MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Txaleko laranja

Zenbat argazki biltzen ariko dira aurten ere, batez ere hain kamera txukuna duten eta esku-eskura, une batez ere askatu gabe, ditugun telefono mugikorretan (esku-eskura dauzkagulako esku-telefonoa ere deitzen diogun horretan)! Asko, dudarik gabe. Lehen gehixeago pentsatzen genuen kamerari klik egin aurretik.

Zenbat guraso irribarretsu, hondartzan, haurra besoetan, igeriketako lehen ikasgaiak flotagailuarekin eginaz edo “mangitoekin” –horiek ere arrakasta handia dute– haurraren beso banatan bi erroskilla handi balira bezala.

Greziako Kos irlara Siriatik iritsitako errefuxiatuen argazki bat geratuko da iltzatuta, ordea, nire garunean aurtengo udan. Aitak, edo erreskate lanetan ari diren ehunka pertsonetako batek, beso bakarretik tiraka itsasbazterrerantz darama, airean, ontzi pneumatiko batean iritsi berria den umea. Txaleko laranja darama gorputzean haurrak; grisa, ilunagoa, besotik tiraka daraman gizonak. Aurpegi bizkorra, irribarretsua du umeak, pozik dagoela dirudi, edo beste milaka haur bezala, udako egun batean itsasbazterrean olatuetan saltoka eta jolasean ari balitz bezala alai dagoela ere esan daiteke. Ez da bere kasua, ez dabil jolasean baina iritsi da lehorrera, Kos irlara. Bera bezala ehunka pertsona iristen ari dira egunotan Turkiatik eta Siriatik hara. Auskalo beste zenbat iritsi diren azken orduetan eta zenbat hil diren bidean. Haurrak, amak, neskak, mutilak... auskalo! Izan ere, azken hilabeteotan zenbat aldiz ikusi dugu, edo jakin dugu, gertatzen ari dela gauza bera. Milaka pertsona, kasu batzuetan haur txikiak hartuta, itsasoa zeharkatzen... Minutu bat hartu behar genuke haien azalean jarri eta erabaki hori hartzen denerako zer-nolako desesperazioa jasan behar den pentsatzeko, gutxienik sumatzeko.

Europar Batasunak berriz ere, oro har, batere eraginkorrak ez diren unean uneko laguntzak bidaliko dituela esaten jarraitzen du, sakoneko arazoa konponduko duen neurri erabakigarririk hartu gabe. Eta bitartean, mafiek, itsasoak, agintariek eta gutxiegi astintzen garen gainerakook jarraituko dugu gertatzen ari den sarraskiaren konplize izaten, neurri handi edo txikiagoan

Europar Batasunak, Europak eta europarrok arazo handi bat dugu, lotsa apur bat badugu konpondu beharrekoa. Ez du balio pentsatzeak guk ezin genezakeela ezer egin: honetan ere, ziurrenik, gure esku dago hainbat jarrera aldatzea. Gureak bezalako haurrak, gureek nahiko lituzketen txaleko-flotagailuekin, milaka kilometro egiten ari dira une honetan bertan, beste esperantzarik ez dutelako. Esklabotza mota asko daude, eta hau gertuan dugun beste bat da. Euskal Herriko lagun ugari bainatuko ginen aurtengo udan Mediterraneo itsasoan, gugandik kilometro batzuetara beste pertsona batzuek drama izugarria bizi duten bitartean. Drama, batez ere, biziraupena jokoan duten pertsonek bizi dute eta beste konparaketa guztiak lotsagarriak lirateke, baina gainerako herritarrok ere drama bat bizi dugu gure baitan, egoera hau aldatzeko zerbait egiten hasten ez bagara. Lotsatuta!