MIREN AMURIZA
IRITZIA

Eraikin abandonatu hori

Aspaldion eraikin abandonatua besterik ez duzu ikusten inguruan: baserriak bide ertzetan, fabrikak orube desolatuetan, txabolak sasi artean… Obsesionatzen hasita zaude. Fijazio berezia duzu baserri zahar batekin, lanerakoan egunero ikusten duzun horrekin. Behinola zer izan zen imajinatzen duzu, norena. Bizilagunek zergatik eta zelan utzi ote zuten galdetzen diozu zeure buruari: euren borondatez, norbaitek behartuta, ihesean... Hirugarren aukerari tiraka zabiltza; Siriako gerra historia hurbileko exodorik handiena izaten ari dela irakurri berri duzulako agian, edo besterik gabe pelikuleroagoa irizten diozulako. Asteon teilatu zati bat jausi zaiola-eta larri zaude. Ez al du inork berreraikiko edo behingoz eraitsi eta agonia etengo bederen?

Gaur ezin izan diozu deiari entzungor egin, autoa bide bazterrean utzi eta baserri abailduaren atartera joan zara. Ospela. Isila. Hotza. Sitsak jan-jan eginda dauden habeetan txori habiak ikusi dituzu. Atea zabalik dago eta ezkaratzera sartu zara: mahai bat, armairua tapak zabalik, amaraun eta kokoek bereganatutako harraska, txapa ugerra oraindik kafetera zahar bat gainean duela… Sabai zulatutik behera eguzkiaren errainuak doaz, tokatzen ez zaien lekuetatik iragazten baitira hor argiak eta ilunak. Zoruan barreiatuta okupatzaile ezezagunen gorotzak daude eta goroldioa erne da arrakalarik estuenean ere. Kafetera azkenekoz sutan jarri zuenak paradero hori ikusita zer sentituko lukeen pentsatu duzu.

Eta zeu, non bizi zara, bada? Pisu batean? Ez, polita, zeure gorputza duzu bizilekurik behinena. Badakizu, ordea, ez zarela erabat bertan bizi. Alokairuko apartamentu bat bailitzan hartzen duzu udaro zure gorputza; zaintzen ahalegintzen zara, haizatzen, kolore apur bat ematen. Udazkena iristerako, ordea, bertan behera uzten duzu eta lantzean min edo azkuraren batek baino ez dizu gogorarazten samatik beherako eremu hori ere zeurea duzula. Hilabete luzeetako abandonuaren ondoren itzultzen zara maiatzean: egurrezko habeak nola entzuten dituzu hezurrak krakadaka eta ezkaratz zaharreko baldosen antzeko aurkitzen duzu azala; zuri, hotz eta arrakalatua. Beldur izaten zara argi izpiek haragia zulatuko ez ote dizuten, ez ote diren tokatzen ez zaien lekuren batera ailegatuko. Eta artega egoten zara zeure zulotxo ilunen batean atzamar punta sartu eta bertatik kakarraldoren bat irtengo ez ote zaizun.

Gogoetan ari zarela, zaratotsa entzun duzu teilatuan. Zeure burua eskonbroen azpian harrapatuta irudikatu duzu une batez eta segituan alde egin duzu. Autoan sartu, arnasa hartu, eskuak izterretan pausatu… eta zeure bizilekura itzuli zara.