Amaia Ereñaga
BLANCHE ETA HeLeNE FEILLET

LEINU AITZINATU BATEN IBILERAK ETA BALENTRIAK

Gure familiaren zuhaitz genealogikoari erreparatuko bagenio, segur asko adar xelebreren bat aurkituko genuke –bigarren emazte batekin bizitza paraleloa zeraman osabaren bat, esaterako– edo, akaso, gerra garaian munduan zehar sekulako abenturak bizi izan zituen familiako norbait. Hortik aurrera, ezuste gutxi. Baina Feillet eta Hennebutte sendiaren zuhaitzean hazkatuz gero, adar artistiko anitz azaleratuko lirateke, horien artean Helene (1812-1889) eta Blanche Feillet (1815-1886) bezalako emakume aitzindariak. Gainera, Erromantizismo garaiko bi ahizpa hauen sustraiak ondo errotu eta jarraipena izan dute beren leinuan.

Eleberri on guztiak bezala, Blanche eta Helene Feilleten «aurkikuntza» hari txiki batetik tiraka atera zen; hain zuzen ere, Mikel Alberdi historialariak eta Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoko dokumentazio saileko arduradunak museoan bertan zegoen XIX. mendeko litografia batekin topo egin zutenean. Gurean Erromantizismo garaian bidaietako koadernoak idatzi eta margotu zituzten bisitari ospetsu asko izan ziren, baina gehienak, denak ez esatearren, gizonak. Eta hara non azaltzen zitzaizkion Helene eta Blanche Feillet margolariak eta, gainera, litografo oparoak! Parisen jaio baina beren lan nagusia Euskal Herrian garatu zuten Feillet ahizpek, 1834an Baionan finkatu zirenetik. Baina nortzuk ziren Helene eta Blanche?

Biarritzeko etxe ezkutuko bi emazte. Biarritzeko erdialdean, lorategi berde eta hostotsu baten barnean, denbora eta espaziotik ezkutatuta dirudien jauregitxo batean bizi da Maite Maniort. Senarrak (Georges Hennebutte ingeniari, asmatzaile eta artista) egindako margo eta eskulturek etxeko hormak eta altzariak estaltzen dituzte, familiaren oroitzapenekin nahasturik, bilduma nabar eta koloretsua osatuz. Georges zenaren espiritua nonahi ageri da, oso presente dago bere alargunarengan. Eta etxeko gela nagusian, besaulki batean jarrita dugu Maite, Amaia alabarekin batera egin dugun hitzorduaren zain. Georges Hennebutterekin bi alaba izan zituen Maitek, bata abokatua, Maite bera bezala, eta bestea, Amaia, irakaslea. Amaia ezaguna da bere alderdi artistikoagatik, kontalaria baita, ilustratzailea eta ipuingilea.

Maitek oso ondo eramandako 85 urte ditu, adinak dakartzan entzumen arazoak kenduta, gazte askok nahiko luketen burua duelako. Urteetan itsasoan, bai neguan bai udan, hartutako bainuen eragina nabaritzen zaio. Orain gutxi goizeko zortzietan itsasoan bainutxo bat hartzeko ohitura berreskuratu du. Abokatua lanbidez, frankismo garaian eta ondoko urteetan euskal militanteen defentsaz arduratu zen Maite Maniort. Telesforo Monzon idazle, politikari eta buruzagi abertzalea –«gidari lanak egiten nizkion!», dio– eta Marc Legasse anarkista-abertzalea lagunak zituen… oso gertukoak, egia esan, eta elkarrizketan, bi pertsonaia historiko hauekin Maitek bizi izandako istorioak tartekatzen dira. Ipar Euskal Herriak burgesia berezi bat eman izan du; batzuk frantses peto-petoak dira, beste batzuk abertzaleak eta konbentzioetatik at atera dira.

Gaurkoan Maiterengana jo dugu bere familia politikoaren oroitzapenen bila eta hiru hizkuntzatan –gaztelania, euskara eta frantsesa– hizketaldi zurrunbilotsu batean aritu gara. «Parisen jaiotakoa naiz, baina udan Euskal Herrira etortzen nintzen, ama Senperekoa bainuen. Amona Bearnokoa zen eta bearnesa ere hitz egiten zuen, eta amari ‘alabari euskaraz egin’ esaten zion arren, amak ez zidan inoiz egin. Euskal Herrira nentorren bakoitzean, lehengusuek euskaraz hitz egiten zutenean ni, memela baten moduan, isilik geratzen nintzen. Dakidan euskara gerora ikasi nuen, Baionan egin nituen ikastaro batzuetan. Eta nire gibelean daukadan margokoa zein den ba al dakizue? Blanche eta Heleneren aita. Oso gizon handia omen zen, bi metrokoa edo. Helenek margotutako erretratua da».

Parisetik etorri zen litografoa. Pierre Jacques Feillet (1794-1855) Imeray-n jaio eta Parisen ikasi zuen margotzen. «Nire aitak kontatzen zuen sablearekin egindako zauriak zituela», esan du Amaia Hennebuttek. Dirudienez, 19 urte zituenean, Napoleon Bonapartek ohikoa zuen guda erraldoi horietan mobilizatu zuten Jean-Jacques. Beste soldadu asko bezala, Alemaniatik gertu izandako bataila batean zauritua suertatu zen, baina… «nahiz eta bataila izan zen tokian hiltzat eman –orain Maitek jarraitzen du–, hain mutil ederra zela ohartzean, bataila bukatu zenean kideen artean hartu eta ospitalera eraman zuten. Zauriak limoiarekin sendatu zizkioten, ez baitzeukaten besterik». Garaia kontuan hartuta, Leipzigen 1813ko urrian izandako batailan izan zitekeen. Hauxe izan zen gerra napoleonikoetan izandako batailarik bortitzena.

Bi alaba izan zituen Feilletek. Baina norekin? Ez dugu haren aipamenik aurkitu: «Frantsesa zen, inolako interesik gabekoa», Maitek ihardetsi. Pernotin izeneko margolari baten seme bezala ageri da Jean-Jacques toki batzuetan, baina, aldiz, bere aitaginarreba dela diote beste batzuek. Batek daki. Garbi dagoena zera da, litografia teknikan aitzindaria izan zela Feillet jauna; XIX. mendearen hasieran sortutako grabatu teknika berri hau gero argazkilaritzak lortutako artearen zabalkundearen aurrekaria izan zen. Parisen bederatzi urte eman zituen Feilletek atlas zientifiko bat osatzen. Zehazki 1829ra arte, hots, Prado museoko margo garrantzitsuenen kopiak egiteko kontratatu zuten arte. Fernando VII.ak bost litografo ospetsu deitu zituen Madrilera lan mardul hori gauza zezaten, eta hori dela-eta Feillet familiak Espainiako gortean bost urte eman zituen.

Baionara 1834an iritsi ziren. «Orduan, Ipar Euskal Herria karlisten zulo bat zen. Nire ama Ibarron auzokoa zen, eta bertan kontatzen zuten etxalde eder bat zegoela. Bertako alaba, hainbeste karlista zituenez etxean, karlista handiki batekin ezkondu zen», azaldu du Maitek. Pierre Feillet 1844tik 1855era Baionako Marrazki eta Pintura Eskolako zuzendaria izan zen, Blanchek lekukoa hartu zion arte.

Bi ahizpa hagitz modernoak. Feillet ahizpen garaian apenas zegoen emakumerik beraien kabuz, gizonen babesik gabe, bidaiatzen zutenak. Beraz, Helene eta Blanche nahiko ausartak zirela pentsa dezakegu eta, pixka bat harago joanda, agian inguruan zituzten gizonek konbentzioei ez zietela jaramon handirik egiten ondoriozta dezakegu. Mikel Alberdik dioenez, XIX. mendean margolari batentzat hain funtsezko diren anatomia ikasketak debekatuta zituzten emakumeek; beraz, segur aski aitarengandik ikasi zuten Feillet neskek margotzen eta, are gehiago, litografiak egiten. Zoritxarrez, ez dago Helene eta Blanche nolakoak ziren jakiteko modurik, beraien margoetatik at ez baitzaigu beste ezer iritsi. Helene agian «artistagoa» zela pentsa dezakegu; Blanche «profesionalagoa», Mikel Alberdik azaldu duenez.

Dena den, susma dezakegu margolari entzutetsua izan zela Helene, eta horren adibide Frantziako Barne Ministerioak eskatu zion neurri handiko koadroa dugu: “Arrivé a Bayonne de LL. AA. RR. Mr. le duc et Mme. la duchesse d’Orleans en 1839”, ez baita batere ohikoa mota honetako enkargurik margolari emakume bati egitea. «Fernando-Filipe Orleanseko dukea (1810-42) garaiko pertsonaia mediatiko horietakoa zen. Printze liberal eta herritarra, gaur egungo zinemako izar baten antzekoa. Antza, dukea hil ondoren –gurdi istripu batean zendu zen– jaso zuen Helenek koadroa egiteko eskaria», esan du Alberdik.

Historialari berak ezuste atsegin batekin egin zuen topo Feillet ahizpen atzetik egindako «ehizan»: hara non Jose Espronceda poetaren “La canción del pirata” ospetsuaren –«Con diez cañones por banda, viento en popa a toda vela, no corta el mar sino vuela un velero bergantín»... eskolan askok buruz ikasi behar izan genituen bertsoak– lehenengo edizioko ilustrazioak Elena Feilletek sinatuak ziren! Elena, bai, «h»-rik gabe. “El artista” aldizkari erromantikoan argitaratu zituen Helenek bere margoak; hau da, estatu espainoleko erromantizismoaren eredu nagusia izan zen argitalpenean. Jenaro Perez Villamilek –espainiar erromantizismoko beste izen handi bat– ere Heleneren pare bat irudi sartu zituen “Panorama matritense” erraldoian... oso formatu handiko liburua baita.

Kontrabandoa, bidaiak eta «cacolet»-a. Helene ez zen inoiz ezkondu; bai, ordea, Blanche: Charles Henri Hennebutterekin, 1844an. Inprimatzaile eta argitaratzaile garrantzitsu honek Biarritzen omen zuen, haren senitartekoaren aburuz, inprimategia. Bi ahizpek azken honen argitalpenak ilustratu zituzten, bereziki turismoaren sustapenerako argitaratutakoak. Horietan paisaiak ez ezik, euskal ohiturak ere irudikatzen ziren, eta gida turistiko haietan txertatu zituzten ahizpek herrialde osoan zehar egindako bidaietan gauzatutako litografiak. Lan horiekin turistak erakartzea zuten helburu, orduan ari baitzen asmatzen turismoa, 1850aren bueltan.

Biarritzeko hennebuttetarren etxeko egongelan Ormaiztegiko museoan zintzilikatuta aurki daitekeen Feillet ahizpen litografia baten kidekoa dago: Biarritzeko paisaian bikote bat ageri da cacolet batean igota. «Biarritz eta Baionaren arteko 7 kilometroak zaldiz egiten zituzten cacolet hauetan. Zaldiari bi otar jartzen zizkioten. Nire senarrak zioen Blanche eta Charles zirela, baina nola argitu?», esan du Maitek.

Alberdik aurkitu du Pietro Bubani naturalista italiarraren (1806-1888) erreferentzia bat, non aipatzen duen 1853ko maiatzean feilletarrak ezagutu zituela. Bubanik 21 denboraldi egin zituen Pirinioetan landareak jasotzen, eta penintsulan ibiltzea garai haietan abentura bat zenez, Bubanik hainbat neke eta oinaze jasan zituen. Theophile Gautier idazle erromantikoak, 1840an argitaratu zuen “Viaje a España” koadernoan hauxe bera zioen: «Espainian bidaiatzeak arriskutsua eta erabat nobela batetik ateratakoa dirudi; adorea izan behar duzu, pazientzia eta indarra; larrua jokatzen duzu denbora guztian». Agian, Gautierrek pixka bat puztu zuen benetako egoera, baina balio digu ohartzeko bi emakume hauen adoreaz.

“Album des Deus Frontières. Vues des environs de Bayonne et de Saint Sébastien”, “Provinces basques illustrées” eta “Guide du voyageur de Bayonne a St-Sébastien” bezalako gidak kaleratu zituzten hennebuttetar eta feilletarrek. Azken hau, adibidez, hiztegi txiki batekin hasten da eta, ondoren, moneta desberdinen taula konparatiboa dago. Hau da, gaur egungo gidetan bezala. Hori, bai, mugan euskaldunek «ausardiaz eta bizkortasunez» kontrabandoa egin ohi zutela dio Charlesek idatzitako testuak. «Hemen –dio– beti erantzuten da: obeditu bai, baina ez da betetzen».

Amaia Hennebutte, artea genetika kontua al da? «Aitak kontatzen zidan etxeko egongelan ikusi duzuen koadroan ageri den arbasoa ezpatarekin ia hil zela eta Blanche eta Helene artistak zirela. Ez dut besterik entzun. Aldiz, aitak maiz eramaten ninduen etxetik oso gertu dagoen hilerrira, senitartekoen panteoira. Blanche eta Helene bertan nituen beti, gertu, baina ez zidan gauza handirik kontatu. Ormaiztegiko museoan ikustean konturatu naiz zein interes zuten Blanchek eta Helenek! Familian segituak ziren, baina ez ginen ohartzen zein aitzindariak izan ziren». Hizketan ari dena Amaia Hennebutte da.

Ahots goxoko 43 urteko emakume hau Azkaineko ikastolako irakaslea izatez aparte, haurren munduarekin lotutako arte diziplina desberdinetan aritzen da, ipuin kontalaria eta ilustratzaile oparoa baita... eta beti euskaraz. “Hiru otso”, “Himalayajavakaputazidiburrina”, “Begi Blue”, “Altxalili” edo “Lapiñu” bezalako ilustrazio liburuak kaleratu ditu. Theatre des Chimeres konpainian aritu da eta orain konpainia bat sortu duela iragarri digu, ikuskizun bat prestatzen ari direlarik. «Aita artista zen eta berarekin handitu naiz, Biarritzen itsaso bazterrean zuen tailerrean. Bertan lantzen zuen igeltsua, tinta... horretan handitu naiz, baina nik ez dut formakuntzarik. Aitak egiten zigun margotzen segitu. Txikitatik margotzen eta beti ipuinak idazten aritzen ginen».

Georges Hennebutte: asmatzailea eta artista, baita bizitzan ere. Maite Maniortek senarrak hondartzan aurkitutako enbor batean zizelkatu zuen izurdea dakar eskuetan. Xumea baina ederra oso. Georges Hennebutte (1912-1999) oso presente dago bere emaztearengan. «Miresten du aita», dio Amaiak, zeina aitak 60 eta amak 44 urte zituztenean jaio zen. Ez zen inondik ere garaiko bikote konbentzionala, argi dago, eta hori egiaztatzen du bere alargunak erakusten digun “Le Figaro magazine” aldizkariko orrialdea. 1997ko uztailekoa da, Georgesek 87 urte zituenean: “Hennebutte jaunaren asmakizun zoroak” dio. Ingeniaria zen Georges, baina asmatzaile nekaezina ere bai: surfeko tauletan erabiltzen den txikota edo leach-a –orkatilara lotzen den lokarri elastikoa– berak asmatu zuen... baina beste batek jaso zuen ohorea. 1957an, gurean surfa bere lehen pausoak ematen ari zelarik, Clark amerikar ospetsuak Hennebuttek zeraman lokarriari erreparatu zion. Ea berdina egingo zion galdetu eta «nola ez» ihardetsi lagunak. Leach izena jarri zion Clarkek eta urte berean 150.000 leach saldu zituzten AEBetan. Hona hemen “Le Figarok”: «Hennebutte ez da negozio gizona, baina zerbait gehiago da: hockey txapelduna 30eko hamarkadan, boxeolaria Baionan («Tignus gaiztoa deitzen ninduten»), PUC-eko jokalaria (Paris Universite Club delakoa) eta surflaria, baina horren aurretik eskultore emeritua, Erromako sarirako hautatua eta 1937ko nazioarteko erakusketako Urrezko Domina. Bere aitona kimikaria zen, globo gidatuekin lan egiten zuen, eta aitak Errusiako lehen petrolio hobiak zulatu zituen (Hennebutte izeneko kale bat dago Bakun). Georgesek ezin zuen hala moduzko bizitza eraman».

Biarritzeko etxeko lorategian Georges Hennebutteren beste asmakizun baten aztarnak gelditzen dira. Espadon (ezpata arraina) izeneko salbamendurako ontzia da. «Punta zuen ontzia zen; beraz motorra itzaltzen zuen uhaina aitzin eta, op, uhainaren azpitik igarotzen zen. Orduan, berriz pizten zuen motorra. Oso teknikoa zen eta Biarritzen hogei bat emakumek lan egiten zuten jarri zuen fabrikan», azaldu digu bere alabak. Interneten bilatuta, erraz aurkitu daiteke 1967an Baionan egin zuen erakustaldia... eta ontzia “Gudari” deitzen zen!

Georges Hennebutte Biarritzeko xelebre horietakoa zen, beste erreportaje baterako adina ematen duena. Beste baterako utzita, kanposanturantz jo dugu ama-alabekin Feillet ahizpen hilobiak ikustera.

“Helene eta Blanche Feillet. Emakume margolari aitzindariak XIX. mendeko Euskal Herrian” erakusketa irailaren 9ra arte dago ikusgai Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan (www.zumalakarregimuseoa.eu). Baionako Euskal Museoarekin elkarlanean egindako lagina da eta udazkenean hara joango da.