Mikel Arrillaga Bereziartua
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Eskukoa

Abendua hotz bezain lehor iritsi zen urte hartan. Jokin gaztea artilezko txano epela, larruzko eskularruak eta lumadun txamarraren kremailera goraino igota zihoan ikastolatik etxerako bidean, oinak izoztuta. Finegiak ziren, antza, trekkingeko Salomon marroien barruko galtzerdiak zeropeko girorako. Zeruak urdin kolore distiratsua zuen; zelaiak ari ziren poliki-poliki izotzaren zuria galdu eta euren berezko orlegia berreskuratzen. Hala ere, oinetako hotza hotz, bero zihoan durangar gaztea gurasoengana; haserre eta minduta, ez baitzuen batere egun ona izan ikastolan.

Dena olgetarako tartean hasi zen, amak deitu zionean. Nokiaren tonua entzutearekin batera, arineketan abiatu zen frontoiaren ondoko zutabe handiaren atzean ezkutatzera. Beranduegi zen ordurako, ordea. Gelako neska-mutiko gehienak inguruan zituen futbolean jokatzeari lagata, denek argitu nahi baitzuten misterioa: Nolakoa zuen Jokinek? Zergatik ez zuen inoiz ateratzen? Zergatik joaten zen ihesi jotzen hasten zen bakoitzean? Hartu egin behar izan zuen; ia ikusi ere ez zen egiten bere hamaika urteko esku txikien artean, taparik ere ez zeukan-eta.

–Jokin, laztana.. Ama naz… Zelan?

–Ondo ama. Zer gurozu?

–Ez, trankil… Deitzotzut esateko gaur ezingo gariela zure bile joan. Bakarrik etorri bikozu etxera. Nik arratsaldien reuniño inportantie dekot; aitte, barriz badakizu gabera arte ez dala aillegetan.

–Ondo dau, ama. Gero egongo gara.

–Gero arte bai. Hori da zaratie dekozune inguruen! Zer da hori?

Azkar baten eskegi zuen telefonoa mutikoak. Gelakoak ziren barrez eta burlaizez telefonoari buruz sekulakoak esaten. Izan ere, ia denek zituzten eskuan sartu ezineko telefono ikaragarriak, Interneterako sarrera eta guzti, berak eta beste pare bat gixajok izan ezik. Elkarrizketa gaietatik kanpo gelditu zen, besteen planetatik kanpo, planetatik at, baztertuta.

Etxera iritsi eta berehala, hori guztiori azaldu nahi izan zien gurasoei; argi eta garbi adierazi injustua zela oso berarekin egiten ari zirena; derrigor behar zuela eskuko hobea, Interneterako sarrera, You Tube eta Whats App zituena; galduta zegoela bestela. Etxean izeba Iñaxi baino ez zuen aurkitu, ordea. Esan zion ama lanera joana zela eta bazkaria berak emango ziola eta ea zer moduz ikastolan… Gorrotoaren gorrotoz ez zuen batere bazkaldu; ez porru-patata, ez xerra, ez ezer. Gelan sartu eta hantxe gelditu zen atea barrutik itxita arratsalde osoan izebaren haserre eta erreguei garrasi ikaragarriekin erantzunez hasieran, kasurik egin barik gero.

Gurasoak zazpiak aldean iritsi ziren. Ama deika hasi zen, ea non demontre zegoen galdezka. Ordurako Jokinek erabakita zuen: Ez zen gelatik aterako ganorazko telefonoa ematen ez zioten artean. Bi hilabete zeramatzan eskatu eta eskatu alfer-alferrik.

–Jokin, hor zauz? Urten, kokolotxu… Aittek eta bixok sorpresatxu bat dekogu zuretzat.

–Zer sorpresa?

–Esaten badotzut ez da sorpresie ixengo!

–Badakizue ondo zer gurotan…

–Hoixe ba, Jokin, ez zara urtetiaz damutuko.

Harrituta geratu zen erabat mutikoa egongelan aita opari kaxa batekin ikusi zuenean. –Gero eingogu berba izekoari eindakoaz… izan ziren bere hitzak. Gero papera kentzeko eskatu zion. Zabaltzean negarrez hasi zen berriro; pozez, emozioz, ez sinestekoa: iPhone 6-a zen, kolore beltza, arin-arina, mundiala! Behar zuen guztia zeukan, eta askoz gehiago! Gau horretan urduri egon zen. Gurasoek sarritan esaten zioten dirua ez dela zerutik erortzen: Etxe asko garbitu behar izaten zituela amak eta adreilu pila jarri aitak lau sos ateratzeko. –Lan asko eta diru gutxi! Horixe zen aitaren esaldi kuttuna. Hala ere, erosi egin zioten, txoratzen zegoen.

Ohean sartu zenean ezin izan zuen begirik batu. Desiatzen zegoen hurrengo egunean ikastolara joateko. Berea izango zen telefonorik onenetarikoa; jolasetan parte hartzen utziko zioten, planetan eta planetan sartuko zen berriro. Amarekin oinez iritsi zen ordua baino hamar minutu lehenago. Motxilan zeraman. Besteak albotik igaro ziren betiko moduan ikusi izan ez balute bezala. Oso luze joan zitzaizkion lehenengo bi orduak. Gela barruan isilik eta gordeta eduki behar zen eskukoa; andereñoak kendu egiten zuen bestela.

Patiora irtetean amak deitu zion hitzartu bezala. Soinu berria aditzean gelakideek, harriturik, inguratu egin zuten. Jokinek harro atera zuen eskukoa eta amarekin hitz egin zuen labur; nolanahi ere, denek ikusteko adina denboraz. Ez zioten barrerik egin, burlarik ere ez aurpegira. Oihaneren eta Danelen arteko elkarrizketa entzun zuen aldentzen ari zirela:

–Hoixe biher gendun bakarrik; oin baltzak be iPhonagaz ikastolara, zu!

–Bai, gero. Holangorik inon?

Mikel Arrillaga Bereziartua

Eibar (1974). Kazetaritzan lizentziaduna.

Euskara irakasle aritzen da AEKn. Bergarako Idazle Eskolako lehenengo maila egin du aurten.