NAIZ

Zientzia bidezkoago baten aldeko adierazpen batekin amaitu da 10. Emakumeak Zientzian ekimena

Emakume eta Neska Zientzialarien Egunean, Donostiako Aquariumean egin den ekitaldiak amaiera bikaina eman dio Emakumeak Zientzian ekimenaren jarduera-programa zabalari. Agiri bat aurkeztu dute, gogoeta kolektibo baten emaitza. Etorkizuneko zientzia inspiratzeko bederatzi ekintza jasotzen ditu.

Donostiako Aquariumean egin dute ekitaldia eta familia argazkia.
Donostiako Aquariumean egin dute ekitaldia eta familia argazkia. (EMAKUMEAK ZIENTZIAN)

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean amaitu da aurtengo Emakumeak Zientzian ekimena, Donostiako Aquariumen egindako jai-ekitaldi batekin. Adierazpen bat plazaratu dute bertan, gogoeta-prozesu kolektibo baten emaitza. Ekintza-plan horrek ekimenaren etorkizuneko ildo estrategikoak markatuko ditu. Ospakizunaren ardatza izan da, eta emakumeek zientzian eta teknologian duten papera indartzen jarraitzeko abiapuntua.

Ekitaldian izan dira Ane Oiarbide (Donostia Sustapena), Jon Gurrutxaga (Gipuzkoako Foru Aldundia), Ander Larrinaga (Arabako Foru Aldundia) eta Eider Mendoza (Gipuzkoako ahaldun nagusia), baita erakunde parte-hartzaile guztietako ordezkariak, erakunde laguntzaileak eta jarduerak aurrera ateratzea ahalbidetu duten boluntarioak ere.

Maitena Salinas ekitaldiaren aurkezleak jai-giroan zuzendu du ospakizuna, Janus Lesterren musikak girotuta. ‘Ertzak’ kantua abestu du artistak, berak konposatua 2023an Emakumeak Zientzian ekimenaren ereserki gisa.

Hamargarren edizio hau markatu duten lankidetzaren, ahalegin kolektiboaren eta ilusioaren balioa azpimarratu du aurkezleak.

Bat egiteko gonbita

Aliantzak «egiturazko desberdinkeriak ikuspegi askotariko batetik lantzeko duen konpromisoa» jasotzen du kaleratu duten dokumentuak. «Emakume zientzialarien ikusgaitasuna indartu, ezagutzarako sarbidea demokratizatu eta lan-ingurune ekitatibo eta erantzukideagoak sustatuko dituzten» bederatzi jarduera-ildo ezartzen dira testuan, «ekosistema zientifiko-teknologiko bidezkoago bat» lortze aldera.

Emakumeak Zientzian osatzen duten erakundeen «konpromiso etikoaren» erakusgarri da adierazpena. Ekintza horiekin bat egitera gonbidatu ditu enpresak eta erakundeak, etorkizuneko zientzia elkarrekin eraikitzeko. Esteka honetan irakur daiteke manifestu osoa.

Bederatzi puntu

«Emakumeen eta kolektibo azpi-ordezkatuen (klasea, generoa, etnia, jatorria, diziplinak…) erabateko parte-hartzea bultzatu nahi dugu zientzian, gizarte osoa ordezkatu eta baliatuko duen zientzia berdinzaleagoaren alde eginez», dio agiriaren lehenengo puntuak.

«Fokua jartzen dugu nesken STEAM bokazioen sustapenean, eta azpi-ordezkatutako emakume zientzialariak eta kolektiboak ikuspegi intersekzional batetik ikusaraztean», bigarrenak.

Zientzia eta kultura zientifikoa modu inklusibo eta berdinzalean hurbildu nahi dituzte gizartera, haren demokratizazioa sustatuz. Eta STEAM eredua besarkatzen dute. «Zientzia bere eremu zabalenean ulertzen dugu eta humanitateekin eta artearekin uztartzen dugu, diziplinen arteko hormak eraitsiz».

«Ibilbide profesional inklusiboak eta jasangarriak» sustatu nahi dituzte, eta «egiturazko aldaketen alde» daude. «Produktibitatearen gainetik egindako ekarpena saritzen duen ebaluazio-sistema batean sinesten dugu. Benetako eragina neurtuko duen ebaluazio zientifikoko sistema baten alde borrokatzen dugu, kalitatea zein lankidetza balioetsiko dituena».

«Berdintasunaren instrumentalizaziotik eta partaidetza sinboliko hutsaletik» aldentzen dira, eta «elkarlanerako eta elkar-zaintzako sarea» ehuntzen dute.

Balorazio ederra

‘Marea bizia gara’ lelopean, Euskal Herriko 34 erakundek kolektibitatearen indarra azpimarratu dute, eta etorkizunera begira amaitu da hamargarren Emakumeak Zientzian hau.

Oso modu positiboan baloratu dute jarduera ugariko edizio hau, parte-hartzea handia izateaz gainera, oihartzun handia izan baitu komunikabideetan. Aho-zapore ona utzi du azken balantzeak eta, halaber, datozen edizioetan haziz eta ahaleginak gehituz jarraitzeko konpromiso kolektiboa indartu du.

Horregatik, eskerrik zintzoena eman diete erakunde parte-hartzaileei, ekosistema zientifiko-teknologikoaren indarra eta lan kolaboratiboaren garrantzia agerian jarri dituen hamargarren edizio honetan izan duten inplikazioarengatik eta konpromisoarengatik. Haien laguntzari esker, Emakumeak Zientzianek hazten eta zientzia gizartera gerturatzen jarraitzen du. Datorren urtean ere batera arituko direlakoan daude, elkarrekin eraikitzen ari diren bide honetan aurrerapausoak ematen jarraitzeko.