
Txupinazoak eman die hasiera zoramena nagusituko den sei egun hauei. Eguerdiarekin batera eta Plaza Zaharra inoiz baino lehenago jendez lepo zegoela, Pintxana txarangako kideek izan dute suziria pizteko ardura, beraiek baitira aurtengo Kabi Alai Kuttuna. Alboan zituzten, nola ez, egun hauetan udalbatza osatzen duten elkarteko kideak, Itxaso Urdanpilleta alkatea buru zela eta inoiz baino emakume gehiagorekin Ostegun Gizeneko korporazioan.
Jaiak eztanda egin aurretik, aurtengo pregoiaren gaia Euskal Herriko festak izan dira. Hala, Ainhoa «kultur zinegotziak» jakinarazi du Euskal Herriko jairik onenen arteko lehiaketa egin dela, eta finalistak Tolosako inauteriak, Iruñeko sanferminak, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak eta Bilboko Aste Nagusia izan direla. Zeledon, San Fermin eta bere jotera eta Mari Jaia agertu dira udaletxe alboko balkoietan, ordezkari gisa.
Irabazlea aukeratzeko bozketa ere egin dute plazan zeuden guztien artean eta, nola ez, inauteriek irabazi dute, nabarmen, mundu guztia saltoka jarrita.
Donostiako Aste Nagusia finaletik kanpo geratu dela-eta Kontxako barandillaren zati batekin plazan kexatzera ausartu den gizona kanporatu egin du Udaltzaingoak, eta Donostia lehen fasean eliminatu zutela gogorarazi dio Ainhoa zinegotziak.
«Musikarien harrobia»
Suziria jaurti aurretik «ondo merezitako omenaldia» jaso dute Pintxanako kideek udaletxeko pleno aretoan. Izan ere, Andu Martinez de Rituerto alkateak nabarmendu duenez, Pintxanaren izaera «oso berezia» da. «Musikarien harrobia zarete, zuen izaera irekia azpimarratuko nuke, edozein hartzen duzue taldean, umeak, gazteak, adinekoak... horrek berezi egiten zaituzte eta horrek berezi egiten du Tolosa. Zorionak», adierazi die.
Asier Markez Pintxana txarangako perkusioan aritzen da eta bera izan da udaletxean txupinazoaren aurretik egin den ekitalditxoan, beste kide batzuekin batera. «Gure txarangak ez dio inori distintziorik egiten, musika eskolatik atera eta musika ikasten duen edozeinek du Pintxanan ateratzeko aukera. Aurten 150 musikari edo gehiago aterako gara. Txaranga askotako musikariak Pintxanan hasi ziren. Ilusio handia dugu, hau bizitzan behin gertatzen zaizun zerbait da eta gogotsu hartu dugu», kontatu digu.
Ekitaldian, Pintxanako kideak euren abestia kantatzen hasi dira, «pintxanatarrak gu gera, pintxanatarrak beti...», eta pleno aretoan zeuden guztiek jarraitu diete. Ondoren, inauterietako alkate Itxasok argitu du Pintxanak jatorria harakin talde batean duela eta, horregatik, euren blusa harakinena dela. Era berean, saxofoia jotzen duen txarangako kide batek esan du «gu bagara Pintxana, baina Tolosa ere bada, tolosar askorentzat delako instrumentua jotzeko lehen aukera», eta gogoan izan ditu «gurekin ez daudenak».
Jarraian, Kabi Alaikoek oroigarri bat eman diete Pintxanakoei, eta baita pin bat ere; Pintxanakoek haientzat ere bazuten pin bat, opari.
Normalean, Kabi Alai Kuttunak txupinazoa bota ostean, Kabi Alaiko Ostegun Gizenaren konpartsa haien txarangarekin ateratzen da udaletxetik, baina aurten omendua txaranga bat izanik, irteera puntuak trukatu egin dituzte eta Pintxanak izan du udaletxetik ateratzeko aukera; Kabi Alaikoak Plaza Berritik irten dira.
Txarangen kokalekua jakiteko aplikazioa
Sei egun hauetan hogei txarangatik gora ibiliko dira Tolosako kaleetan goiz, arratsalde eta gau kaleak alaitzen, aurten, berrikuntza batekin gainera: denbora errealean nondik nora dabiltzan jakiteko aplikazio bat sortu dute, hiru tolosarrek bultzatuta.
Horrez gain, Andu Martinez de Rituerto alkateak, benetakoak, gogoratu du egitarau zabala eta anitza prestatu dutela baina Tolosan edozein txokotan aurkitu dezakezu herritarren parodiak edo antzerkitxoa. «Hori da inauteria; barrutik bizitzen den zerbait. Askotan esaten du mozorroak ez duela hainbeste garrantzirik, baizik eta zuk duzun jarrera eta mozorroarekin sortzen duzun istorioa eta nola inplikatzen dituzun ingurukoak», zioen txilaba berdea jantzita zuela.
Aurtengo sentsazioa da plaza oso goiz hasi dela betetzen, kaleko giroa ohi baino lehenago hasi dela bizitzen, eta alkateak baieztatu digu hala dela. «Pasa den larunbatean, Kaldereroetan, Plaza Zaharra gainezka zegoen. Eta ez zen txupinazorik egon, pregoia besterik ez, inauterien aurrekaria. Eta bart ere, azken urteetan, ohitura sortu da txupinazo alternatiboa egiteko. Ikaragarrizko jendetza bildu zen. Beraz, gaurkoa hirugarren hasiera bat bezalakoa da. Ez gara bilbotarrak baina...», zioen barrez. Iaz dron bidezko irudiak ikusi ahal izan zituzten eta sanferminetako tanketa hartu zioten txupinazioari, Plaza Zaharra, Solana kalea, Nafarroako zubia, denak jendez beteta zeudelako.
Datozen egunetako eguraldi iragarpenari begira, Martinez de Rituertok aipatu du ez duela inporta, berdin ospatuko dutela. «Askotan txantxa egiten dugu, San Joanekin datak trukatu beharko ditugula, ekainean Udal korposazioa kapa lodiekin ateratzen garelako, ikaragarrizko beroarekin, eta orain euria, elurra ditugulako, baina egokitzen gara. Gaur eguraldi ederra dugu eta aprobetxatuko dugu, eta datorrena datorrela. Igandean eta asteartean karrozak aterako dira, eta astelehean aisialdi taldeetako umeen dantzak izango dira», baieztatu du.

Etzakit taldeak bi elkartasun kontzertu iragarri ditu maiatzerako Seaska eta Harrerarekin

'Laku bat orroka'-ren doinuan eginen du dantza Senpereko aintzirak

Andre Madalen, euskal emakume ahaldunduen adibide

Tinder e identidad visual: un estudio revela los nueve tipos de fotos de perfil de los usuarios


