2018/08/05

GALDER PEREZ
Uzta(h)ilak!
Ustez hilabeterik beroena den honek kiskal dezala gure azala. Jar dezagun gorputza erdigunean, ez daitezela gure haragi, hezur eta azalak hildako uzta bihurtu, inteligente, birtual eta artifizial.

Uztaila joan zitzaigun eta abuztua ekarri zigun. Hona abuztua, dotore. Atzera begiratu eta hildako uzten zerrenda datorkigu burura, uzta hilak, uztailekoak eta bizitzakoak. Norberaren bizitzan zein kolektibo baten existentzian hil eta ahaztutako uztak. Nostalgiaren arriskuak kolpatu gaitu udako gezi formako izpien bidez. Eta izpiak argitu gaitu eta erakutsi, adibidez, protesta handiak sarean egiten ditugula. Hori dela gure lubaki digitala, birtuala, eta batzuentzat inteligentea. Intsektuak desagertzen doazela kontatzen digute, zer eta gure erruz, gure gehiegizko argi artifizialaren erabileragatik, ia-ia birtuala. Ikurrinak orain souvenir dira, digitalak eta distiratsuak bezala. Entsaladak poltsa edo latetan saltzen dizkigute aspalditik, gure dantzak exotikoak direla sinesten du kamera digitalak. Dantzatzeko ez dugu esku artean diskorik izaten sekula. Ordea, musika entzuten jarraitzen dugu, noski, gero eta anitzagoa, ustez, baina gero eta ezjakinagoak gara, bide batez. Udan ospatzen diren gure jaiek, itxuran, gero eta kolore gehiago izan arren, gero eta usain gutxiago dute, inteligenteak ote dira ospakizunak? Lau lerro laburretan irakurtzen ditugu albisteak, lerroburuekin osatuz bi hitzeko iritziak. Eta usainentzat tokirik ez dagoen honetan, gure gorputzek dagoeneko ez dute izerdirik bota nahi.

Egin dezagun, bada, dena erre eta berriz ere hasteko abuztuko sua. Ustez hilabeterik beroena den honek kiskal dezala gure azala. Jar dezagun gorputza erdigunean, ez daitezela gure haragi, hezur eta azalak hildako uzta bihurtu, inteligente, birtual eta artifizial. Eta mozkor gaudela aprobetxatu dezagun, bai, abuztua den lehorte edo agor sasoi honetan zentzuzko uztak uzteko. Eta zergatik ez, baita zentzugabekoak ere.

Fenix hegaztia izango bagina lez, hildako uztetatik berreraikiko dugu geure izana, izaera eta gorputza. Joandakoaren indarrez sortuko gara, halako abuztu batean. Izerditan jarriko gaituen hilabete bero eta hezean, oihuka kalera irteteko berriz, intsektu berrien ziztaden biktima izateko prest. Haizerik ez badabil ere, hamaika bandera dantzan jartzera goaz. Ortutik ateratako fruituak jango ditugu, lurraren zaporeak gure ezpainak margotu ditzan. Zubien gainean (eta azpian) dantza berriak asmatuko ditugu lehortearen ondoren. Dantzatzeko diskoak geure ipurdian jirabiraka ibiliko dira, popak disko-jogailuak bailiran. Paperezko lerroetan irakurriko ditugu albisteak, orriok gero birziklatzera beharrean sutara botatzeko San Joan amaigabe batean bezala... Eta gure gorputzek izerdi egingo dute berriz ere orduan eta gure gorputzetako isuriak uholde bilakatuko dira.

Hildako uztak akelarrea ospatzeko aitzakia dira.