
Gure arbaso hominidoek ehunka mila urtez bildu zituzten kristalak. Harri haiek bazuten zerbait desiragarria, berez deusetarako baliatzen ez bazituzten ere. Baina zer dela-eta batzen zituzten? Lilura horren erroetan sakontzeko, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) zientzialariek gidaturiko ikerketa talde batek esperimentuak egin zituen txinpantzeekin, kontuan izanik espezie hori dela genetikoki hurbilena hominidoengandik zein gizakiengandik.
Txinpantzeei atentzioa ematen zieten kristalen gardentasunak eta formak, eta aise bereizten zituzten harri arruntetatik. Aurkikuntza horren bidez, argitu liteke zergatik liluratu ote diren gure arbasoak ia 800.000 urtez kristalen antzeko propietateak dituzten objektuekin, eta lagungarria izan daiteke, orobat, egun pizten duten liluraren arrazoiak azaltzeko.
Aztarnategi arkeologikoetan, makina bat aldiz azaldu dira kristalak giza aztarnen ondoan. Frogek erakusten digutenaren arabera, hominidoek 780.000 urte behintzat badaramatzate harriok biltzen, eta, hala ere, badakigu gure arbasoek ez zituztela baliatzen arma, tresna edo bitxi gisa.
Sustrai ebolutibo sakonak
Orain, ‘Frontiers in Psychology’ aldizkarian argitaratu berri den lan batean, zientzialariek ikertu dute kristalen zer ezaugarrik sortzen ote zuten halako lilura gure arbasoengan. «Frogatu genuen txinpantze endokulturatuak gauza direla kristalak beste harri batzuetatik bereizteko», adierazi du Juan Manuel Garcia-Ruiz ikerketaren arduradun eta DIPCko Kristalografiako Ikerbasque irakasle ikertzaileak.
«Atsegin handiz deskubritu genuen kristalek izugarri erakartzen zituztela txinpantzeak, eta itxuraz modu naturalean, gainera. Horrek iradokitzen duenez, baliteke horrelako objektuekiko sentsibilitateak sustrai ebolutibo sakonak izatea».
Monolitoa
Gizaki modernoak duela sei eta zazpi milioi urte artean bereizi ziren txinpantzeetatik, eta, beraz, antzekotasun nabarmenak partekatzen ditugu geneetan eta portaeran. Horietako bat kristalekiko lilura ote den jakiteko, ikertzaileek kristalak eman zizkieten Rainfer Fundazioko bi txinpantze talde endokulturaturi. Lehen taldea, Manuela, Guillermo, Yvan, Yaki eta Totik osatzen zuten, eta bigarrena, berriz, Gombe, Lulu, Pascual eta Sandyk.
Chimpatia Fundazioak primateak erreskatatzen, berroneratzen eta bizitza osorako zaintzen jarduten du espainiar Estatuan. Haietako asko erreskatatuak dira: dela basabere-trafikotik, dela entretenimendurako esplotaziotik, dela abandonu edo tratu txarretatik.
Lehenbiziko esperimentuan, kristal handi bat, monolitoa, jarri zen plataforma baten gainean, antzeko tamainako harri arrunt baten alboan. Hasieran bi objektuek txinpantzeen arreta erakarri bazuten ere, agudo heldu zioten kristalari, harria alde batera utzita. Plataformatik erretiratu ondoren, txinpantze guztiek ikuskatu zuten kristala; biratu eta okertu egiten zuten angelu jakinetatik erreparatu ahal izateko. Ondoren, Yvanek kristala hartu eta lolekura eraman zuen.
Ikertaldeak ikusi zuen interes hura biziagoa zela kristala erakutsi eta berehala, eta, denborak aurrera egin ahala, interes hori oso pixkanaka desagertuz zihoala. Gizakietan ere patroi bera sumatzen da objektu baten berritasuna galtzen den heinean. Zaintzaileak kristala txinpantzeen esparrutik berreskuratzen saiatu zirenean, haien mokadurik gogokoenak eman behar izan zizkieten trukean: bananak eta jogurta.
Kristalek piztutako lehentasuna
Bigarren esperimentuak frogatu zuen txinpantzeak gai zirela kuartzozko kristal txikiagoak identifikatzeko eta hautatzeko, hominidoek bildutakoen antzeko tamainakoak, 20 harri-koskor biribilduren artetik. Pirita eta kaltzita kristalak gehitu ondoren –horiek forma desberdinak dituzte, kuartzozko kristalen aldean–, txinpantzeek kristal motako harriak hautatzen jarraitzen zuten. «Txinpantzeak jakinmin handiz hasi ziren kristalen gardentasuna aztertzen; begien parean eusten zieten, eta haietan zehar begira hasten ziren», azaldu du Garcia-Ruizek. Txinpantzeak ordu luzez aritu ziren kristalak aztertzen.
Sandyk, esate baterako, harri-koskorrak eta kristalak ahoan hartu eta egurrezko plataforma bateraino eraman zituen. Han, bereizi egin zituen. «Hiru kristal motak bereizi zituen harri-koskor guztietatik; denek ageri zituzten desberdintasunak gardentasunean, simetrian eta distiran. Harriturik utzi gintuen kristalak bereizteko gaitasun horrek», dio Garcia-Ruizek. Txinpantzeek, gainera, ez dituzte objektuak ahoan hartuta garraiatzen, eta, beraz, baliteke portaera horrek ezkutatu nahian zebiltzala adieraztea. Ikertzaileen arabera, portaera hori koherentea litzateke kristalak objektu baliotsutzat hartzearekin.
Duela sei milioi urtetik kristalak gogoan
Ikerketak ez zuen aztertu txinpantze batzuek interes handiagoa ote zuten kristalekiko beste batzuek baino. Hala ere, ikertaldearen esanean, etorkizuneko ikerketek kontuan hartu beharko lukete txinpantzeen izaera. «Batzuek On Kixotek bezala jokatzen dute, eta beste batzuek Santxo Panzak bezala: batzuk idealistak dira, eta besteak pragmatikoak. Batzuk liluraturik gelditzen dira kristalen gardentasunarekin, eta beste batzuek, berriz, usaindu eta jangarriak ote diren jakin nahi izaten dute», agertu du Garcia-Ruizek.
Esperimentuan parte hartu duten txinpantzeak, bestalde, ohituta daude gizakiekin harremanetan egotera, eta ezagutzen dituzte mundu naturalean aurkitzen ez diren objektuak. Beraz, gutxiago endokulturatutako espezieekin egin beharko lirateke esperimentu berak. Tximino basatiekin egitea litzateke idealena.
Esperimentuetan egindako behaketa konbinatuetatik ondorioztatzen denez, gardentasuna eta forma propietate erakargarriak dira. Agian ezaugarri horiek berek piztuko zuten harri horiekiko interesa lehenbiziko gizakiengan. Gure arbasoek mundu naturaleko hodeiak, zuhaitzak, mendiak, animaliak eta ibaiak zituzten inguruan, eta kurbatuak eta adartsuak ziren guztiak; beraz, elementu gutxik zituzten lerro zuzenak eta gainazal lauak. Kristalak dira poliedro natural bakarrak, hau da, gainazal lau ugari dituzten solido natural bakarrak.
«Gure lanak kristalekiko dugun lilura azaltzen laguntzen du, eta lagungarria da estetikaren eta mundu ikuskeraren sustrai ebolutiboak ulertzeko», ondorioztatu du Garcia-Ruizek. «Orain badakigu duela sei milioi urtetik izan ditugula kristalak gogoan».

«Que el 51% de los primeros médicos de la UPNA sean del ‘grupo fuerte’ del MIR es un sueño»

Etzakit taldeak bi elkartasun kontzertu iragarri ditu maiatzerako Seaska eta Harrerarekin

'Laku bat orroka'-ren doinuan eginen du dantza Senpereko aintzirak

Andre Madalen, euskal emakume ahaldunduen adibide
