MIREN AMURIZA
IRITZIA

Rita eta elefanteak

Gizakiak hamalau ugaztun handi (45 kilotik gorakoak) baino ez zituen domestikatu XX. mendearen aurretik eta horietatik bost bakarrik hedatu ziren mundu osora: behia, ardia, ahuntza, txerria eta zaldia. Elefantea (nahiz eta oraindik Asiako lurralde askotan lanerako erabiltzen duten) ez dago zerrenda horretan, domestikatua barik, domatutakoa delako. Hau da, animalia domestiko edo etxekotuak kontrolpean jaio eta hazitakoak dira; aldiz, domatu edo bezatuak, libre sortu ondoren atzeman eta hezi dituztenak. Horrexegatik da elefantea (etxe-abereak ez bezala) bere arbaso basatien antz-antzekoa. “Domestikatu” eta “domatu” aditzak latineko domus (“etxea”) izenaren eratorpenak dira, eta biek ala biek iradokitzen dute pertsona batek animalia bat edo batzuenganako (gizakia barne) duen boterea. Aaai, boterea, zigarroari nola tira eta tira egiten diogun metxa tentagarri hori… Harik eta ezpainak erretzen zaizkigun arte. Edozelan ere, domestikotik adina daukagu domadoretik; boladaren arabera zelan sentitzen garen, biktima edo borreroago, huraxe.

Jo dezagun domadore bati begira gaudela eta izena duela, adibidez… Rita. Demagun, umetan zirkura eramaten zuela amak eta body gorri dirdiratsudun emakume baten saioak txunditzen zuela gehien, karpara elefante gainean sartu eta piztiak bere erritmora dantzarazten zituen artistaren ikuskizunak. Ritari erakargarria zitzaion domadorearen posea, baina berak ikara zien animalia handiei eta bestelakoekin egin behar izan zituen proba pilotuak: zapaburuak, dortokatxoa, hamsterra… Demagun ez zuela arrakasta handirik izan, baina laster sumatu zuela pertsonekin zeukala animaliekin falta zuen konexio hura. Apurka-apurka, tresneria kualifikatua garatu zuen bere zereginerako: berba labanak eta esaldi neurtuak, oparitxo pozoidunak, antzezpen sotilak… Inoiz lortu ere egiten zuen nor edo nor bere nahierara moldatzea; gehienetan ezinezkoa izaten zuen ordea eta hauts eginda amaitzen zuen, elefante bati zabuan bultzaka aritu izan balitz legez. Horixe baita domadoreen sindromea: ingurukoak gehiagoko barik maitatu beharrean, etengabe haiek aldatu guran ibiltzea.

Lehentxoago esan bezala, Rita ere domestikatua izan zen domadore izan aurretik. Bere arbaso basatia askoz trankilago biziko zen seguruenik, sindromerik gabe. Historiaurreko Ritak bibotea izango zuen agian; tribukide higuingarriren bat urreratzen zitzaionean, lehoiaren orroa egingo zion irriñoa barik; ez zuen arnasarik estutuko jendaurrean puzker bat ez botatzearren; konplexurik gabe hitz egingo zuen lehenengo pertsonan; eta gozatu elefanteak sabanan libre-libre ikusten. Baina tira, beste kapitulu bat da hori.