IRUDITAN

Hobe barrea eragitea beldurra baino

Argazkian azaltzen diren hiru militar horiek, aitor dezagun, ez dute inor ikaratuko. Egia da serio plantak egiten ari direla, eta eskuetan dituzten pistolak ez direla txikiak, baina... ez, litekeena da horiek ikustean inork hotzikararik ez sentitzea. Eta asko esatea da hori, argazkia San Salvadorren egindakoa baita, El Salvadorreko hiriburuan. Hain zuzen, militarrek urte askoan ikara, mina eta heriotza erruz hedatu duten herrialdean. Hamarkada luze batean diktaduraren armadak eta FMLNren gerrillariek borroka latzak izan zituzten, eta barreak baino malkoak izan ziren nagusi El Salvadorren. Armak, baina, isildu ziren, botopaperek diktadura erditik kendu zuten, eta orain armadaren uniformeak pailazoek janzten dituzte kalean. Irudia San Salvadorreko VI. Umore Jaialdikoa da, Latinoamerikako ehunka pailazo eta clownen arteko anaitasuna ospatzeko antolatzen den ekimenekoa. Egun batzuk eman dituzte elkar ezagutzen eta ikasten, eta inguruko denei irribarrea eragiten. Eta horretarako bada, ongi etorriak uniformedunak!