24 ordu, bidean direnekin

«Ametsera» daramatzan infernuko bidaia AEB-etara

Paola, Raquel, Faviola, Sandra, Angel... Euren jaioterria utzi eta gogo txarrez begiratzen dien AEBetara bidea hartu zuten. Etorkizun oparoago baten bila abiatutakoek une garratz eta gogorrak topatu dituzte, ordea. AFP agentziako hainbat argazkilarik 24 ordu eman dituzte Guatemalako hegoaldetik abiatu diren hainbat pertsonarekin. Euren istorioekin eta bidelagun dituzten zenbait objekturekin, klik bakarrean milaka lagunen errealitatea jaso eta izoztu dute horrela.

Veracruzen kokatutako Las Patronas aterpean dago Paola. Bere haurrari titia ematen ari da sortzez Guatemalakoa den emakumea, atzean atzerritarrei bideratutako informazio gune bat duela.

 

 

 

Raquel Padillak 27 urte ditu eta haurdun dago. Penaz dio Hondurasen utzi behar izan duela bere seme zaharrena, baina bere helburua – «erdialdeko amerikar guztiek duten ametsa»– betetzea da: muga igaro eta sabelean duen haurrari eta etxean utzi duenari etorkizun hobea ematea. FM4 Paso Libre elkartearen aterpean dago Jaliskon; bertan jatekoa, lotarako tokia eta laguntza legala eskaintzen dizkiete. Bidea egiten ari diren beste emakume batzuekin egin du topo bertan, tartean, Faviola Lourido 48 urteko venezuelarrarekin. Honek bere telefono mugikorra erakusten du; hor gordetzen ditu etxean utzi duen semearen argazkiak.

 

 

 

AEBetaranzko bidean daudenek nahiz bertako herritarrek eskuz egindako ontzitxo bat erabiltzen dute Mexiko eta Guatemala bereizten dituen Suchiate ibaia gurutzatzeko. Askorentzat zailtasunez beteriko bidaia luzea hasi baino ez da egiten leku honetan, Mexikoko lurralde osoa eta muga bera igarotzeko baitituzte oraindik.

 

 

Boluntario bat Mexikotik AEBetara bidean doazen pertsonei janariz betetako poltsak banatzen.
Gauero ia 300 pertsonak zeharkatzen dute Las Patronas herria. Eskuinean, goitik behera, jende talde bat “La Bestia” izeneko trenera igo nahian. Asmo horixe du Sandrak. Etxean, Hondurasen,  bi seme utzi eta AEBetarako bidea hartu du alaba txikiarekin. Lana bazuen, baina ez zioten familia mantetzeko adinako soldatarik ematen. Soinean gauza gutxi hartuta abiatu da, baina ez zuen bere arrosarioa ahaztu. Hori da, bere esanetan, duen gauzarik preziatuena.

Sarritan, gehienetan, etsigarri gertatzen den eremu hau bestelako istorioen taula ere bilakatzen da tarteka.
Goian, Denisse Luna estatubatuarra eta Raul Varela mexikarra irribarretsu eta pozik beren ezkontza egunean. Texas eta Ciudad Juarez bereizten dituen Rio Bravo ibaiaren gaineko zubian egin behar izan dute ospakizuna. 

 

Goian, AEB eta Mexiko arteko muga. Hori gurutzatzea ametsa da askorentzat, baina infernu ere bilakatu daiteke. Eskuinean, 61 urteko Angel, gordetzen dituen objektu kuttunak erakusten. Bost urte baino gehiago daramatza Cañon del Matadero izeneko eremuan etxola batean bizitzen. Orain sei urte bota zuten azkeneko aldiz AEBetatik. Ez zela berriro muga gainditzen saiatuko erabaki zuen. Baina badira, etsi ez eta hura pasatzea beste asmorik ez dutenak.