Iker Bizkarguenaga
«azken indioak»

Gatibu: soinu berria, betiko estiloa, ohiko arrakasta

Arrakastaren formula ez ei dute ezagutzen, baina duela hamazazpi urte euskal musikagintzan sekulako danbatekoa jo zutenetik goren-gorenean egon dira beti. Gatibu, musika taldea da, puntakoa; eta Gatibu osatzen duten musikariak lagun taldea dira. Eta hori berdin igartzen zaie oholtzara igotzen direnean edo elkarrizketa bat egitean. Ez dira mundura abesti tristeak egiteko etorri, nahiago dute jendea alaitu eta dantzan jarri, eta horretan, duda gabe, maisuak dira.

Entseatu berri heldu dira Alex Sardui, Haimar Arejita, Mikel Caballero eta Gaizka Salazar. Kontzertu mordoa dute aste eta hilabete hauetan, disko berria aurkezteko, eta gogor dabiltza lanean, ikuskizuna fintzen. Hitzordua Astran jarri dugu, herri ekimenak Gernikan duen altxorrean. Txoko batean eseri eta laster konturatu gara oholtzaren gainean bezalakoak direla mahai baten inguruan: adeitsuak, dibertigarriak eta tolesturarik gabeak. Elkarrizketa zena pasadizoz beteta dagoen hizketaldi bihurtu da, eta laster ikusi dugu agertokian entzutea gozamena bada, eurekin berba egitea ez dela gutxiago. Gatibu da, 2002an euskal musikagintzan «musturrek» sartu eta arrakastaz arrakasta dabilen taldea.

Eta hari horri tiraka hasi gara, arrakastarena. Izan ere, zenbait emanalditako sarrerak aspalditik daude agortuta. Pozik egoteko arrazoia. «Bai, halaxe da. Egia da oraindik ez dugula kanpoan jo, eta hori ikusi arte zaila dela neurria hartzea, baina ondo, bai», erantzun du Alexek. «Harrera oso ona izaten ari da. Lehenengo kontzertuetara beste urteetan baino jende gehiago etortzen ari da; Santanako kontzertuetarako duela bi urte baino sarrera gehiago saldu dugu orain, aforoa ere handitu dutelako», baieztatu du Haimarrek.

Aurrekariak, gainera, ez dira nolanahikoak izan, Durangoko Azokan punta-puntan ibili baitziren. Beraien zortzigarren lana, “Azken indioak”, diskorik salduenetakoa izan da, eta jendea erruz bildu da beraien standean. Arrakastara ohitzea erraza dela esaten dute, baina beraiek esker oneko hitzak baino ez dituzte. «Urtetik urtera diskoak saltzen dituzula ikusteak, eta jendeak zure musika entzun nahi duela ikusteak, poza ematen dizu. Azken finean, ez dira garai onenak musika saltzeko, aspalditik ez dira, eta ia anekdotikoa bilakatu da CD bat saltzea. Eta Durangon izan ditugun zenbakiak oso garrantzitsuak dira gu bezalako talde batentzat», aipatu du Haimarrek. Bide beretik, Gaizkak nabarmendu du «nahiz eta bost egunetan goiz eta arratsaldez han egon, lanean», benetan eskertzen dutela jendearen erantzuna. Izan ere, pozgarria, bai, baina neketsua ere bada Landakok proposatzen duen urteroko erronka, ezin da ukatu. «Guretzat lan handia da, baina esker onekoa izan behar dugu, eta jendeari esker finantzatzen ditugu diskoak eta egiten dugu aurrera». Goxotik askoz gehiago izan dute gazitik baino.

Aurten, gainera, pozik egoteko arrazoi gehiago dituzte, esan bezala lan berria aurkeztu dutelako: “Azken indioak”. Eta diskoa sortzeko prozedura ez da ohikoa izan. Izan ere, Atlantikoa zeharkatu eta Ameriketako Estatu Batuetara joan dira grabatzera, Texas estatuko Sonic Ranch estudiora. Galdera, ezinbestekoa da. Zergatik? Hots, zerk bultzatu ditu pauso (edo salto) hori ematera? Nolako esperientzia izan da? Hitza batak besteari kentzen diote. «Esperientzia ona izan da», aipatu du Mikelek; «aldatzeagatik izan zen», azaldu du Haimarrek; «aukera sortu zen, eta hala egitea erabaki genuen», Alexek zehaztu. Gaizkak apur bat sakondu du: «Zerbait aldatu nahi genuen, zerbait desberdina egin. Santi Garcia ekoizlearekin hitz egin genuen, eta berak bi edo hiru estudio planteatu zituen, eta horietatik potenteena hauxe izan zen». Behin martxa hartuta, Haimarrek azalpenarekin jarraitu du: «Santik proposatu zuen, berak baitzituen haren erreferentziak. Estudioa eta bizitokia uztartzea zen gakoa, gu bertara lo egitera, jatera eta kontzentratuta egotera joan ahal izatea. Texasen bazegoen horrelako estudio potente bat, ezaugarri horiek zituena, eta bertara joan ginen. Asekiblea zen guretzat, dirua aurreztu behar izan dugun arren. Baina esperientzia berri bat bizi nahi genuen, betikotik aldendu, disko bat betiko moduan eginez gero, azkenean betikoa aterako zelako. Eta hori apurtu nahi genuen, beste dinamika batean sartu».


Lan «freskoa» atera zaie. Eta lan egiteko modua, desberdina izan al da Gernikatik hain urrun dagoen Far Westen? «Azkenean, plangintza beste estudioetan egiten denaren nahiko antzekoa izan da. Gu goizean jaikitzen ginen, abestia jotzen genuen Santi ekoizlearen aurrean, eta bera egin zitekeenari buruz ideiak botatzen hasten zen. Ordu bat edo asko jota bi ordu egoten ginen jotzen, eta jarraian grabatzera joaten ginen. Eta egun bakoitzean abesti bat egiten genuen. Prozesu guztia oso bizia izan da», erantzun du Haimarrek; «oro har, denbora oso ondo aprobetxatu dugu», gaineratu du Alexek. Haren hitzetan, «oso freskoa» da diskoa, eta «oso praktikoa» grabatzeko prozesua. Izan ere, ekoizleari ez zitzaion gustatzen «abestiei buelta gehiegi ematea; entzun, pare bat kontu esan, eta aurrera». Gaizkak beste elementu bat jarri du mahai gainean, eta nabarmendu du lehenengo aldia izan dela prozesu osoan denak elkarrekin egon direna. «Beste batzuetan, lana dela edo beste zerbait dela ez da posible izan, eta batera egote hori beste puntu positibo bat izan dela uste dut».

Santi Garcia ekoizleak prozesuan jokatu duen papera aipatu dute pare bat aldiz, eta berari buruz galdetu diegu. Izan ere, eskarmentu handiko pertsona da bera musikagintzaren esparruan. Zenbatezinak dira haren eskuetatik pasa diren taldeak, eta hori, nolabait, gauzak txukun aterako diren bermea da. Nolatan jo zuten harengana? «Gu –erantzun du Haimarrek– ekoizle baten bila hasi ginen, eta aukerak zeintzuk ziren begiratzen. Noski, zuk mundu honetako titan bat kontratatzen baduzu, dirutza eska diezazuke… eta guk dirutzarik ez genuen ordaintzeko. Gure aukeren barruan, gure lagun batzuek bera ezagutzen zuten; Berri Txarrak taldeko jendea ezagunak eta lagunak dira, berarekin lan eginda daude, gure managerrak ere ondo ezagutzen du Santi, eta konfiantzazko tipoa eta oso ona dela esan zigun. Erreferentzia onak jaso genituen. Eta ze talde ekoitzi dituen ikusita, ba derrigorrez zer egiten duen jakin behar duela pentsatzen duzu».

Eta, emaitzarekin pozik? «Bai… beti egoten dira kontuak disko bat egitean, baina emaitza ona izan da», aipatu du Alexek, eta berriro Haimarrek gaineratu: «Eman dugun denborarako, grabatzeko zazpi egun izan direlako, emaitza oso ona izan da. Sonoritate aldetik desberdina da, baina hori nahi genuen, beste lanekin alderatuta desberdina izatea. Eta, antza, jendeari gustatzen zaio». Eta ez dago hori baino epaile zorrotzagorik.

Aurrekoekin alderatuta sonoritate desberdina dauka, beraz, “Azken indioak” lanak. Baina taldearen estiloa, marka, ohiko bidetik al doa? Oro har, nolakoa da diskoa? Hasperen moduko batzuk entzun dira; normala, ez baita erraza norbere lana baloratzea... «Galdera zaila izaten da hori. Azkenean diskoa ateratzen den modukoa ateratzen da. Nik uste dut hor dagoena taldeak jarraitzen duen ildo bat dela, lehenengo diskotik mantentzen dena, eta horretan jarraitzen dugula», baloratu du Alexek. Azken finean, onartu dutenez, argi dago Gatiburen estiloa erraz identifikatzen den horietakoa dela. Haimarrek horrela laburbildu du erantzuna: «Alexen ahotsak asko markatzen du gure musika; ezaugarri identifikagarri nagusia hori da, ahots propioa duelako, berezia. Baina gero, horren barruan forma, estilo eta ropaje aldetik, bai izan dugula aldaketa bat, nahita. Ez zaigulako gustatzen beti gauza bera egitea. Besteak beste, geure burua ez aspertzeko. Gu geu gara, eta izaten jarraituko dugu, baina saiatzen gara, baita ere, denbora berrietara moldatzen. Musika aldetik gure inguruan pasatzen diren gauzak entzuten ditugu, horrekin blaitzen gara, eta nabaritzen da».

 

Lekurik kuttunena, harritzen zaituena. Eta behin definizioetan sartuta, nola izendatuko luke Gatibuk bere estiloa, aldaketak eta moldaketak gorabehera, denok hain ezaguna duguna. «Estilo alaia dela esan daiteke», bota du Mikelek, «kontzertuetan ere alaiak izaten saiatzen gara, dantza eragiten». Rock-dance, deskribatu du Alexek. Haimar bat dator: «Gure musika entzutean izaten den sentsazioa ez da tristea, edo malenkoniatsua, ez da gauza astun bat. Gauza energikoa, alaia, koloretsua, argitasun handikoa izaten da. Mezu positiboa egoten da beti, hori da gure ardatza. Orain ez gara hasiko kanta astunak eta negar egitekoak egiten, hori ez da gure estiloa».

Eta estilo alai horren eskutik, dantzarako gogoa. Gatiburen kontzertuetan nekez egon daiteke inor geldi, begira edo ozta-ozta buruari eraginez. Dantza eragiteko joera berezkoa duten galdetzen diegu. «Zuzenean errazagoa da jendea dantzaraztea, izan ere, Alexek dantza asko egiten duenez, hori kutsatu egiten da, jendeak dantzarako joera hartzen du. Baina musika hutsarekin desberdina da, musikarekin dantza egiteko gogo hori helarazi egin behar duzu, eta entzuleak jaso behar du. Gu, batez ere azken diskoetan, musika apur bat dantzagarriagoa egiten saiatu gara. Azkenean, prezio berdinagatik dantza ere egiten baduzu, ba askoz hobeto». Aitortu behar da argudioak ez duela bueltarik.

Kontzertuei buruz hitz egiten hasi dugu hitzordua, eta kontzertuetara itzuli gara, baina kanpora begira jarrita. Izan ere, hamazazpi urte hauetan Euskal Herriko ia txoko guztiak ezagutzen dituzte, baina beste herrialdeetan ere ibili dira. Alde horretatik, ba al dute leku kuttunik? Alexek hauxe azaldu digu: «Hemendik kanpora 100 edo 150 pertsonaren aurrean jotzen duzunean, Londresen bezala, 200 pertsona izan genituela, edo Madrilen, hasieratik konexio berezi bat sortzen da, ohikotik desberdina dena», eta ondorioztatu du berarentzat leku kuttunak «harritzen zaituztenak» direla. «Madril batera joan eta 400 pertsona ikustea… uf, ze ona! Edo Sevillan…». Haimarrek lekukoa hartu dio. «Askotan kanpora joaten zarenean ez dakizu zer pasako den, eta hori ere polita da, zeren hemen azkenean arraina salduta egoten da. Baina kanpoan desberdina da. Udan, adibidez, Manresan jo genuen, hango Aste Nagusian edo, eta pasada bat izan zen, sekulako anbientea egon zen, kristorena. Eta pentsatzen duzu, ‘nire etxetik 500 kilometrora nago, eta hemen jende piloa dago, gu ikusten’, oso polita da hori».

Hau esanda, Gaizkak ñabardura sartu du. «Dena den, oraindik lan handia daukagu kanpora begira. Hemen, Euskal Herrian, nahiko ibilbide handia daukagu egina, baina kanpoan berandu hasi gara». «Inoiz ez da berandu», ihardetsi dio Alexek, barrezka. «Ez, ez da, baina hasieratik kanpora joaten hasi izan bagina orain Madison Square Gardenen jotzen ibiliko ginateke», gaineratu du Haimarrek. Barreak algara bihurtu dira. Amerikara itzultzea gustatuko litzaiekeela aitortzen dute, Argentinara, edo Mexikora. Eta horretaz ari garela, 2012an Irlandan egindako bira aipatu dugu, izan ere, bertan, Corken hain zuzen, bat egin genuelako musikariek eta kazetariak. Eta ordu laurden ematen dute pasadizoetan igerian. Argi dago Irlandara ere oso gustura itzuliko liratekeela. Eta nor ez?


Euskal musikagintza eta ohitura aldaketak. Gatibuk 2002. urtean atera zuen lehen diskoa, “Zoramena”, hamazazpi urte daramate, beraz, agertokietan. Denbora honetan guztian aldaketarik sumatu ote duten galdetu diegu; publikoan, taldeetan, musikagintzan... Alexek aipatu du orain lan egiteko baldintzei dagokienez kontzientzia handiagoa dagoela, eta horrekin batera nabarmendu du «gauza berriak egiteko ilusio handia» duten talde gazteen presentzia. Baina Gaizkak beste hausnarketa bat sartu du, egungo testuingurua islatzeko. «Kontzertuak eman eta jendea gerturatzea kostatzen zaien talde asko badagoela ere egia da. Errealitatea hori da. Zorionez, guk eta beste bakan batzuek zorte handia daukagu eta gure kontzertuetara jende asko etortzen da, baina panorama ez da horrelakoa, jendea kontzertuetara erakartzea asko kostatzen da».

Gai honek soka luzea dakar, eta Haimarrek bat egiten du «lehen kontzertuetara jende gehiago mugitzen» zela esatean. «Nik 18 edo 20 urte nituenean, Bilbon banengoen eta Kafe Antzokian πLT-k jotzen bazuen, hara joaten ginen ikustera. Edo beste edozein talderekin. Orain hori ez da gertatzen, ohiturak aldatu egin dira», azpimarratu du. Ildo honetan, talde hasiberriek bakarrik ez, abeslari ezagun askok gaur egun dituzten arazoak aipatu dituzte, jendea mugitzeko, musikariei ordaintzeko... «Euskal musikan gauza ez dago koheteak botatzeko moduan. Talde batzuek badaukagu oraindik babes hori, jende bat gure atzetik, baina edozein lekutara joaten zen masa kritiko hori dagoeneko ez dago. Nik uste dut gazteenganako transmisioan zerbait txarto egin dela», ondorioztatu du. «Proiektu asko dago, talde berriak daude, baina zaila dago kontua», gaineratu du Gaizkak, eta berak gertu duen kasu bat aipatu du: «Nik bi iloba ditut eta kontzertuetara joaten dira, baina hori arraroa da. Gaur, 17 edo 19 urteko gazteak gaztetxe batera, areto batera joatea... hori ez da gertatzen. Lehen ohitura hori bagenuen, orain ez». «Jaialdietara bakarrik joaten dira», arrapostu egin du Mikelek. «Bai, hori modan dago –Haimarrek arrazoia eman dio–; hitzordu handietara joatea, 3-4 egun, kanpin dendan… Fenomeno masiboek funtzionatzen dute, baina hortik kanpora gelditzen denak, nahiko gutxi». Eta zer dago horren guztiaren atzetik? Ez da galdera erraza. «Gauza asko direla uste dut. Internet, musika kontsumitzeko ohitura berriak, lehen baino aukera handiagoak dituztela…». Baina, modu batera edo bestera, ondorioa esandakoa da: «Gazteek oso gutxi ezagutzen dituzte euskal taldeak. Lauzpabost bai, baina hortik aurrera…».

Edonola ere, esan bezala, beren kasua oso bestelakoa da, lehen diskotik arrakasta handia izan baitute. Hasi zirenean, horrelakorik espero al zuten galdetu diegu. «Ez, espero ez», aitortu du Haimarrek. «Alex eta ni hasi ginenean, berak bazeraman jada urte mordo bat geldi, eta errepertorioan Exkixuren abesti batzuk ere jotzea pentsatu genuen. Baina azkenean bi bakarrik sartzea erabaki genuen». “Amaiur” eta “Agur” izan ziren abesti horiek. «Alexek tiroi handia bazuela bagenekien, baina ez genekien disko berri baten aurrean jendeak nola erantzungo zuen. Egia esan, ideiarik ez genuen. Horrelako kasuetan, batzuetan funtzionatzen du eta beste batzuetan ez. Porrot entzutetsuak egon dira».

Ez da Gatiburen kasua izan, ordea. Zergatik? Zein da bere sekretua? «Orduan ez zegoen guk egiten genuena egiten zuen beste euskal talderik. Guk rock zuzena proposatzen genuen, letrak bizkaieraz, eta, aldi berean, melodiak oso poperoak ziren, entzuteko errazak. Agian hortik etorri zen arrakasta. Baina inoiz ez dakizu zein izan daitekeen formula. Jakingo bagenu!». Harri filosofalaren tamainako aurkikuntza izango litzateke, bai.

Formularik ez, baina arrakasta, bata bestearen atzetik... «Tira, bigarren diskoa ez hainbeste», bota du Gaizkak, irribarrez. «Lehenengoa pepinazoa bada, bigarrenean badakizu, beti gertatzen da halako zerbait», gaineratu du Mikelek, azalpen gisa edo. «Noski –jarraitu du Haimarrek–, lehenengo diskoan denbora guztia daukazu ateratzen duzun arte. Baina lehenengotik bigarrenera urte bat edo bi izaten duzu, eta orduan, nahiz eta diskoa ondo landu, egin genituen gauza batzuk, erabaki batzuk, agian ez ziren egokienak izan». «Baina disko ona da», zehaztu du Mikelek, badaezpada; «bai, gu pozik gaude», Haimarrek berriro.

Iraganak iragan, etorkizunak furgoneta itxura dauka. Kilometroak erruz egingo dituzte aurten. Nola eramaten da hori? «Bakoitzak ahal duen moduan, bizitza moldatuz, momentu hauek izateko», dio Alexek. «Bai, batzuek lana utzi behar dugu, beste batzuek seme-alabak aldi baterako… gogorra da bidaiatzea. Pozik goaz, baina furgoneta gogorra da», baieztatu du Haimarrek.

Disko berriko “Salto!” abestian bizitzak ez duela atzera egiten esaten dute. Eta, beraiek, inoiz atzera begiratzen al dute? Ezeren damurik al dute? «Momenturen batean malenkonia edo halako zerbait egon daiteke, baina neurrian, gehiegi ez», erantzun du Alexek, azkar. Eta Haimarrek, errematea: «Ez gara atzera begiratzekoak. Tira, niri gustatuko litzaidake hogei urte izatea orain dakidan guztiarekin (barreak berriro ere, ozen), baina ez, ez gara atzera begiratzekoak. Zortea izan dugu, hemen gaude, osasuna daukagu, bizirik gaude, ez da gutxi, eta musika egiten jarraitzen dugu. Zer gehiago nahi dugu? Loteria tokatzea? Nola begiratuko dugu atzera, taldea gero eta hobeto badago?». Horra, elkarrizketa guztiko galderarik onena.