Maider Eizmendi
Elkarrizketa
Teresa torns

«Emakumeok gure denbora enplegatzen dugu gizonek lan merkaturako denbora izan dezaten»

Soziologian doktore, denboraren kudeaketan eta genero desberdintasunetan aditu da, bizi-bizi mintzatzen den katalana. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eman ditu eskolak luzaroan, baina egun erretiroa hartuta dago. Pilatutako ezagutza hori, ordea, batean eta bestean zabaltzen jarraitzen du. Martxoaren 8aren atarian, emakumeek zaintza lanei planto egitea baikortzat du, batik bat, arazoa –bere esanetan handia eta urgentziaz heldu beharrekoa– mahaiaren gainean jartzen lagunduko duelako; baina, egun bakarreko ekimenek ez dutela balio mugitu behar den hori mugitzeko nabarmentzen du, «pentsaerak aldatzea asko kostatzen» baita. Baliabideak aldarrikatzen ditu, bai hezkuntza eta osasun arloetakoak eta bai egunerokotasunean guztiz funtsezko diren beste batzuk.

Iristear dagoen Martxoaren 8rako greba deialdia egin dute, bai ordaindutako lanean, bai zaintza lanetan.

Zail ikusten dut, ordea. Ez da lehen aldia geldialdia egiten dela, nagusiki emakumeok egiten dugun lan hori, munduak funtziona dezan beharrezkoa eta ikusezina den lan hori, ikusgarri egiteko. Gogoan daukat orain 25 urte Suitzan etxeko lanetan aritzen ziren emakumeek planto egin eta kalera irten zirela eta adi begiratu geniela. Greba egin zuten bai, kalera irten ziren, baina etxera bueltan egin gabe zituzten horiek egin behar izan zituzten edota etxean ordezkatu zituztenek –gehienak gizonezkoak– ordezkapen lan hutsa egin zuten eta gero beren ohiko egunerokora itzuli ziren. Horregatik diot egun bakarreko ekimenek ez dutela balio mugitu behar den hori mugitzeko; pentsaerak aldatzea asko kostatzen da, izan ere.

Zaintza lanaren inguruan arreta deitzea lortuko da bederen?

Bai, zaintza greba egiten bada, zaintza lana dela onartuko dugu, eta hori, zalantzarik gabe, baikorra da; oraindik bada eta esentzien inguruko eztabaida eta zaintza bera maitasuna dela esaten duenik. Ni nazkatua nago esateaz badirela nire inguruan asko maite ditudan pertsonak, baina horregatik ez diedala ez arroparik garbitzen ez alkandorarik lisatzen. Nire inguruan ahulduak edota laguntza behar duten pertsonak badaude eta ez dakit zergatik zaindu behar ditudan nik emakume naizelako bakarrik. Hori ez da ‘naturala’, baina ez dugu ideia hori haustea lortu eta, nire ustez gainera, feminismoaren ildo batzuetatik esentzialismo ideia hau apur bat indartu egiten da.

Zaintza lanen inguruan dagoen arazoa handia da eta, noski, mahaiaren gainean jarri behar da. Kontuan izan behar dugu ez duela zerikusirik lan merkatuan egiten den lanaren logikarekin. Ez naiz etikaz ari, logikaz baizik. Nik nire lanpostuan, kasurik gehienetan, ordutegi bat daukat, baina zaintza lanak oso logika zorrotza du. Ez duzu egiten ondo datorkizunean edota ordutegi baten baitan, zaindu behar duzun pertsonak behar duenean baizik. Lotua da oso.

Lotua eta emakumeen bizkar erortzen dena ia gehienetan.

Bai. Azken batean emakumeok gure denbora enplegatzen dugu gizonek lan merkaturako denbora izan dezaten; alegia, denbora ematen dugu gizonek lan egin dezaten. Emakumeek aukera ematen diegu gizonei eremu bakarrean egon daitezen, ikusgarritasuna eta balioa duen horretan, hain zuzen. Guztiak ez gara sartzen bertan eta gizonek tokia egin behar dute.

Horregatik jarraitu behar dugu aldarrikatzen zaintza lanak ez direla emakumeen ardura, gizarte guztiaren ardura baizik. Ordutegi eta denbora desberdinak antolatu behar dira, zerbitzuak eskaini... Eguneroko lanetarako baliabideak behar dira eta ez soilik hezkuntza edota osasunarekin zerikusia dutenak. Adibidez, haur bat gaixotzen denean etxe batean ordutegi eta denbora gatazka handia sortzen da, haren ardura dutenean artean erabaki behar dutelako ea zein dagoen ‘libreago’. Normalean, emakumeak hartzen du azkenean bere gain ardura hori. Beste herrialde batzuetan badaude egoera horietan erabil daitezkeen baliabideak, dagokion lekura deitu eta gaixorik dagoen haurra zaintzeko eskatu dezakezu.

 



Gero eta gehiago hitz egin da zaintza lanak partekatzeaz, baina pauso gutxi ematen da.

Ikerketa batzuetan agerian geratu da gizon gazteen artean aldaketa gertatu dela eta aitatasunean izena eman dutela. Horren adierazle da aitatasun baimenak luzatzeko dagoen borroka. Esan beharra dago, hala ere, aitatasunaren alde gozoenera gerturatu direla, zaintza lan horietara. Aitortu behar da, ordea, aipatu azterketa horietan ikusi dela gizon hainbatek borroka egin behar dutela, amatasunaren ideia horrenbeste indartu denez, ez zaielako uzten. Noski, askori primeran etortzen zaie hori. Arazoa zein da? Gaixotasun kronikoak dituzten edota ezgaitasunen batekin jaio diren pertsonen zaintzan amak bakarrik geratzen direla ia; baita helduen zaintza lanetan ere. Emakume asko zaindu behar duten alaba edo errainak dira eta familia tradizio handiko gizartea denez, tabu handia dago gaiaren inguruan. Presio handia dago. Noski, pertsonek zainduak izateko eskubidea dute, baina, aldi berean, emakumeok badugu ez zaintzeko eskubidea eta hori ere aldarrikatu behar dugu, besteak bestea, uste dudalako bere burua zaintzen ez dakienak nekez zaindu dezakeela beste pertsona bat.

Nork bere etxean halako erabakiak hartzea ez da beti samurra izaten.

Noski, arazo konplexua da. Emakume asko daude zaintza lanetan harrapatuta. Pertsonen bizi itxaropena handitu izana, arrakasta da, baina zaintzak gero eta karga handiagoa dakar; kolektiboki antolatu behar da eta pentsaerak aldatu. Nik ‘familia’ hitza entzuten dudan bakoitzean dar-dar egiten dut, suposatzen duelako norbaitengan eroriko direla zaintza lanak, emakumearengan. Hark dirua badu, norbait kontratatuko du horiek egiteko, kasu askotan agian ez modurik eta baldintzarik hoberenetan gainera. Hau guztia antolatu beharra dago. Gaur egun inork gutxik jartzen du zalantzan osasun sistema publiko on bat izatearen garrantzia, zergatik ez dugu izan behar zaintza sistema publiko on bat?

Haurren kasuan aitona-amonak bihurtu dira zaintzaile. Baliabiderik ezean, bakoitzak ahal duen moduan antolatzen du zaintza hori.

Bai, partxeak jarriz, eta horregatik daude egun horrenbeste aitona-amona itota. Arazoa kolektiboa da eta modu kolektiboan konpondu behar dugu, dirua jarriz behar den tokian eta pentsaerak aldatuz. Zaila da bai, baina ez ezinezkoa. Orain arte kolektiboki aldarrikatu ditugun baliabideek bizitza publikoarekin dute zerikusia, lan arloarekin batik bat. Egunerokotasunean sortzen diren arazoak konpontzeko irtenbideak ez dira aldarrikatu, besteak beste, inoren bizitza pribatua dela uste delako.

Zaindu ahal izateko beste bidea lanaldi murriztuarekin edota denbora batez lan merkatutik kanpo egotea da.

Emakume gazteek lortu dute pentsamendua aldatzea eta erakutsi dute ez dela uko egin behar lan merkatuan egoteari, besteak beste, han daudelako eskubideak, prestigioa, independentzia ekonomikorako bidea... baina horrezaz gain ezer gutxi aurreratu dugu. Europan ezkondutako emakumeen gehiengoa lanaldi murriztuan ari da. Zergatik? Modu horretan zaintza lanak ere egin ahal dituztelako. Ordaindutako lana ere konpartitu egin behar da, eta are gehiago gaur egun dauden langabezia tasak ikusita. Noski, lan ordutegia aldatzea ere funtsezkoa da, gaur egungoek ez dutelako bizitzeko aukerarik ematen. Aldatu egin behar dira denbora garestia delako eta oso merke pagatzen delako.

Gainera, eremu guztietara iristen den emakumearen ideia modan dago eta ideia horrek antsietate handia eragiten du, besteak beste, elkartasunik ez dagoelako. Ezin da gainera publikoan ama txar gisa azaldu. Pauta sozial hegemonikoak indartsuak dira eta nahi ala nahi ez bete behar egin dira. Kontuz gainera, ez zaizkizula gustatzen esatearekin. Egun amatasunaren inguruan ezin da eztabaidatu ia eta arazoa da.

Elkartasuna aipatu duzu, sare informalak ere gero eta eskasagoak dira.

Indibidualizazio prozesu gogorrean sartuak gaude eta horrek baliabideak murrizteaz gainera frustrazio handiak eragiten ditu.