indartzen du azpiegitura estrategiko honek. Ekitaldian izan dira, halaber, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia;, Jon Insausti Donostiako alkatea; Javier Martinez-Ojinaga CIC Nanoguneko presidentea; Juan Ignacio Perez Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, eta Europako ikerketa-zentroetako eta industria kuantikoko ordezkariak.
Pradalesek adierazi duenez, «Nanogunek nanozientzian duen posizionamenduak aukera ematen digu aurrerapauso erraldoi bat emateko ‘Made in Euskadi’ teknologia duten konputagailu kuantikoen garapenean. Etorkizunerako zubia da. Ziurtasunik ez, baina etorkizun oparoa dute: sendagai berriak, minbizia detektatzeko sistemak, material jasangarriagoak, zibersegurtasuna edo hondamendi naturalen iragarpena, adibidez».
Gainera, Pradalesek azpimarratu duenez, «subiranotasun estrategikorako zubia da, Estatu Batuen eta Txinaren mendekotasun handia dugun eremu kritiko batean», eta «Euskadik erabaki propioak hartzeko eta, Europaren eskutik, lasterketa teknologiko globaletan parte hartzeko duen gaitasuna indartzen du».
Jose M. Pitarke Nanoguneko zuzendariak eman dio hasiera ekitaldiari, eta hau nabarmendu du: «2009an zentroa sortu zenetik lortutako posizionamendua eta aintzatespena dira hardware kuantikoa Nanogunen garatzeko oinarria; teknologia propioko ordenagailu kuantikoak garatuko ditugu».
Dorre Kuantikoan Nanoguneko hardware kuantikoko ikertaldea dago, Fernando Gonzalez-Zalba Ikerbasque ikertzailea buru duela. Pitarkek azaldu duenez, taldea elkarlan estuan arituko da Quantum Motion enpresarekin –zeina «aitzindaria» baita sektorean–, silizioan oinarritutako konputazio kuantikoko gailuak garatzeko, gure ordenagailuen, telefono mugikorren edo ibilgailuen mikroprozesadoreen oinarri den teknologia bera erabilita. «Gure proiektuaren eskala eta anbizioa hain dira handiak, ezen erabaki baitugu gure instalazioak handitzea eta gaur inauguratuko dugun dorre berria, Dorre Kuantikoa, eraikitzea», gaineratu du.
1.500 metro kuadro
Dorre Kuantikoak 1.500 metro kuadro inguru ditu, zazpi solairutan banatuta, eta haietako bi gaitu dira lehen fasean. Gune horietan, batetik, Nanogunek hardware kuantikoan egiten dituen ikerketetarako laborategiak daude, eta, bestetik, Quantum Motionek Donostian eratu duen filialaren bulegoak.
Instalazio berrietako elementuen artean, bi diluzio-hozkailu nabarmentzen dira, gai direnak zero absolututik hurbil dauden tenperaturak lortzeko: hamar milikelvin inguru, hots, kanpoko espaziokoak baino baxuagoak. Muturreko kondizio horietan, zarata termikoa asko murriztu daiteke, eta efektu kuantikoak azaleratzen dira; hala, efektu horiek neurtu eta kontrolatu daitezke.
«Hozkailu horiei esker, ordenagailu kuantikoak garatuko ditugu, zeinek erdieroaleen teknologia industrialarekin fabrikatutako gure txipak erabiliko baitituzte. Zehazki, silizioan oinarritutako prozesadore kuantikoak garatuko ditugu, teknologia horrek aukera ematen baitu teknologia eskala handian integratzeko, eta, hala, gizartean eragin positiboa izango duten algoritmo kuantikoak gauzatzeko behar den kalkulu-potentzia lortzeko», azaldu du Gonzalez-Zalbak instalazio berrietara egindako bisitan.
Etorkizun handiko teknologia
Ikertzaileak azpimarratu duenez, gainera, «silizioan oinarritutako teknologia kuantikoek etorkizun handia dute, eskalagarritasun-ahalmen handia baitute; izan ere, elektronika klasikoa fabrikatzeko dagoen industriaren azpiegitura erraldoia aprobetxatu ahal izango da ordenagailu kuantikoak eraikitzeko».
Eider Mendozak CIC Nanoguneren ikerketa-ibilbidea nabarmendu du, «beti ezagutzaren mugan». Hain zuzen, horixe erakusten du, haren ustez, Dorre Kuantikoa eta hardware kuantikoko laborategiak inauguratu izanak. «Lehen mailako mugarria da teknologia kuantikoak aurrerapen zientifiko eta teknologikorako, lehiakortasun ekonomiko eta industrialerako, aukerak sortzeko eta proiektu aurreratuetarako faktore gisa garatzeko bidean», azpimarratu du Mendozak, eta berretsi du ziurgabetasun globaleko eta aldaketa handiko garai honetan gizarteari «ongizatea, segurtasuna eta indarra» emateko bidea dela «zientziaren eta ezagutzaren aldeko apustua» egitea.

Haurdunaldiarekin batera ondutako disko berria iragarri du Izarok abendurako
Arrosatik Idauze-Mendira, 30 urteko ondareari bide eginez
«Galderetatik abiatzen naiz: egia deserosoa bada ere, hortik kantatu nahi dut»

Tolosa vivirá su Carnaval de mil y una formas diferentes
