Iker Bizkarguenaga
garaion sorgingunea

Ajeak uxatzeko bidea ireki dute artasoroan

Ez dira gutxi izango mendeetan zehar Minotauroarekin amets egin duten haur greziarrak. Erdi gizona, erdi zezena, labirinto ilun eta sakon batean kartzelatuta bizi omen zen, eta urtero-urtero dozena bat gazte eta nerabe jateko ematen zizkioten, gehiegi sutu ez zedin, kateak hauts ez zitzan. Argi dago antzinako greziarrek bazekitela umeei beldurra eragiten. Baina XXI. mendeko Ozetan zezenik badago, lasai, ez da labirintoaren bihotzean gordeta egongo, inor galduko zain. Barrundia ez da Kreta, eta ez da behar Teseoren ausardiarik arto arteko zidor horietan sartzeko; ondo pasatzeko gogoa nahikoa da horretarako. Arabako txoko horretan ez dago epika mitologikorik, jostaketa eta dibertimendua baizik.

Izan ere, Garaion sorkuntza artistikorako zentroak eremu eder honetan laugarren urtez martxan jarri duen proposamenaren helburua horixe da, natura, sormena, auzolana eta jolasa elkartzea, eta dena espazio berean biltzea. Espazio horrek labirinto itxura hartzea Estatu frantsesean egindako lorezain artisten ikastaro batean okurritu zitzaien egitasmo honen bultzatzaileei, han ere halakoxeak egiten zituztela ikusita. «Guri ere gogoa piztu zitzaigun», azaldu digu Amaiak Gabilondok, Julia Lopez kidearekin batera Garaionen buru-belarri lanean dabilen lagunak.

Eta, egia esan, argazkiak ikusita edonori sor dakioke bertan galtzeko gogoa. Galtzeko, edo norbere burua aurkitzekoa. Izan ere, artasoro batean batetik bestera bakarrik ibiltzeak introspekziorako tartea ireki dezake. Eta haurrekin joanez gero, gozatu ederra hartuko dute… Izan ere, labirintoa edonori irekita dago, ez dago adin langarik parte hartzeko. «Jolastu, galdu, irteera aurkitu, berriro galdu eta berriro irteera aurkitu nahi duenarentzat da; haur eta gaztetxoak ederto ibiltzen dira, bai eta gurasoak ere», azaldu digu Amaiak, eta hau gaineratu du: «Jolastea denontzat da osasungarria, eta hori natur espazio batean bada, askoz hobeto». Joatekotan, hori bai, oinetako aproposak eta arropa erosoa –eta aukeran, zaharra– eramatea gomendatzen dute.

Labirintoak iraungipen-data du, Garaionek, ez. Labirintoan barneratu nahi duenak 945 06 32 45 telefono zenbakira deitu edo Garaion.eus webgunean sartu eta mezua idaztea du aukera onena, hitzordua hartzeko. Ordutegiari dagokionez, labirintoa irekita dago goizeko hamaiketatik ordu bietara, eta arratsaldeko lauretatik zortzietara, oraindik egunak luze samarrak direla aprobetxatuz. Dena den, ikastetxe edo taldeentzat ordutegi moldagarria eskaintzen dute.

Edonola ere, arto arteko jostaketa kilikagarri honek epemuga dauka, artasoroek ere badutelako. Horrela agintzen du naturaren legeak, eta hilabete honen bukaera arte egongo da labirintoa zabalik. Baina labirintoa ez da Garaionen egiten duten jarduera bakarra, aitzitik, urte osoan zehar hainbat ekimen izaten dira. Besteren artean, sortzaileek beren lana egiteko eta ikuskizunak emateko espazioa eskaintzen dute, Amaiak zehaztu duenez. Gainera, sorkuntzari lotuta, Ipuinen Eguna eta Zirku Eguna antolatzen dituzte, eta asteburuetan kultur emanaldiak izaten dira. Horrekin guztiarekin batera, ikastaro eta tailerrak antolatzen dituzte sorgingunean; adibidez, urrian bioeraikuntzari buruzko bat hasiko da, eta urtero otarregintza garaikidea eta agroekologia lantzen dituzte. Hori gutxi balitz, eskola, aisialdi-talde eta familientzako egunpasak antolatzen dituzte, zirku-tailerrak, natura eta artea lantzekoak, elikadurari lotutakoak, sormena piztekoak… Eta, gainera, Garaionera taldeak gerturatzen dira topaketak, jardunaldiak eta ikastaroak bertan antolatzera. Adibidez, irailaren lehenengo asteburuan Gazte Udaleku Feministak egin zituzten bertan, 150 bat lagun bilduta.

Bestetik, Amaiak aipatu duenez, egonaldietarako txokoa gero eta baliabide gehiagorekin prestatzen ari dira, «dena poliki-poliki», baina etenik gabe.

Natura, artea eta sorkuntza elkarri lotuta. Sorkuntza, natura-zaletasuna eta herri-ondarea gizarteratzeko xedez abiatu zen Garaion Sorgingunea –horrela deitu izan diote beti– duela zortzi urte, eta Amaiak azaldu duenez, naturaren elementuekin gauzak eraikitzea eta espazio naturaletan ekimenak egitea dute gustuko. «Zume biziarekin, kanaberekin, urratsekin, plataneroarekin, hostoekin, garoarekin… eta beste material askorekin, eta, auzolanean, artelantxoak eraikitzea asko egin dugun gauza bat da eta asko gustatzen zaigu», gaineratu du, jarduera horiek guztiak parte hartzaileak izatearen garrantzia nabarmenduz. «Oso prozesu ederra da, askotan egunean bertan eta etorritako lagunekin erabakitzen dugu zer eraiki eta prozesua eta emaitza bera ere harrigarria izaten da denontzat. Bizipen zoragarriak izaten dira», laburbildu du egitasmo interesgarri honetan erabat murgilduta bizi den lagunak.

Amaiak aipatu du, ildo berean, gaur egun naturak ematen dizkigun elementuekin jolas-parkeak ere eraiki daitezkeela, haur, gazte eta gurasoek prozesu horretan parte har dezaketela, eta lan horrek ingurunearekiko harreman estuagoa izaten laguntzen digula. «Horrelako egiturek, gainera, natura gertutik sentitzera eramaten gaitu, eta, adibidez, jolasleku horiek urtaroak bizitzeko aukera eskaintzen digute. Edo beste batzuetan burututako lanak iraungi egiten dira eta horrek erakusten digu bizitzaren iraungarritasunaren inguruan gogoeta egiten. Ezer ez da betirako, eta gogoeta hori egitea sanoa da denontzat», azpimarratu du.

Bestetik, sortze prozesu horretan euskara lehenesten dute Garaionen; erabaki zinez garrantzitsua, oraindik ere gure herrian erdaraz sortu eta ekoiztutakoa euskarara itzultzeko joera nabarmena dagoenean. Honekin batera, Amaiak gaineratu duenez, txoko berezia izan nahi dute sortzaile gazteentzat eta hasiberrientzat, baita emakumeentzat ere. Are gehiago, Sorgingunean lehentasuna ematen diete emakume sortzaileei. Langabetuak ere gogoan dituzte, eta, alde horretatik, lanbide zaharrak berreskuratzeko ahaleginak egiten dituztela azaldu digu aldi berean topagune eta sorkuntza-lantegia den ekimeneko ordezkariak.

Laguntzaileak eta lagunak, babes sare zabala. Esan bezala, egunero-egunero lanean zortzi urte daramatzate Amaiak eta Juliak, baina lan eskerga hori aurrera eramateko laguntzaile talde zabala daukate aldamenean, ekimen desberdinetan parte hartzen dutenak. Horrekin batera, Garaionek elkarte izaera dauka, eta horri lotuta asko dira urte hauetan guztietan “Garaionen lagunak” izatea erabaki dutenak, «gero eta gehiago», Amaiak aipatu digunez. Haren hitzetan, Ozeta eta inguruko herrietako, Arabako Lautada osoko, Debagoieneko eta Gasteizko jende askoren babesa jasotzen dute, eta, egia esan, dagoeneko Barrundiko haur, guraso eta aitona-amona askok ezagutzen dute espazioa, haren erabiltzaileak dira eta egitasmoaren partaide sentitzen dira.

Gainera, Arrasateko Txatxilipurdi elkartea ere bazkide eta laguntzaile handia izan dute ekimenaren sorreratik. Erabiltzen duten etxaldea, berriz, Erkop Arrasaten egoitza duen eta nekazaritzako elikagaien eta zerbitzuen sektoreetan lan egiten duen enpresa taldearena da, eta Behialde kooperatibakoek labirintoan laguntzen diete. Talde-lana, beraz.

Zortzi urte dituzte bizkarrean, baina aurretik beste asko eta asko izan nahi dituzte egitasmo hau altxatu duten Amaiak eta Juliak. Eta etorkizunari begirako planak ere badituzte, noski. «Martxan ditugun jarduerak finkatu eta baliabide egokiz hornitu nahi genituzke –azaldu digu Amaiak–. Krisi garaian jaiotako proiektua gara eta prekaritatean bizitzeaz asko dakigu, baina hortik irteteko irrikan gaude. Antzoki txukun bat, aterpetxe goxo bat, ‘jasotajan’ jatetxe elkartea, eskola duin bat…». Horiexek beren asmoak. Eta horrekin batera, baliabide guztiekin gozatuko duten erabiltzaile, parte hartzaile eta bazkide talde sendo bat finkatzea, Sorgingunea sendo errotu dadin.

Eta, noski, beste ezeren gainetik bilatzen dutena Garaionera gerturatzen den mundu guztia «itzultzeko gogoarekin joatea» da. Hori izango litzateke saririk ederrena, eta, erreportaje honetako argazkiak ikusita, ziur asko ez dute hori lortzeko zailtasunik izango.