2017/04/16

enrique menitides
 
«Egunkarietako zuzendariek bidaltzen ninduten lanera, eta ekartzen nien inork egin ez zuen argazkia; azalekoa izango zena»
Igor Susaeta
950_menitides1

Haur bat baino ez zenetik, eta ia 60 urtez, Enrique Metinidesek Mexiko Hirian eta haren ingurumarietan gertatutako hilketa, istripu, lurrikara, sute eta besteren argazkiak egin zituen. Inoiz ez zuen, ordea, erretratu makabrorik egin, eta, gangsterren pelikuletan ikasitakoa aplikatuz, gertatutakoaren drama islatzen, eszena erakusten, ahalegindu zen: «Europan argazkilari artistikotzat naukate», dio. Munduaren luze zabalean eskaini dizkioten erakusketatan, hainbat liburutan eta baita dokumental batean ere dago ikusgai haren lana.

«Egia esan, bi ume haiei asko zor diet...», dio Enrique Metinides argazkilariak (Mexiko Hiria, 1934). Memoria fotografikoa dauka, nola bestela, eta aipatutako bi haiek egin ziotena gogoratzen hasi da. «Zazpi urte baino ez nituen. Jolasean genbiltzan kalean, eta erabaki genuen zazpi solairuko eraikin bateko teilatura igotzea. Bi haur haiek ni baino apur bat nagusiagoak ziren, eta teilatutik zintzilikatu ninduten. Gaixotu egin nintzen. Hil ninduten ia-ia!». Ume moko bat baino ez zen, baina heriotzari aurrez aurre begiratu zion estreinakoz; gero, ia 60 urtez, Mexiko Hirian eta haren ingurumarietan gertatutako tragediak, izan krimenak, suteak, lurrikarak, era guztietako istripuak eta beste erretratatu zituen. Gangsterren pelikulen zalea zen ordurako, ordea –«badakizu, James Cagneyrenak, Edward E. Robinsonenak...»–, eta, hortaz, krimenak ikustera ohituta zegoen. «Nire argazkietan pelikuletan ikusten nuena atera nahi nuen».

Haren aitak argazki kameren denda bat zeukan, eta, negozioa itxi zuenean, Kodak etxeko Brownie Junior modeloa oparitu zion. Tramankulu harekin hasi zen zineman ikusitakoa kalean, mundu errealean, birsortzen. «Nire lehen hildakoa bederatzi urterekin ikusi nuen, polizia-etxe batean: bururik gabeko gizon bat zen. Irudi hark heriotzatik betirako immunizatu ninduen». Teilatutik zintzilikatu zutenean bezala, orduan ere haur bat besterik ez zen. Ondorengo bost hamarkadetan Metinidesek egindako argazkiekin ilustratu zituzten Mexikoko egunkarietako azalak, baina odola beharrean, «eszena guztia» erakusten ahalegintzen zen bera. «Hori zen nire espezialitatea, eta pelikuletan ikusitakoari esker azkar ikasi nuen. Dramaren argazkia zen nirea: jendea negarrez, elkar besarkatzen, errezatzen...». Haren esanetan, «argazki artistikoa» bilatzen zuen. Hala, azken bi hamarkadetan, tragediaren aurrean ume begiradari eutsi zion argazkilariaren erretratuekin erakusketak egin dituzte AEBetan (New York), Ingalaterran (Londres), Danimarkan, Polonian, Japonian... Eta haren bizitzari buruzko dokumental bat ere estreinatu zuten duela bi urte: “El hombre que vio demasiado” (Trisha Ziff).

Ezin disimulatuzko harrotasunez mintzo da Metinides egin dizkioten elkarrizketez. «Mundu guztiko kazetariak etorri dira etxera. Egunkari, aldizkari eta DVD guztiak pilatuta dauzkat». Artean tragedien argazkilaria zen garaiko egunkari batzuk ere badauzka gordeta. «Mexikon inork ez du nik beste publikatu». Bere etxebizitza apaleko egongelan ezer gehiago ez da kabitzen. Brownie Junior kamera, noski, Superman, Tarzan eta gangsterren pelikulen DVDak, familiako kideei ateratako argazkiak, Laurel and Hardyren panpina bana, molde guztietako dekorazio elementuak, jostailuzko hamaika igel txiki... Eta, gizon fededuna izaki, Guadalupeko ama birjinaren iruditxoak han eta hemen barreiatuta. «Jostailuzko igel bat eta ama birjinaren irudi txiki bat eraman izan ditut beti aldean. Lehenak zortea eman dit eta bigarrenak heriotzatik salbatu nau».

Izan ere, elkarrizketan behin baino gehiagotan adierazi du hemeretzi istripu «nahiko larri» eduki zituela lanean ari zen bitartean. «Ibilgailuren batek harrapatzen ninduela, anbulantziak eta suhiltzaileen edo polizien autoak iraultzen zirela, nik autoarekin istripuren bat nuela... Bederatzi saihets hautsi nituen nire ibilbidean eta bihotzekoak ere eman zidan behin. Tokatu zait, gainera, lankideak hiltzen ikustea...».

Etsaiak kideen artean. Zazpi urterekin zazpi solairuko eraikin baten teilatutik heriotzari aurrez aurre begiratu zionetik immunizatuta zegoen. Sasoi hartan maiz piper egiten zuen eskolan, eta, jatorri greziarreko bere gurasoen nahiei kasurik ez eginda, istripuei-eta argazkiak egiten zizkien. «Krimenen bat edo istripuren bat baldin bazegoen, poliziek argazkiak egiten uzten ziguten; orduan gure lagunak ziren». Bederatzi urte zituenean, Antonio Velazquez “La Prensa” egunkariko argazkilariak argazkiak egiten ikusi zuen. «Galdetu zidan ea erakutsi niezazkiokeen nire argazkiak. Gustatu zitzaizkion eta bere laguntzaile bilakatu nintzen». Eta beteranoaren konpainian argazkien edo argazki bereizgarriaren atzetik hasi zen joaten Lecumberri kartzelara, Juarez ospitalera, polizia-etxeetara... 1960an izendatu zuten “La Prensa”-ko argazkilari, eta orduan, 26 urterekin, eduki zuen aurrenekoz soldata bat. «Hasieran, eta urte luzez, musu truk egin nuen. Nire aitak jatetxe bat ireki zuen, eta ez nuen diru behar gorririk. Umea, nerabea nintzela, gauza ederra zen nire argazkiak, nire sinadurarekin, egunkari baten azalean ikustea». “Alarma” aldizkarian jardun zuen, “Zocalo” egunkarian, eta, ondoren, “La Prensa”-n, argitaratutako argazki bakoitzarengatik kobratzen hasi zen. «Egunkariko argazkilariek baino diru gehiago irabazten nuen, nire erretratuak kaleratzen baitzituzten».

Hori dela-eta, lantokian etsai asko zeuzkala azpimarratu du. Behin, “Zocalo”-rentzat lan egiten zuenean, lankideek ura bota zioten errebelatzailera, eta eginda zeuzkan argazki guztiak desegin zituzten. «Sekulako inbidia zidaten. Mexikon, argazkilari eta kazetari gisa nabarmentzen zarenean, etsaiekin segituan topo egingo duzu». Editoreek, berriz, «konfiantza handia» zuten harengan. «Ez nuen inoiz arazorik eduki. Bidaltzen ninduten lanera, eta ekartzen nien inork egin ez zuen argazkia; azalekoa izango zena». Urteetan hamasei orduz lan egin zuen egunero, eta ia lorik ere ez zuen egiten. «Anbulantziek, suhiltzaileek eta poliziek esnatzen ninduten, gainera, desordutan. Etortzen ziren etxera, sirena pizten zuten, eta esaten zidaten: ‘Etorri, ez dakit non istripu bat gertatu dela!’». Etsaiak izan ditu ahotan, bai, baina lagun asko egin zituela garbi utzi nahi du: «Oraindik ere, suhiltzaileek, poliziek-eta ikusten nautenean, edo metroan-eta, kariñoz Niño! deitzen didate». Egindako lana aitortzen diotela, alegia.

Ia 65 urtez tragediari argazkiak ateratzeak ere badu bere alderdi iluna, ordea. Izan ere, oraindik ere anbulantzia batean doala amesten du eta bat-batean esnatzen da. «Lehen ere gertatzen zitzaidan, eta, agian, ez duzu sinetsiko, baina batzuetan ametsean gertatzen zena errepikatzen zen bizitza errealean. Horri esker, adibidez, hiltzetik salbatu nintzen behin. Egia esan, 2001eko irailaren 11ko erasoetan New Yorken egon izan banintz, bertan hilko nintzen, ez bainintzen kanpoan geratuko».

Argazki odoltsuak. Iruditzen zaio gaur egun ezingo lukeela tragedien argazkilaria izan. «Poliziak, lehen, gure lagunak ziren, eta orain, aldiz, gure etsaiak». Mexikoko egunkari batzuek, “La Prensa”-k, “Metro”-k eta “El Gráfico”-k, adibidez, tragedia bati eskaintzen diote oraindik ere azaleko argazkia, eta erretratu hori oso odoltsua izan ohi da. Metinidesek dioenez, «duela hamar bat urte» gertatu zen aldaketa. «Hiriko gobernuko kideak prentsaren lagun ziren lehen, eta eskatzen ziguten hildakorik, odola, ez publikatzeko. Errespetatu egiten zen. Egun, ordea, argazkilariei ez zaie lan egiten uzten; are, kolpatu eta atxilotu egiten dituzte. Oso gaizki erortzen zaizkit PRI alderdikoak, baina Miguel Angel Mancerak (PRD) hirian gertatzen diren izugarrikeriak estali nahi ditu». Pentsatzen du garrantzitsua dela hirian, egunero, 30-40 erailketa gertatzen direla nabarmentzea. «Baina azaletan agertzen diren argazkien %90 tragediaren lekutik pasatzen zen batek edo poliziak egindakoak dira. Prentsak, hortaz, argazki odoltsuak kaleratzen ditu, Mancerari hau esanez bezala: ‘Hor dauzkazu. Nola ez dagoela hildakorik..’».

Metinidesen arabera, sasoi batean bi urtez behin lapurtzen zuten banku bat, bahiketa bat hiru urtez behin gertatzen zen, eta ez zegoen narkoen krimenik. «Baina pasiozko krimenak sarri-sarri gertatzen ziren, suteak ere bai, tren edo autobus istripuak... Horiek egunero. Eta, gainera, jarraipena ematen zitzaien albiste horiei, jendeak gustuko zituelako. Hori bai, inoiz, inoiz, ez genuen egiten argazki morbosorik». Lehen, gainera, haien argazkiei esker, batzuetan hiltzaileak harrapatzen lagundu zutela dio. «Erakusten dituzu oraingo argazkiak mundu osoan, eta jendeak pentsatzen du Mexiko osoa dela halakoa. Tira, dena den, egiatik ere badu zerbait...». Eta uste du baietz, interpreta daitekeela herrialde bat, prentsak argazkien bidez informazioa emateko daukan moduarengatik.

35 milimetroko haren kamera propioa eta filtroak beti gainean eramaten zituen lehen planoari uko egiten zion jatorri greziarreko argazkilariak –«askoz ere nahiago ditut zuri-beltzezko argazkiak»–, eta ahalegintzen zen «dena» erakusten: «Nire argazkietan hiria ere erretratatu nahi nuen: eraikinak, jendea begiratzen, lainoak..». Galdetu izan diote, are leporatu, ea jendea argazkirako posatzen jartzen ote zuen: «Bai zera! Hain zuzen, hor dago koska».

Pena bat dauka. Hegan egiteari izua dio Metinidesek. «Teilatutik zintzilikatu nindutenetik, ezin dut altuera batetik behera begiratu, oraindik ere gaixotu egiten bainaiz». Hori bai, haren argazkietako dezente altuera batetik eginda daude: «Helikoptero edo hegazkin batetik eginda daudela dirudi, ezta?», galdetu dio kazetariari, “101 tragedies of Enrique Metinides” (Aperture) liburuko argazki bat komentatzen duen bitartean. Haren lanekin argitaratutako bildumetako bat da; gehiago daude. Segidan galdera: hegan egiteari beldurrik ez bazenio, munduko beste toki batzuetako tragedien argazkiak egitea gustatuko zitzaizukeen? «Noski!».

Azken urteotan, behintzat, 1998an erretiratu baino kaleratu zutenetik –«ez dut esango zergatik izan zen, ez baitut atsegin inorekin gaizki konpontzea»– , aitortu zaio egindako lana. «Ez nuen lanean jarraitu, ofizio hau oso gaizki ordainduta dagoelako eta inbidiak izugarriak direlako». Haren lana ezagunagoa edo, behintzat, baloratuagoa da Europan. «Bai, hala da. Mexikon, askotan, ez dute zuzen jokatu nirekin... Jendeak pentsatzen du milioiduna naizela! Hemen, gonbidatzen naute hitzaldiak ematera, adibidez, eta nahi dute ni metroan edo autobusean joatea. Aizu, 82 urte dauzkat... Horrelakoa da Mexiko! Baina egia da hemengo argazkilari askok nigana jotzen dutela aholku eske. Beste aldetik, baldintza oso onetan mundu guztiko txokoetara nire lana erakustera joateko eskaintza asko ditut». Ezin, ordea, izua baitio hegan egiteari.

Argazkiek «hitz egin» behar dutelakoan dago, eta irizten dio haren argazkiek, erretratuek, «hitz egiten dutela, zerbait esaten dutela». Horrek harro sentitzeko motiboak ematen dizkio. Ibili osoan, tragediaren aurrean jarrita ere, klik egiterakoan ume begiradari eutsi zion El Niño-k; baina kontuz: «Argazki artistikoa bilatzen nuen nik». Eta berriro dio, badaezpada ere: «Bi ume haiei asko zor diet».

«Hiriko Gobernuko kideak prentsaren lagun ziren lehen, eta eskatzen ziguten hildakorik, odola, ez publikatzeko. Errespetatu egiten zen. Egun, ordea, argazkilariei ez zaie lan egiten uzten; are, kolpatu eta atxilotu egiten dituzte»

«Pasiozko krimenak sarri-sarri gertatzen ziren, suteak ere bai, tren edo autobus istripuak... Eta, gainera, jarraipena ematen zitzaien albiste horiei, jendeak gustuko zituelako. Hori bai, inoiz, inoiz, ez genuen egiten argazki morbosorik»