2025 ABU. 18 - 17:50h Astean 2-4 orduz besteei laguntzeak narriadura kognitiboa geldiarazten laguntzen du Austineko Unibertsitateak eta Massachusettseko Unibertsitateak aurrera eramandako ikerketa batek ondorioztatu duenez, boluntariotza-ekintzak edo egunerokoan guztion eskura dauden beste laguntza batzuk ematen dituzten pertsonei atzeratu egiten zaie zahartzearekin lotutako narriadura kognitiboa. Valentzian DANAren ondorioz bolondres lanetan ibili zirenei omenezko murala. (Jorge Gil | Europa Press) NAIZ Boluntariotza-ekintzetan parte hartzen dutenei edo bizilagunak, senideak edo lagunak modu informalean laguntzen dituzten pertsonei zahartzearekin lotutako narridura kognitiboa atzeratzen zaie. Austineko Texasko Unibertsitateko talde batek eta Massachusettseko Unibertsitateak aurrera eramandako ikerketaren emaitzek, zahartzearekin lotutako narridura kognitiboaren tasa %15-20 artean murrizten zela baieztatu dute. Etekina sendoagoa zen astean 2-4 orduz besteei laguntzen ematen zutenen artean. Ikerketa eraberritzailea da, boluntariotza formala eta egunerokoan guztion eskura dauden beste laguntza batzuk aztertzen dituen lehenetarikoa baita. «Atentzioa deitu zidana izan zen besteei laguntzearen onura kognitiboak ez zirela soilik epe laburreko hobekuntzak, baizik eta denborarekin metatu zitezkeela parte-hartze iraunkorrari esker», nabarmendu du Sae Hwang Han UTko Giza Garapen eta Familia Zientzietako irakasle laguntzaileak.Austineko Unibertsitatekoak eta Massachusettseko Unibertsitateak batera garatutako ikerketa honek 30.000 heldu baino gehiago aztertu ditu AEBetan, eta bertako populazioaren epe luzeko datuak erabili dituzte. Datu horien arabera, adinarekin lotutako narriadura kognitiboa moteldu egin zen pertsonak laguntza-jokabideak hasi eta mantendu ahala. Aurkikuntza horretatik abiatuta, burmuinean aurrerapen handiagoak egon daitezkeela iradoki dute, urtez urte errutinan laguntzeko jokabideak txertatzen dituztenak baino. Aitzitik, datuek erakutsi zuten laguntza horiek emateari erabat utzi ziotenek kaltetuta ikusi zutela beren narriadura kognitiboa. Estresarekiko onurakHan-ek zuzendutako beste ikerketa baten arabera, boluntariotzak estres kronikoak hantura sistemikoan dituen ondorio kaltegarriak arintzen ditu, narriadura kognitiboarekin eta dementziarekin lotutako bide biologiko ezaguna. Eragina bereziki nabarmena izan zen hantura-maila handiagoak zituzten pertsonengan.Oro har, bi ikerketen aurkikuntzek iradokitzen dute laguntza eta boluntariotza-ekintzek garuneko osasuna hobetu dezaketela, bai estresari lotutako higadura fisiologikoa murriztuz, bai onura psikologikoak, emozionalak eta kognitiboak dakartzaten gizarte-loturak indartuz.Zahartzen ari den eta bakardadeak eta isolamenduak gero eta kezka handiagoa sortzen duten gizarte honetan, aurkikuntzek ere oinarri garrantzitsua ematen dute pertsonak horrelako ekintzetan inplikatzen jarraitzeko.