Ana Isabel Vega
norvegiako kostaldean

Hurtigruten, munduko itsas bidaiarik ederrena

Duela 125 urte lotu zituzten lehen aldiz Norvegiako kostaldeko herrixka guztiak. Orduan, sekulako erronka izan zen eremu basati horretan itsas bidea zabaltzea, erabateko ausarkeria; gaur egun, aldiz, turista askok gozatzen dute bertako paisaia txundigarriez. Itsasontziz egin daitekeen munduko bidaia ederrena dela esaten dute gidalibururik ezagunenek, eta ez da denbora asko behar hala dela baieztatzeko.

Sofan eroso eserita nagoela, Norvegiako paisaia nire begien aurrean labaintzen da, lasai, presarik gabe: “Hurtigruten” gurutzaontziaren leihatea pantaila erraldoi bat balitz bezala, eta filma, basabizitza artikoari buruzko superprodukzioa. Kafe baten edo, orduaren arabera, bermut baten laguntzaz, Hammerfest-eko portua ikustatzen dugu. 1893ko uztailaren 5eko emozio bera sentitzen dut, arnasten dut. Goizaldeko hirurak ziren orduan, eta “MS Vesteralen” ontziaren sirenak hiru aldiz jo zuen. Hots horrek hautsi zuen hemengo eta herrialde honetako kostaldeko beste hainbat leku galduren isolamendua. Etorkizun-argi bat zen, ahula oraindik, ontziaren etorrera ospatzeko moilan zain zeuden herritarrak argiztatzen zituen gauerdiko eguzkiarena bezalakoa.

Esploratzaileen lurraldea da Norvegia, aitzindari ausartena. Nansen, esaterako, bere ontzia hiru urtez izotzean harrapatuta utzi zuena, Ipar Polora heltzen saiatzeko, edo Admunsen, Hego Polorako lasterketan Scot kapitainari irabazi ziona, azken orduko epopeia tragiko eta guzti.

Horri guztiari buruz pentsatzen jarraitzen dut nire sofan jarrita, lehen lerroan, bitartean ontzia uharteak, fiordoak eta gainean glaziarrak dituzten itsaslabar erraldoiak saihesten dabilela.

Itsas bide baten ametsa. Duela 125 urte nabigatzeko teknologia oso urria zen, are gehiago oztopoz beteriko eta oso gutxi kartografiatuta zegoen kostalde makur honetan. Norvegiako Gobernuak itsas bide bat izatea zuen amets, lurrez lotu ezin ziren herrixkak lotuko zituen bide bat izatea. Erronka bota zuen. Munduko beste edozein txokotan inork ez zuen apusturik egingo porrotera kondenatutako ideia baten alde. Baina hau Norvegia da! Ezinezkorik ez dago, edo, behintzat, halako zerbait pentsatu zuen With kapitainak egitekoa onartu zuenean: Norvegia osoa itsasotik lotuko zuen ibilbide erregular bat osatzea. Inork ez zuen uste desafioa gaindituko zuenik, ziur asko Gobernuak berak ere ez, baina 1893ko uztailaren 2an With kapitaina Trondheinetik abiatu zen... eta bere ontzia, “MS Vesteralen” izenekoa, ez zen hondoratu.

125 urte beranduago Bergenen ontziratu gara, hegotik iparrera norvegiar kostalde osoa egiteko. Hurtigruten konpainiako “Midnatsol” itsasontzi modernoan goaz. Sekulako bidaia izatea espero dugu; izan ere, ibilbidea munduko itsas bidaiarik ederrena izendatu du Lonely Planet-ek. Eta ez dakit itsasoak eragindako zorabioa edo sofan hartutako ardo basoa den, baina Bryggeneko moilan gabiltzala dena okertuta dagoela ikusten dut: eskailerak, leihoak, eraikinak ere bai, Hansako Ligako alemanenak ziren biltegi eta lantegiak. Denak okertuta. 1979tik etxe koloredun hauek guztiak Unescoren ondarea dira. Hansakoak Bergenen eta Ipar Itsasoko beste zenbait portutan ezarri ziren 1360. urtean, arrantza negozioa kontrolatuz. Zortzi suteren ondorioz hasierako 25 eraikinetatik seik bakarrik diraute zutik, baina egurrez egindako berreraikuntza hain izan da fidela, ezen eraikin berriak ere beroaren eta hezetasunaren ondorioz mugitu eta okertu egiten diren, barrutik eta kanpotik, eta dagoeneko Norvegiako ikur bilakatu dira.

Flyyen menditik ikuspegi ederra. Handik oso gertu, Flyyen mendira igotzen den funikularrak gauez argiztatuta ageri den hiriaren ikuspegi txundigarria eskaintzen digu. Gure begiradapean dugu hiri osoa; ordu horietan unibertsitateko ikasleek betetzen dute eta itsasoak, beltz eta dentsoak, besarkatzen du. Portuan “Midnatsol” ikusten dut, gure ontzia, munduko ibilbiderik ederrena egiteko promesarekin zain daukaguna. Bidaia hasi da.

1894. urtean, lehen bidaia egin eta hurrengo urtean, With kapitainak nazioarteko turismoari eskaini zizkion “MS Vesteralen” lurrin-ontziko ganbarak. Modu horretan abentura berri bat hasi zen, eta oso urte gutxiren buruan Norvegiako kostaldeko paisaia ederrak mundu osoan egin ziren ezagun.

Egongela panoramikoan, ikuspegia aldatuz doa nabigatzen goazen neurrian. Mendi basatiak, itsasoa sartzen utzi eta fiordoak eratzen dituzten labar sakonak. Harrizko erraldoi hauek lagunduta, Geiranger-era heldu gara; hain zuzen, Unescoren ondare zerrendaren arabera munduan ondoen babestutako naturgunea den fiordora. Hemen dena da ikusgarria: lainoak estalitako haitzak, ortzadarrak osatzen dituzten ur-jauziak, eta “Midnatsol”-eko bidaiariei ongi etorria ematen dieten zeru eta itsaso urdinak. Ontzigaineko terrazan jarrita gaudela, ezinezkoa egiten zaigu horrenbesteko edertasuna barneratzea, eta ababorretik istriborrera goaz, brankatik popara, argazkiak atera eta atera.

Hona helduta, sekretu bat: Geirangerretik abiatzen den errepidea hartuta, fiordo osoa menderatzen duen haitz batera hel gaitezke. Argazkia ateratzeko bertan pausatzea erronka zoroa izan daiteke; ez With kapitainak burutu zuena bezainbestekoa, baina nahikoa Facebook-en eskegi eta “atsegin dut” asko jasotzeko. Izukaitzenentzako aukera da, eta bertigoa baduzu, trakets samarra bazara edo, besterik gabe, zentzuduna izanez gero, hobe duzu inguruan txango bat egitea, trekkingean aritzea edo hurrengo portura, Alesund-era, eramango zaituen autobus bidaia egitea.

Duela mende luze bat, 1904ko urtarrilaren 23ko gau hotzean sute ikaragarri batek herri horretako erdialdeko egurrezko etxebizitza guztiak kiskali zituen. 10.000 lagun geratu ziren kalean, baina biztanle bakarra hil zen. Eskarmentua hartuta, etxe berriak harriz egitea erabaki zuten, harri gogor eta erregaitzarekin.

Trondheim eta Nidaros. Iparralderantz jarraitzen dugu, zazpi uharteren gainean ezarritako hiriko kanalak bisitatu ostean. Terrazatik agur esan diot Alesundi eta Trondheimerako bidea hartu dugu. Hiri dinamikoa da; hemen ere ikasle asko eta Nidelva ibaiaren ertzean –izokinak arrantza daitezke– koloretako etxe zaharrak nonahi. Rockaren Museoa, muino eder bat, ganbak, hondartza... baina bereziki ezaguna da Nidaroseko katedral gotikoa, munduan iparralderagoen dagoena. Horraino heltzen da Nidaroseko bidea, Olav santuaren omenez sortua –han dago bere hilobia–, Done Jakue bidea bezala, baina basatiagoa.

Baina ez dugu horretarako astirik. Ontziak bere bideari ekin behar dio. Ibilbidean zehar kondairazkoak ematen duten paisaiak ikusten jarraitzen dugu. Torghatten mendi zulatua, esaterako, edo Seven Sisters izeneko mendikatea. Haren magalean dagoen Helgelaneko kostaldea munduko politenetakoa da.

Hurtigrutenek aukera ematen du nahi dugun portuan ontzitik jaitsi eta bertan egun batzuk emateko, ibilbideari hurrengo ontzian ekiteko, garraio sistema bat balitz bezala. Egunero egon ohi da ontzi bat. Guk hasierakoan jarraitzen dugu, eta halako batean, bozgorailuetatik Zirkulu Polarra igarotzen ari garela abisatu digute. Mugarria da. Ez da asko falta Lofoten eta Vesteralen irletara heltzeko. Agian horiexek izango dira bidaia osoko eremu basati eta ederrenak, itsasotik zeruraino igotzen diren mendiekin. Eta uretan, baleak! Stoko kaian animalia horien bila doan itsasontzira igo gara. Itsasoari so gaude, eta bat-batean ur-zurrusta batek baleak non dauden erakutsi digu. Ikusgarria.

Tromso eta Kirkenesera jarraitzen badugu, oraindik sorpresa askorekin egingo dugu topo. Stockmarknesen bide bera egin zuten lehen ontziei buruzko museoa aurkituko dugu. Gauzak asko aldatu dira, orain erosoagoa da dena, baina orduan bezala orain ere ez dago zalantzarik hauxe dela munduko bidaia ederrena.