Maria Mendizabal

Bikotekide ohien oroitzapenak saltzeko merkatua Vietnamen

Hilabetean behin. Maiztasun horrekin egiten da Hanoiko erdigunean Old Flames azoka bitxia. Bertan, amaitutako amodio istorioen arrasto eta oroitzapenak pilatzen dira. Hausturak gainditzeko bitartekoa iruditu zitzaion egitasmoaren bultzatzaileari harremanen ostean pilatzen diren opari eta historiadun objektuak saltzeko aukera ematea. Herritarrek ere gustura hartu dute iragana «ahazteko» aukera hau.

Sarri igarotako garaiak ondo erregistratuta gera daitezen ahalegin handiak egin ohi ditugu: argazkiak egin eta jaso; etxeko ganbarak alferrikako traste piloarekin bete... baina zer egin, ahaztu nahiko genituzkeen oroitzapenak dakarzkiguten gauzekin? Horiek saltzea da irtenbideetako bat edo horrela pentsatu dute behintzat Hanoin.

Liburuak, perfumeak, kandelak, arropa. Lehen begiratuan bigarren eskuko ohiko merkatu bat dirudi, baina salgai guztiak amaiera onik izan ez zuten bikote harremanen erlikiak dira. Otsailean zabaldu zituen ateak Old Flames –sugar zaharrak– izenarekin azoka berezi honek, eta orduz gero hilabetean behin egiten da Vietnamgo hiriburuko erdigunean. Bertan, maitale izandakoek aurrean ikusi nahi ez dituzten objektuak saltzeko aukera dute. «Harreman bat eten ostean, triste egon ohi naiz, ez naiz ez edan eta ez jateko gai... baina denbora bat igarotakoan suspertu egiten naiz. Pasatakoa pasata dago eta aurrera egin behar dugu», kontatu du Phuc Thuyk, arropa, poltsak eta, are, bikotekide ohi batek bere etxean utzitako hortzetako pasta saltzen ari den bitartean. Vietnamgo gazteen artean, objektu intimoak saltzea begi onez ikusten da. «Gazteak irekiagoak dira. Partekatu egiten nahi dute, mina gainditu eta ez bakardadean sufritu», dio Dinh Thang-ek, azokaren sustatzaileak. Mahai gainean jarri ditu bere bikotekide ohiak idatzitako maitasun gutunak eta bihotzez apaindutako zorion txartelak.

«Ondo sentitzen naiz!». Arrakasta izan du ekimenak, eta, hori dela eta, Ho Chi Minh hirian beste merkatu bat zabaltzeko asmotan dago. Objektuak pilatzen diren eremuaren erdian oraindik ere haustura gainditu ez duten pertsonek euren bikotekide ohiei mezuak idazten dizkiete. «Nire maitale ohi guztiei esan nahi diet sentitzen dudala, uste baitut ez dugula behar bezala elkar ezagutzea lortu», idatzi du emakume batek mezu horietako batean. Beste batek zulo luze baten osteko garaipen oihua dirudi: «Ondo sentitzen naiz!».

Thangen iritziz, ekimenak lagun dezake jendeak hausturez libreago hitz egiten oraindik ere oso kontserbadorea den gizartea honetan. Ezin da ahaztu orain hogei urte ezkontzak adostu egiten zirela bertan. Azken urteotan gizartea aldatu egin da eta biztanleriaren erdiak 30 urte baino gutxiago ditu.

Beste batzuentzat merkatua bera beste pertsona batzuekin topo egiteko lekua da. «Jendea ezagutzera etorri naiz eta ikustera zein objektu dauden salgai eta zein oroitzapen duten horiek atzean», aipatu du Tieu Khuy-k Jane Austenen “Harrotasuna eta aurrejuzguak” lan ezagunaren kopia bat erosten ari den bitartean.

 


Hausturaren arrastoak museoetan. Museoak, bai, harremanen hausturen arrastoekin museoak ere zabaldu dira. Aitzindarietako bat Kroaziako Zagreb hirikoa da, “Hautsitako Harremanen Museoa”. 2010ean sortua, bertan imajinatzerik ere ez dagoen makina bat objektu dago ikusgai, guztiak herritarrek emanak, Kroaziakoenak lehenik, baina nazioartetik ere jaso zituzten oroigarri ugari. Peluxeak, jantzi gabeko ezkontza soinekoak, barruko arropak, gutunak, argazkiak... Denetariko objektuak topa daitezke bertan.

Kroaziako museoa bisitatu eta ideiarekin liluratuta geratu ostean, John Quinnek gauza bera egin nahi izan zuen eta 2016an zabaldu zituen ateak Los Angelesen izen bera daraman beste museo batek. Bikote harremanen hausturak ez ezik, bestelako harremanak ere aintzat hartu nahi izan dituzte bertan eta hala nabarmendu dute arduradunek: «Hausturak aipatu eta maitasun istorio erromantikoak datozkigu burura, baina hemen denetik sartzen da: bikote harremanak, lagunenak, lanekoak, familiakoak, leku bati edota substantzia bati lotzen gaituztenak...». Atzean utzi nahi ditugun oroitzapen guztien arrastoen bilduma da bertan egin dutena.