MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Eternitatea

Amaitu da abuztua, eta ekin diote euskal politikagintzaren aktore nagusiek kurtso berriari. Hasi dira dagoeneko aspaldiko urtetan amaigabeko noria baten gisa hizpide izan diren gaiak, berriro ere, bueltaka. Eta osagarririk falta ez dadin, Hegoaldean hauteskundeak izango dira Espainiako Gorteak aukeratzeko. Kurtsoa berria, baina obrari zahar-kutsua ote darion!

Garai aproposa izaten da uda klasikoetara bueltatzeko eta bada bat inoiz dezepziorik sortuko ez dizunik: Pedro Agerre, Axular, eta hark idatzitako “Gero”. Hizkuntza jasoa baina ulergarria; zuzena baina aldi berean aberatsa; mundu guztiarentzako pentsatua ez dagoena, egileak berak dioen moduan, baina jende asko eta askorentzat baliagarria izan daitekeena; eta, batez ere, ideia nagusia erabat argi izanik («zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak»), helburuak lortzeko bide konkretu eta zehatzak ematen dituena.

“Gero” liburu erlijiosoa izango da, baina erlijioaz harago –edo erlijioaz batera, nahiago bada– garai hartako euskal herrien berri ere gureganatzen du eta badu zentzu filosofiko eta politiko bat ere, erlijioa ez baita inoiz urrun ibili ez filosofiatik ez politikatik. Eta hau ausarta irudituko zaizue, baina badu gainera interes komunikatibo nabarmen bat ere: Axularrek argi dauka zein mezu helarazi nahi dien irakurleei; argi dauka zeintzuk izango dituen irakurle; eta argi dauka mezu horiek nola bihurtu erakargarri eta, aldi berean, eragingarri. Zer gehiago eska dakioke!

Apaiza izanik, Agerrek argi zeukan betiko bizitza ez zela lur honetan eskuratu ahal izango. “Eternitatea” kontzeptu erakargarria da, baina beste mundukoa. Erlijioaren monopolioa, beraz. Euskal Herrian, batez ere, Eliza katolikoaren monopolioa. Axularrek ez zeukan paradisuaz edo infernuaz duda-izpirik, baina argi zeukan ezin dugula pentsatu proiekturik etorkizunerako utz dezakegunik, etorkizunik izango den ez dakigulako. Egin beharrekoak orain egin behar direla! Ez legoke gaizki euskal aktore politikoek Axularren lanari ordu batzuk eskaintzea, itxura hartzen baitiet, askotan, bizitza guztia ez ezik, eternitate osoa ere euren esku dutela pentsatzen dutela. Ulertuko nieke, behar bada, komentu bateko fraide-mojak balira, baina aktore politikoak dira: batzuk, gainera, guk hautatuak eta guk ordainduak. Eta Axularrek ondo zekien moduan, aktore politikoek argi izan beharko lukete eternitatea ez dela mundu honetakoa. Ez daukatela munduko denbora guztia. Gaur egin daitekeena gaur egin beharko litzatekeela, eta, inoiz ez bada une egokia, eta hori bada ezer ez egiteko aitzakia, oso posible dela erabat erratuta ibiltzea.

«Dabillan harriari etzaika goroldiorik lotzen. Ur irakinean eztu uliak pausatzen. Ardurako arropari etzaika zerrenik egiten. Zuhaitz bethakorra, ez du nehork ebakitzen. Baiña alferra, fauna, hutsa, bere sasoiñean jasaiten eztuena, zertako da?». Axular irakurri eta Euskal Herriko politikagintzari begirada bat eginda, itxaropena agortzen hasten zait, eta Kataluniara begira jartzen naiz...