Emakumeak Zientzian, 34 erakundek eta 70 jarduerak osatutako ‘Marea bizi’ geldiezina
Duela hamar urtetik gaur arte zientzia inklusiboago eta berdinzaleago baten aldeko bidea egiten ari da Emakumeak Zientzian ekimena. Emakume zientzialariak ikusarazi, estereotipoak suntsitu eta bokazio zientifikoak sustatzeko xedez, 34 erakunde zientifiko-teknologikok egin dute bat aurten.

Urtez urte indartzen ari da Emakumeak Zientzian egitasmoa, eta 34 erakunde bildu ditu aurten ‘Marea bizia gara’ lelopean. Zientzia irekiago, bidezkoago eta humanoago bat aldarrikatzen duen jarduera-programa zabal bat eraman dute aitzinera aste honetan. Asteazken honetan, otsailak 11, ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren bueltan 70 jarduera baino gehiago egin dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan, ekintza txikiek, elkarrekin, mugimendu handia sortzen dutela erakutsi nahian.
Adibidez, Mondragon Unibertsitateko Galarretako laborategiak bisitatu dituzte Hernaniko Aratz ikastolako DBH 3 eta 4. mailetako ikasleek. Energia ezberdinen oinarriak, kudeaketaren gakoak eta horiek sortzeko erabilitako teknologia azaldu diete bertan lan egiten duten emakumeek, beren esperientziekin batera. Zalla BHI ikastetxeko ikasleak, berriz, Biofisika zentroan izan dira. Fruituen DNA erauzteko esperimentu bat egin dute: fruta zatitxo bat zapaldu eta gatz- eta xaboi- disoluzioekin nahastu dute, zelulak apurtu eta DNA askatzeko. Zur eta lur gelditu dira DNA ikusgai bihurtu denean: hodiaren barrenean flotatzen duen hari zuri moduan agertzen hasi da.

Nahi izan duten herritarrek Donostia bertze ikuspegi batetik ezagutzeko ibilaldia lasaia ere egin dute, EHUko Kimika Fakultateko Berdintasun Batzordeko irakasle eta ikertzaileek gidatuta. Arrokak eta eraikinetako apaindurazko harriak aztertu dituzte: arrezife zaharretatik sortutakoak, magma hoztearen ondorioz eratutakoak, baita denborarekin baldintza berrietara egokitu direnak ere.
Asteazken honetan Donostiako Aquariumean eginen den jai-ekitaldi batekin amaituko da egitaraua. Topaketa horretan, gogoeta-prozesu baten ondotik idatzitako manifestu edo ekintza-plan bat partekatuko dute. Hark markatuko ditu Emakumeak Zientzian proiektuaren etorkizuneko ildoak.

«Erreminten arloan gizonek askoz sinesgarritasun handiagoa dute oraindik»
Aitziber Hilera ingeniaria da. 33 urte ditu eta bederatzi urte daramatza Legazpiko Bellota Herramientas enpresan lanean. Azaldu digunez, denok ditugu mikromatxismoak, eta makinen munduan geroz eta emakume gehiago egoteak lagunduko du horiek bukatzen. Emakumeak Zientzian egitasmoa ere hagitz ongi baloratzen du, batez ere beren artean solas egiteko aukera ematen dielako emakume zientzialariei.
Zer izan nahi zenuen handitan?
Gauza asko nituen buruan, ez nuen argi zer izan nahi nuen, baina Fisika, Matematika eta Marrazketa Teknikoa ziren gogokoen nituen ikasgaiak. Topografia, Meteorologia eta Arkitektura gustatzen zitzaizkidan, elkarren artean oso ezberdinak. Azkenean Arkitektura ikastea erabaki nuen, baina ez nuen sarbide froga pasatu. Nire amak hitz egin zidan Produktuen Ingeniaritza baten inguruan eta berak animatu ninduen hura ikastera. Dentistaren laguntzailea da ama. Niretzat oso garrantzitsua izan zen amaren bultzada hori.
Bistan da gustatu zitzaizula.
Bai. Geroago, Arkitektura egiteko deitu zidaten beste unibertsitate batetik eta ezetz esan nien. Oso gustura nengoen Ingeniaritza ikasten, hura zen hartu nahi nuen bidea.
Ikasten ari zinela nesken eta mutilen proportzioa antzekoa zen?
Nire karreran nahiko parekoa zen, %50 ingurukoa. Ez zen mekanika, diseinu ingeniaritza zen. Mekanikan bai, mutil gehiago zeuden.
Nolakoa izan zen lan mundurako saltoa?
Lauzpabost hilabete ibili nintzen lan bila. Praktikak beste enpresa batean egin nituen eta gero Bellota Herramientas-en lanean hasi nintzen. Pixkanaka nire lekua topatzen joan nintzen. Ia ibilbide osoa bertan egiten ari naiz eta oso gustura nago. Hasten zarenean, ikasi duzunak ez du egin behar duzun lanarekin zerikusi handirik, baina gero ikasi duzuna praktikan jartzen duzu. Barne promozioa egin dut. Mailaz maila igotzen joan naiz enpresan bertan. Askotan ematen dizkigute aukerak langileoi postuz aldatzeko edo mailaz igotzeko. Formazioak ere urtero ditugu eta ingelesa praktikatzeko klaseak ere baditugu.
Zein lan egiten duzu Bellota Herramientas enpresan?
Produktu arduradun bezala lan egiten dut eta erreminten diseinu berriak aurrera eramaten ditut. Erabiltzaileen frogak egiten ditut, erremintak aztertu, planoak, produktuen materialen eta dimentsioen aukeraketa, packaginak ere diseinatzen ditut, katalogoan ditugun erreminten mantenimendua eta konponketa...
Egun guztiak desberdinak orduan.
Hori da. Erreminta asko ditugu: eraikuntzakoak, nekazaritza eta lorezaintzakoak, erreminta elektrikoak, konbustio erremintak, babes ekipamenduak... Produktu ezberdinak ditugu eta bakoitzak bere berezitasunak ditu.
Bidaiatzea tokatzen zaizu?
Penintsulan zehar eta mundu zabalean. Bezeroak bisitatzera joaten gara. Herrialde batzuetan gauzak oso ezberdinak dira, horietan normalean gizonekin egiten dut lan.
Zer bilatzen duzu zure lanean?
Orain nagoen bezala jarraitzea izango litzateke nire helburu nagusia, nagoen lanpostuan jarraitzea. Departamendu izaera daukagu eta dugun giroa oso ona da. Gero, emakumearen eta zientziaren gai honetan, hemen ez dut arazorik eduki inorekin, baina denok ditugu mikromatxismoak eta makinen munduan geroz eta emakume gehiago egoteak lagunduko du horiek bukatzen.
Mikromatxismo horien adibiderik jarriko zenuke?
Bellotasen ez dut halako egoerarik bizi, baina kanpoko beste pertsonekin hitz egitean laguntzeko jarrera hori sumatu dut: lagunduko dizut, utzidazu niri... Denok barneratuta ditugun jarrerak dira. Aurrerantzean gauza hauek pixkanaka bukatzea izango litzateke helburua.
Bellota Herramientas enpresan emakume eta gizon kopuru paretsua dago?
Bulegoetan bai, baina fabrikan askoz ere gizon gehiago daude.
Nola bizi duzu Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna? Ekimenen batean parte hartzen duzu?
Saiatzen naiz joaten. Hitzaldiak eta halako egunak beharrezkoak dira komunitate bat sortzeko eta gure artean gauza hauetaz hitz egiteko. Egunez egun egiten dugun borroka da. Ni lankideekin babestuta eta ondo sentitzen naiz hemen, gure artean hitz egiten dugu eta ez dago arazorik, baina beste emakume batzuek ez dute aukera hori eta garrantzitsua da halako ekimenak egotea eta gure artean hitz egitea.
Zer aldatzea nahiko zenuke?
Arlo honetan gizon batek berez duen sinesgarritasuna emakume batek duena baino askoz handiagoa da. Emakume batek askoz gehiago borrokatu behar du. Espero dut pixkanaka aldatzen joango dela eta emakumeok ez ditugula gauzak 10.000 aldiz justifikatu beharko sinesgarritasun hori lortzeko. Makinekin nabilenean nabaritzen dut gehien. Makina handi batekin zabiltzanean eta arazoak ematen dituenean, iritzia emateko momentuan. Bertan dena gizonak daude eta han ari dira: nik uste dut hau dela, nik bestea... Zu bertan sartzea eta esatea: nik uste dut hemendik joan daitekeela arazoa... Agian momentu horietan zure ahotsa bigarren plano batean gelditzen da. Askotan ez dute nahita egiten, baina barneratuta ditugun jarrerak eta pentsamenduak dira: emakumeak ez dira arlo honetan egoten eta ondo moldatzen. Asko frogatu behar duzu zure iritzia maila berean egoteko. Huts egiten baduzu, aipatu duzunak jada ez du hainbesteko baliorik. Zeozer defendatu dudanean ideia hori asko prestatzen dut, ziur-ziur egoteko esaten ari naizenaz.
Autoexijentzia. Dena ongi ez, primeran egin beharra.
Bai. Agian nire buruarekin dudan gauza da, baina beste pertsona batzuek gauzak esaten dituzte, airera botatzen dituzte beren ideiak eta ondo sartzen dira. Sektorearen eta momentuaren arabera, emakumea izanda ideia horiek askoz gehiago prestatu behar ditugu.
Inportantea da neska gazteentzat zu bezalako erreferenteak izatea oraindik gizonekin lotzen ahal dugun erreminten sektorean.
Ez dakit erreferente naizen, gustatuko litzaidake, harro egongo nintzateke. Garrantzitsua da erreferenteak izatea. Txikiak garenean ez ditugu emakumezko erreferente asko izaten eta egun hauek emakume errefente gehiago izateko aukera ematen digute. Neska gazteak animatuko nituzke nahi duten ibilbidea hartzeko, gizonez betetako sektore batean sartu nahi izanez gero aurrera jotzeko aukeratu duten karrera horretan.
Zer ikasi duzu zentzu honetan Bellota Herramientasen daramatzazun bederatzi urteetan?
Berdintasun hori lortzen ahal dela. Gauzak ongi egiten dituzunean, ongi prestatzen dituzunean, negoziatzen duzunean, zure lekua aurkitzen duzu, zure ardura edo erantzukizun maila hartzen duzu enpresan. Denborarekin eta lan eginez, lortzen da.
Ardura postu batera iristea gehiago kostatzen da emakume izanda. Hala izan da zure kasuan?
Hemen nahiko emakume gaude postu garrantzitsuetan. Nire nagusia emakumea da. Beste zenbait emakume ere badaude ardura postuetan. Nahiko banatuta dago.
Enpresan kontziliazio neurriak daude?
Etxetik ere lan egiten dugu eta ordutegi malgua dugu. Ez naiz ama, baina lankideak nahiko ondo ikusi ditut alde horretatik. Lehen ama izan nahi zenuela esatea ez zen erraza emakume batentzat. Gaur egun ez dut beldurrik esateko urte batzuk barru ama izan nahi dudala. Halako zerbait esatea lehen ezinezkoa zen, ardura postu batean egonda zelan egingo dut aurrera. Baina orain ez dut beldurrik. Aurrerapauso bat da, baina gehiago lortu behar da.

Etzakit taldeak bi elkartasun kontzertu iragarri ditu maiatzerako Seaska eta Harrerarekin

'Laku bat orroka'-ren doinuan eginen du dantza Senpereko aintzirak

Andre Madalen, euskal emakume ahaldunduen adibide

Tinder e identidad visual: un estudio revela los nueve tipos de fotos de perfil de los usuarios


