2018/08/19

GALDER PEREZ
Betweenland
Zenbatek ez ote du hamaika aldiz errepikatu, «we are from... between Spain and France» esaldi nekoso bezain barregarria. Are irrigarriagoa izaten da erantzuna; «oh, yes, of course, Andorra!». Horregatik asmatu genuen aspaldi Betweenland terminoa, gure ametsetako lurralde miresgarria.

Zorionekoak gara oporrak izan ditugulako, edo izan gara, ala izan ginen, jakin gabe berriz izango ote garen. Eta oporretan, berriz ere, izatearen zalantzak eta kezkak aireratu zaizkigu. Izan ala ez izan? Nork esan diezaguke nor garen. Norberak onartzea lehenengo pausoa omen da. Etxean geratuz gero, izateak bere horretan jarraitu ohi du. Kanpora doanak, ordea, nor den (edo izan baden ere) bere buruari galdetzen dio. Galdetzeaz gain, izan nahi dugunok, baina onartuak ez garenok, lau haizetara kontatzeko beharra sentitu ohi dugu. Lurralde eta kultur identitatea puztu egiten da kanpora goazen bakoitzean. Izenarekin batera, gure izana aurkezteko ohitura dugu atzerrian. Askotan gertatzen da aurkeztu diguten horren izena berehala ahaztea. Jatorriarekin ez da gauza bera gertatzen. Iltzatuta geratzen zaigu ezagutu berri dugun pertsona horren herria, horrek suposatzen duen aurreiritzi eta ezjakintasun guztiarekin. Kexatu ohi gara gutaz ezer gutxi dakitelako kanpoan, eta bitartean besteez asko dakigulakoan ateratzen gara gu mundura.

Lerro hauek irakurtzen ari den zenbatek ez ote du hamaika aldiz errepikatu, «we are from... between Spain and France» esaldi nekoso bezain barregarria. Are irrigarriagoa izaten da erantzuna; «oh, yes, of course, Andorra!». Horregatik asmatu genuen aspaldi Betweenland terminoa, gure ametsetako lurralde miresgarria. Jende libre eta euskaldunen paradisuko bizilekua, askorentzat ikusezina den herrialdea. Erantzunarekin baina, aurten sorpresa jaso dugu. Gure betiko leloa errepikatzearekin batera, Katalunia aipatu izan baitigute behin eta berriz. Kataluniar herriak egindako lana eta borroka oihartzuna izaten ari da Europan, bai. Guk, bitartean, txiki eta ikusezin jarraitzen dugu izaten eta etxera itzuli garenean euskaldunok fantasiarekin jarraituko dugun zantzuak agertu zaizkigu. Atzerrian etxearekin amets asko egin genuen, mundua aldatzeko intentzioz ilargipeko hamaika elkarrizketa goxo. Hondarrarekin mila gaztelu sortu genituen eta Betweelandek hori izaten jarraituko duela baieztatu dezakegu orain; gure hareazko eta fantasiazko gotorleku. Pirata herrenek zaindutako urek bustitako bazter basatia izango da gure lurra, iturriei kalimotxoa darien paradisua, hareak kolore zuria duen eta biluzik azal morea eta beltza erakusten duten pertsonen lurralde anti-intra-ultra-transtropikala.

Horrela jarraituko dugu Betweenladen, ume bihurri batek gure lurraldea ostiko batez zapuztu eta desagerrarazi arte. Hori delako askotan sentitzen dugun sentsazioa; putz eginez soilik suntsitzen den ametsa izatea. Iritsiko ote zaigu inoiz tarta handi batean putz egiteko sasoia. Harea atzamarren artean erortzen zaigun bitartean, gure esku omen dago ospakizun eguna. Olatuek errazegi eramaten ez duten harea pilatzen jarraitzen badugu, beharbada, gertatuko da noizbait. Guk izan behar dugulako gazteluei ostikoak ematen dizkieten ume bihurriak. Izan ala ez izan. Etxean ere hondarrezko zalantzak eta kezkak. Ostikoa eman ala ez eman.