MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Aldaketa

Ez da erraza izango. Sortu aurretik, osatu aurretik, izan ditu zailtasunak Nafarroan aldaketa burutu nahi duen Gobernuak. Asteon bertan Uxue Barkos presidente izendatu ondoren kargua hartu duten gizon-emakumeek ez dute esku artean zeregin samurra. Argi dagoena da, oro har, aldaketa politikoa planteatzen denean, aldaketa politiko sakona, sustraitua dagoen estatusa gainditu nahi duena, esku artean dagoenean, abiapuntua ez dela berdina izaten aldaketa burutu nahi duenarentzat eta egoera zegoenean utzi nahi duenarentzat. Are, Nafarroaren kasuan. Nafarroa estatu-arrazoia izan da eta da; beraz, desoreka handia da, izugarria, aldaketa nahi eta aldarrikatzen duten alderdi eta eragileen eta hori gauzatzerik nahi ez duen boterearen artean. Joan da Yolanda Barcina andrea, edo bozek lortu dute bere tokia hartu nahi zuen Esparza jauna Nafarroako presidente ez izatea, baina hein batean berdin da. Urteotan Nafarroan agindu duten gizon-emakumeak, urte hauetan sortu diren sareak, lagun taldeak, hor daude eta ez da erraza izango kultura politiko berriarekin talka gogorra ez izatea. Eroso egon dira. Edozein preziotan, eroso. Oso ongi egin dute beraien lana eta jarraitzeko prest daude, ezin baita ahaztu euren posizio politikoari batzen zaiola Nafarroa gaur egun dena izatera irits zedin zer egin eta nola egin ongi pentsatua zuten agintari ugari egon direla Espainian. Baita aldaketa aldarrikatu arren behin eta berriz aldaketaren aukerari muzin egin diotenak ere. Horren erakusle da ziur asko PSN pairatzen ari den egoera: Barkosen izendapenean zein jarrera izango zuten erabakitzeko lurralde batzordea deitu eta quorumik ere ez zuen lortu Maria Chivitek duela astebete. Hobeto oporretan, pentsatuko zuten sozialistek.

Urte luzez egin den lan hau kalitate eskaseko sistema demokratiko batek baliatu du eta horren seinale garbia da, adibidez, Mari Jose Beaumont sailburu izango zela jakin zenean zer nolakoak esan dituen Espainiako Gobernuaren bozeramaileak, besteak beste, Nafarroaren eskubide eta eskumenei eraso zuzena eginez, hau da, sistema demokratikoa hanka azpitik pasaz beste behin ere. Herriaren bozek zer nolako garrantzi gutxi duten argi geratu da berriro, aipaturiko maila eskaseko demokraziaren erakusle gisara.

Baina Nafarroako herritarren gehiengoak aldaketa nahi izan du eta pertsona horiek ordezkatzen dituzten alderdiek horrela ulertu dute. Nafarroako Gobernu berria herritarren borondatearen isla izango bada, herritarren aginduari erantzun beharko dio eta batez ere sakondu beharko du herritarren eskubide, behar eta premietan, kultura politiko berri eta demokratikoago bat osatzeko. Gobernu berriak Nafarroako herritarrak izan behar ditu alde eta horretarako alderdien eta eragileen arteko eta guztiek herritarrekiko izan beharreko negoziazio eta elkarrizketa bideak zabalik mantentzea garrantzitsua izango da. Herritarrek kultura politiko berria barneratzea ezinbestekoa izango da haien babesa izateko eta aldaketa egikaritzeko. Kontran, hasi orduko gauza asko ditu aldaketak.