amagoia mujika
IRITZIA

Kontrastea

Gustatzen zaigu gure antzekoekin elkartzea: interes igualtsuak izan eta elkarrizketak luzatu eta luzatzea; kezka berdintsuak partekatzea; egoera berdin samarrekin barre egitea; jendarteari kantoi politiko eta sozial antzekotik begiratzea... Elkartu eta hizketan eta eztabaidatxoan orduak eman ditzakegu, baina gutxi edo gehiago ados samar gaudela jakinda. Eta horrela aritzen bagara luze samar, ilusio optiko batean erortzen gara, eta benetan sinisten dugu inguratzen gaituen mundua horrelakoxea dela; gure igualtsu, antzeko, parekoa. Ze polita.

Baina ez zara inoiz atzerrian bezala sentitu supermerkatu bateko ilaran? Ez nengoen atzerritarrez inguratuta, seguru nik uste baino gertuago bizi nituela guztiak. Haien hizkuntzak, hizkerak eta hizketagaiak erabat tokiz kanpo sentiarazi ninduten. «Begira-begira, bi emakume horiek eskutik emanda. Ze nazka. Hori nazkagarria da txiki... begira-begira nola doazen». Neskatoaren aurpegia deskribatzen zaila da. Eta nirea... a zer tristura. Koldar jokatu nuen, segur aski. Protesta modura ilaraz aldatu nintzen, ez besterik. Asko ziren, ni baino handiagoak, eta sekulako beroa egiten zuen mundua aldatzen hasteko.

Ez zara inoiz Estatu espainoleko herri bateko plazan bezala sentitu zure herriko plazan? «Zuek desastre hutsa zarete. Zapatero eta enparauek zer egin zuten ba? Espainia zulora eraman arrastaka. Eskerrak gureak etorri ziren triskantza konpontzera. Rajoyk atera du zulotik Espainia. Hori zor diguzue guri. Ederra mozolo kuadrilla zuena!». Zutoin baten alde batean nengoen ni eta, haiek, beste aldean. Adineko bi gizon, ni bezala, udalekuetara gerturatuak haurren bat jasotzera. «Aitona, ikusi ze marrazki!», etorri zaio korrika biloba. Nik han segitu dut, zutoinaren ondoan zutoin bihurtuta. Herriko plazako zutoin baten ondoan baina urruti, oso urruti.

Kontrasteak grazia egiten omen du. Ohitura, bizimodu eta ikuskera politiko eta sozial desberdineko jendea elkartu, pixka bat astindu ondo nahas daitezen eta ea zer gertatzen den. Formula horretatik sortu dira filmak, telesailak eta, orain, telebistako lehiaketa moduko bat prestatzen ari omen dira. Iparra-hegoa binomioa hartu dute oinarri horietan. Baina ez zen beharrezkoa hainbeste kilometroko distantzia marraztea kontrastea irudikatzeko. Kontrastea bertan-bertan bizi da, gure ondoan eta, askotan, gugan.

Aniztasuna, familia politikoak, sentsibilitate sozialak, kulturartekotasuna... baditugu hamaika hitz ponpoxo nonahi eta noiznahi sartu eta halako gozotasuna ematen digutenak. Nago osasuntsua dela egunean behin gutxienez hitz horietako bat erabiltzea. Eta, gero, buelta gaitezen gure igualtsuen artera, gure burbuilara, gure ilusio optikora, etxean bezala sentitzera.