MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

«La puta i la Ramoneta»

Kataluniara begira amaitu nuen aurreko astean, Axularren hainbat gogoetak bultzatuta –zenbat kalte sortzen dituen alferrikako luzamendutan ibiltzeak– eta, hara non, datorren ostiralean bertan, irailaren 11n, herri hartako jai nazionala ospatzeaz gain, azken hamarkadotako hauteskunde kanpaina garrantzitsuenari ekingo dioten.

Gutxitan bezala, badirudi karta guztiak ahoz gora daudela. Espainiar Estatuak militarki hasi du kanpaina, Guardia Zibilaren eskutik, nahiz eta itxura judiziala eman; baina bai Espainiak bai gainerako aktore politikoek, modu harrigarrian, onartuta, barneratuta daukate orain aste batzuk ezinezkoa eta legez kontrakoa zena: hauteskunde plebiszitarioak direla hauek, jokoan dagoena ez dela Parlamentu baten osaketa soilik. Kataluniaren izana dagoela kinkan, Felipe Gonzalez beraren esanetan (eta ez du inork zalantzan jarriko espainiar lehen ministro ohiaren unionismoa).

Baina Gonzalezek esandakoak baino askoz interesgarriagoak iruditu zaizkit azken astean beste bi pertsonaiari entzundakoak: Artur Mas, Generalitateko presidentea, bat; bestea, Albert Pont, Cercle Català de Negocis enpresa-munduko elkartearen presidentea.

Pontek dio independentziak ez diela arazorik sortuko herritarrei eta enpresariei; Espainiak Katalunia estatu gisa aitortzen ez badu, bertako herritarrak espainiar bezala tratatu beharko dituela (dagozkien zerbitzuak emanez), edo, bestela esanda, Espainiak Katalunia orain arte bezala tratatzeari uko egiten badio, independentzia aitortzen ariko dela; dozena bat estatuk berehala aitortuko dutela independentzia; Masek ez ziola ekingo bide honi nazioarteko babes nahikoa ziurtatu gabe eta Generalitateak azken detaileak ere prest dauzkala. Gauza asko esaten ditu enpresariak, baina bat benetan deigarria: Espainiak bere DNAn daramala negoziatzen ez jakitea; ahuldadea iruditzen zaiela espainiarrei edozer gauza negoziatzea, eta sekulako hondamendiak sortu dizkiela horrek historian zehar, eta orain ere berdina gertatzen ari zaiela.

Eta Artur Masek esan du amaitu dela la puta i la Ramonetaren jokoan ibiltzea. Fer la puta i la Ramoneta esapidea oso zabaldua da Katalunian, eta hitz horiek entzutean denek ulertzen dute anbiguetateaz, zintzotasun faltaz...ari direla. (Nola esango genuke euskaraz? Aho batean bi mingain? Txapel batekin bi buru ezin estali? Ezin bi nagusiren morroi izan?) La puta i la Ramoneta alboratu eta irailaren 27an zirt edo zart egin behar da, den-dena saiatu arren, Espainiak ez duelako beste aukerarik eman.

Merezi du Euskal Herrira itzultzeak? Axularri azken begirada bat emateak bai, behintzat: «Zer probetxu da bide luzeari lotzeaz, gogo duen lekhura heltzen ezpada? Zer probetxu, untziak betherik eta kargaturik bela ongi egiteaz, baldin portura baiño lehen edo portuan galtzen bada? Zer probetxu etxearen hasteaz, akhabatzen ezpada? Ezta asko ongi hastea, akhabatu behar da».