NAIZ

Farmakoek ingurumenean duten eraginari aurre egiteko neurriak eskatu ditu ikerlari talde batek

EHUko ikerlari talde batek farmakoek ingurumenean duten inpaktuari aurre egiteko neurriak bultzatzea eskatu du. Gainera, azpimarratu dute sendagaien erabilera arrazionalagoa sustatzea eta farmazia osasun eta albaitaritza sektoreen inplikazioa beharrezkoak direla.

Iker Egaña eta Vladimir Akhrimenko EHUko ikertzaileak.
Iker Egaña eta Vladimir Akhrimenko EHUko ikertzaileak. (EHU)

Farmakoek ingurumenean eta giza osasunean duten eragina arintzeko neurriak eskatu ditu EHUko Basque Sustainable Pharmacy & Biotherapy taldeak. Ikerketa talde honek nabarmendu duenez, horretarako inplikatu behar dira farmazia, osasun eta albaitaritza sektoreak.

Ohar batean azaldu dutenez, produktu farmazeutikoek gero eta eragin handiagoa dute ingurumenean: ekosistemei eta giza osasunari erasaten diete, eta biodibertsitatearen galera, botika antimikrobianoekiko erresistentzia eta klima aldaketa bultzatzen dituzte.

Iker Egaña eta Vladimir Akhrimenko EHUko ikerlariek adierazi dutenez, «arazoa oso zabala da, eta animalien komunitateen gaineko eragina askotarikoa. Gaur egungo araztegiak ez daude farmako mota guztiak deuseztatzeko diseinatuta; haietako batzuk soilik eliminatzen dituzte. Oraingoz oso txikiak dira farmako horien kontzentrazioak eta kantitateak, baina duela urte batzuetatik ikusten ari gara jada ondorioak izaten ari direla. Arazoa globala da. Eta garabidean dauden herrialdeetan are okerragoa da egoera».

Egañak eta Akhrimenkok, besteak beste, farmazia jasangarriago bat lortzeko jada inplementatuta dauden ekimenen eta agertzen ari diren ekimen berrien berrikuspen orokor eta kritikoa egin dute. Bide horretan, bizi-ziklo osoaren ikuspegia hartu dute oinarritzat farmaziako profesionalen zeregina identifikatze aldera. Diotenez, «kutsadura farmazeutikoaren arazoari aurre egiteko, esparru farmazeutiko jasangarri bat ezarri behar da, sendagaien garapenetik eta etorkizuneko profesionalen prestakuntzatik hasita».

Mahaigaineratu dituzten soluzioen artean, honako hau nabarmentzen dute: «Farmazia eta medikuntza sektoreko etorkizuneko profesionalek farmazia kutsaduraren arloan prestakuntza jasotzea, gaur egun gai hori ez baita lantzen unibertsitate ikasketetan. Hori lagungarria izango litzateke, esate baterako, farmazia industriak sendagai biodegradagarriagoak diseina ditzan, segurtasuna arriskuan jarri gabe. Garrantzitsua da farmako baten ingurumen inpaktuaren analisiak pisu handiagoa izan dezan lortzea». Era berean, agerian utzi dute oso garrantzitsua dela «pazienteen aholkularitzan inplikatzea, farmakoak modu arrazionalagoan erabil daitezen, hondakinak hobeto kudea daitezen, eta abar».

Horrez gain, EHUko ikertzaileek aditzera eman dute ingurumen kalteak kontuan hartu behar direla sendagaiak preskribatzean, eta proposatu dute osasun-sektoreak ez dezala beti zuzenean jo soluzio farmakologikora, «beste soluzio batzuk ere bilatu ditzala, eta, ahal duen neurrian, ekopreskripzioa ere sar dezala bere jardunean. Zenbaitetan, atsedenaldi batek farmako jakin batek adina lagundu dezake», esan dute adibide gisa. Hala ere, uste dute arazo hori ez dela soilik osasun-arazoa, ez eta arazo farmazeutiko huts bat ere; «guztiok inplikatu behar dugu, eta geure buruari galdetu behar diogu ea kontsumitzen ari garen farmakoak ingurumen-inpakturik izan dezakeen. Jakin egin behar dugu kontsumitzen dugunak zer ondorio dituen».

Europako araudia

Ikertzaileek arreta berezia jartzen dute neurri arautzaileetan, eta, haien arabera, «Europa aurrera egiten ari da arlo horretan; auzi horri buruzko zuzentarauak birformulatzen ari da» Hiriko Hondakin Uren Tratamenduari buruzko Europako Zuzentarauak, esate baterako, lehen aldiz sartu du farmakoen eta sendagaien presentzia kalitate adierazle gisa.

Halaber, oso garrantzitsutzat jotzen dute hondakin uren araudietan ekoizlearen erantzukizun hedatua sartu izana, horri esker, araztegietan substantzia horiek ezabatzeak dakarren gastuaren zati bat beren gain har dezatela eskatzen baitzaie sektore farmazeutikoari eta kosmetikoari.

Bestalde, «kontsumorako uren araudi berri batean, lehen aldiz aipatu da farmakoen presentzia neurtzeko eta haien jarraipena egiteko beharra» gaineratu dute. Eta erregulazioa bide onetik doala diote.