Alaia Martin
IRITZIA

Hitzaropena

Bizi naizen lurraren DNA eman didazu, lur zaporea ahoan. Gehien maite ditudan pertsonen izenak eman dizkidazu, gehien gustatzen zaizkidan lekuen izenak, nire gorputza begiratzeko letrak.

Txoriek kantuz agurtu nautenean haien presentzia aipatzeko hizkiak eman dizkidazu, udaberri bakoitzeko lehen tximeleta izendatzeko hamarnaka izen eta oinez ibiltzen ikasteko onomatopeiak.

Sabeleko kilimak argitaratzeko bokalak eman dizkidazu, printzipioen arabera bizitzen saiatzeko kontsonanteak, zegokidana eskatzeko aginterazko adierazpenak, nire zaurgarritasunaz hitz egiteko alegiazko esaldiak, etorkizunaz hitz egiteko aditz inperfektuak eta iragana jokatzeko aditz trinkoak.

Ondorioak gaizkirio gisa definitzeko tresnak eman dizkidazu, eta alderantziz, gaizki ongi egiteko gai den norbait dela pentsatzeko zilegitasuna, eta baita zure mugagabeko adierazkortasuna orainaldian lehertzeko erak ere; bertsoak eman dizkidazu.

Zirrikituen artetik sartzen den haize fin-finaren kolore ezberdinetako hotsak oparitu dizkiezu nire belarriei, kafesnetan beratutako t hotsak, bi d-eko hitzak ahoskatzen dituzten bidelagunak, ezpainak berotzen dizkidaten rr-dun hitzak piztu dizkidazu aho-sabaian, eta j egotea jota egotea baino samurragoa dela irakatsi.

Sentimenduen esaldi sinonimoak aurkitu ditut zugan, eta ezpainei hozka egin diet, oskolusteraino, pentsatutakoaren antonimoa esan dudanean. Egin dizkizut nortografia akats batzuk, baina beti jakin duzu une bakoitzean esan behar nuena esaten eta isiltzen. Ahaztutako hitzen ahaztegiak osatu ditut zure entziklopedian.

Eman dizkidazu hitzak eta eman dizkidazu (h)itzaron ezin zuten hitzen aurreko irainak ere. Jaio aurretik ere, sabelean nengoela, han zeunden, beti egon zara hor, arte-joka.

Eman dizkidazu hitzak, eman dizkidazu hitsak, eta ekintzak ere eman dizkidazu. Nire buruari gogor egiteko aitzakia etengabea; astelehenetik igandera, goizeko bederatzietatik hurrengo goizeko bederatziak arte.

Plater konbinatu bat eskatu eta beste bat ateraz gero ezer esateko gai ez den honek, kexu-liburua eskatu izan du, menuan zure hitzik aurkitu ez duelako. Hitza ez jaten irakatsi didazu, eta konplexuak irensten. Ohiko elkarrizketetan gorputz koreografia ikusezina duen honek, keinuz eskatu izan ditu garagardoa, kafea eta kontua, zure hitzak zetozkidanean, beste norbaiten hitzak ahoskatu beharrik ez izateko.

Kontua da, baina, zu ezin zarela eskerretatik bizi, hautu pertsonal izateari utzi behar diozula, lege izan, eta ez dituzula nire hitz hauek bezalakoak nahi; hitzak soberan dituzula eta zenbakiak eskatzen dizkizula gorputzak.