Liza Fabbian
Mozambike

Irakaspenak, Gileko Erreserba babesteko

Baso mozketa ilegalek, lur emankorrak lortzeko nekazariek egindako triskizioek edota egur ikatzaren erabilerak arriskuan jarri dute Gileko Erreserba, Mozambikeko iparraldean dagoen biodibertsitatearen altxorra. Triskantzotatik, ordea, irakaspenak atera dituzte bertako bizilagunek eta denbora laburrean, besteak beste, lurren emankortasuna handitzeko eta ikatza egiteko metodoak hobetzen ikasi dute. Etorkizunari argia jarri diote horrela.

022_26Mosam01
022_26Mosam01

Mozambikeko iparraldean dagoen Gileko Erreserbako baso handian lainoen itzalak azkar egiten du irrist. Zerutik begiratuz gero, landareri ozeano bat dirudi, baina biodibertsitatearen altxor hau ere ez dago deforestazio arriskutik salbu. Erreserbako sarrerara daraman bidetxoan bertan topa daitezke denbora luzea abandonatuta daramaten egur enborrak; 2.800 kilometro koadroko babestutako eremu honetan egurketari ilegalek egindako triskantzaren lehen zantzuak besterik ez dira. Pixka bat aurrerago, agintariek konfiskatutako egur-ezpalez betetako kamioiak herdoilduta ikus daitezke, sastraka artean. «2014 eta 2016 artean arazo handiak izan genituen baso-mozketa ilegalekin, baina ordutik egoerak hobera egin du», nabarmendu du Jose Mohamede Dias Gileko Erreserbako kudeatzaileak.

Miombo basoa hauskaitza den eta “Burdinazko Egurra” ezizenarekin ezaguna den zuhaitz espezi batez beteta dago, eta, noski, pagotxa da harrapaketan aritzen direnentzat. «Beste arrisku handi bat, nekazariek sastrakak erretzea edota zuhaitzak moztea izan ohi da», azaldu du Diasek. Izan ere, emankorrak diren lurrak topatze aldera, nekazariek zelaiak zabaltzeko zuhaitzak mozten dituzte. Erreserbaren inguruetan 10.000 pertsona bizi dira egun gutxi gorabehera, baina populazioa hazten ari da eta baliabide naturalen aurkako presioa gero eta handiagoa da.

Iraunkortasuna. Nazio Batuen Erakundeak zabaldutako datuen arabera, urtean zazpi milioi hektarea baso tropikal galtzen dira munduan. Joera hori gelditu nahian, Nitidae gobernuz kanpoko erakunde frantsesak bertako herritarrei nekazaritza iraunkorraren gaineko irakaspenak ematen dizkie. Eguzki beroaren azpian makurtuta, Alexandre Soares 50 urteko nekazaria bere lurrak garbitzen ari da. Urtebetez, lehortearen kontra nola egin irakatsi zion aditu batek, bai eta jakiak modu sostengarriagoan ekoizten ere. «Aholkuak eman zizkidan eta esan zidan laborantzako lurretan zuhaitz batzuk ere utzi behar genituela tarteka; izan ere, erortzean, zuhaitzen hostoak usteldu egiten dira, hurrengo urterako lurrak ongarrituz», azaldu du. Erakundeko aditu Dinis Augustok artoa, juka eta indabak konbinatzen dituzten soroak aztertzen ditu. «Jakiok elkarrekin ereiteak lurraren iraunkortasuna bermatzen laguntzen du; horrela, nekazariek denbora gehiago ematen dute eremu berean eta ez dute lur berriak topatzeko beharrik izaten», zehaztu du. Pixkanaka-pixkanaka, ereiteko modu jasangarriago hori zabaltzen ari da nekazarien artean. Izan ere, sistema probatzen hasi ziren soro batzuetan eta bertan lortutako arrakastak nekazariak konbentzitu ditu.

Egur ikatza. Zuhaitz mozketa ilegalekin eta nekazaritzarekin batera, egur-ikatz produkzioak ere mehatxatzen du Gileko Erreserba, inguruko etxeetan gehien erabiltzen den energia sistema da-eta.

Oinutsik, Luis Aghostino lurrean zulo bat egiten ari da ikatz labe bat jartzeko: egur enbor txikiak ilaratan antolatu eta lastoz eta lurrez estali ditu; goian, zulo bat utzi du eta bertan hasiko du egurra ikatz bihurtzeko prozesua. Alor honetan ere berrikuntzak ezarri dituzte. Labearen beheko aldean airea sartzeko irekiera txikiak egiten ikasi dute, eta, horrela, ikatz gehiago eta kalitate hobeagokoa egitea lortu dute, egur gutxiago erabilita gainera. «Ez da nekezagoa, materialak berdinak dira eta ez du denbora gehiago eskatzen», azaldu du Nitidae elkarteko Alexandre Tregoures adituak. «Egur kantitate honekin zazpi ikatz zaku ere lor ditzakegu. Pentsa, lehen bi edo hiru baino ez genituen lortzen», baieztatu du pozik Aghostinok.

Gileko Erreserbak etorkizunean bertako egoera are gehiago hobetzea espero du, karbono kredituak saldu eta Nazio Batuen Erakundeko Redd proiektuan parte hartuta. «2010etik 2016ra baso mozketak asko murriztu genituen. Gainera, negutegi efektuko gasen isuriak eragotzi genituen abian jarritako alternatibei esker. Isuriak 300.000 tona murriztu ditugu bost urtean, eta, isuri ez den tona bakoitzeko, mailegu bat egin dezakegu, nazioarteko merkatuan bost eta zortzi dolar artean pagatzen dena», azaldu dute erreserbako arduradunek. Kredituon salmentarekin dirutza lor dezaketela uste dute. «Dirua komunitateen garapen sostengarria laguntzeko baliatuko da, baita ingurugiroarekin lotutako beste proiektu batzuetarako ere», nabarmendu dute.