MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Betikoa

Edozein aitzakia da ona betikoa errepikatzeko. Norabide antzekotik etortzen da erasoa eta duela urtebete Ignacio Gonzalezek, orduan Madrilgo erkidegoko presidente zenak egin bezala, orain bere kargu berriari distira emateko-edo, kargu hori hartu berri duen Cristina Cifuentesek errepikatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kontzertu ekonomikoak eta Nafarroako Konbenioak eraso egiten diotela Espainiako Estatuko autonomia erkidegoetako elkartasun sistemari. Gonzalez eta Cifuentes aipatu ditut, baina urte hauetan Rosa Diez, Revilla, Fabra, Errioxako Sanz... zerrenda luzea izan da. Normalean kasu hauetan beti irteten da dagokion ministroa, oraingo honetan Montoro izan den bezala, Hego Euskal Herriko lurraldeen sistema berezitua aipatzera, aparteko defentsa sutsurik egin gabe. Izan ere, errezeloa sortzen baitu urtez urte gauza bera entzun beharra ez ote den ongi pentsatutako zerbait. Errepikatzearen poderioz, ederki barreiatu den kontu bat da eta ukatzen dutenerako nahikoa sustraitua dagoena. Euskal Herritik esaten denak, eta oraingo honetan ere entzun dira kontrako iritziak, ez du aparteko oihartzunik izaten, eta Espainian batere ez.

Espainian ongi dakite Kontzertu eta Konbenioaren egitura instituzional eta juridikoak, besteak beste, alde bakarreko arriskua ezartzen diela Hego Euskal Herriko lurraldeei, Espainiako Estatuko gainerako lurralde autonomoek dituzten betebeharrei muzin egin gabe, kasu batzuetan bideak ezberdinak izan arren. Kontrakoa esaten da Espainiak etsiko ez duen bidean aurrera egiteko: bat, bakarra eta handia nahi dute Espainia. Gainera, krisi ekonomikoan murgildurik, Europatik datozkion gomendioek beti begiratzen diote autonomia erkidegoen defizit mailari eta aukera perfektua begiztatzen zaio aldian-aldian eraso egiteko aukeratzen denarentzat. Ez ahaztu, ordea, Espainiak berak hautatu zuela aitzakiazko sistema hau, Euskal Herria edo Katalunia ez zirela ezberdinak esateko (kafea denontzat).

Aste honetan izendatuko du Nafarroako Parlamentuak Uxue Barkos presidente. Bihar hasiko da izendapenerako saio berezia. Berak ordezkatuko duen gehiengo anitzak badaki honen guztiaren berri, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan agintean daudenek bezala. Ez dirudi Espainiarekin elkarrizketa normalek (inoiz elkarrizketarik berrasten bada) emaitzarik izango dutenik ez zentzu honetan, ez beste inongo zentzutan. Bertako agintariek eta agintari izan nahi dutenek argi uzten dute etengabe zer nolako Espainia nahi duten eta ondorioz oso argi geratzen da Euskal Herriaren etorkizuna nola ikusten duten ere. Euskal Herrian, egungo abagune politikoan gertatzen den bezala, beste ikuspegi bat dutenek, dena den, argi eduki behar dute euren aginte eta izendapenak Espainiako Konstituzioak emanak direla eta hari lotuak halabeharrez. Bide propioa egitea baino ez da geratzen, urteen joan-etorriak, egin denak, esan denak, eta esan eta egin ez denak erakusten dutenez. Bitartean Konbenioa eta Kontzertua zer diren ongi dakiten pertsonak elkarlanean hasteko aukera egoteak bide itxaropentsuagoa zabaltzen du.